Ikasturte hasierarekin Irungo dantza taldeek euskal dantzetan trebatzeko aukera berria eskaintzen dute

Ikasturte hasierarekin Irungo dantza taldeek euskal dantzak ikasteko ikastaroak eskaintzen dituzte. Kemen eta Eraiki dantza taldeek hastear dituzten eskolak noiz eta zeinentzat izango diren azaldu dute. Horrela, bi dantza taldeek Irungo biztanleak dantzara gonbidatu dituzte.

Eraiki dantza taldea

Behobiako Eraiki dantza taldeak 5 urtetik gorako haurrentzako eta gazteentzako ikastaroak proposatzen ditu, beti ere ikasturtean zehar haurrek 5 urte betetzen dituztenean. Eskolak talde txikietan eta esperientzia duten monitoreekin emango dira. Entseguak Behobian taldeak duen egoitzan emango dira.

Urtean zehar Eraikik ekintza ezberdinak antolatzen ditu: Iñudeen eta Artzaien konpartsa, emanaldiak, irteerak, etab. Ikasturte honetan Eraikin izena ematen duten dantzariek ekintza horietan guztietan parte hartzeko aukera izango dute.

Eskainitako ikastaroei buruzko informazio gehiago eskuratu edo izena emateko deitu 688685063 (Itsaso) telefono zenbakira edo idatzo eraikidantza@gmail.com helbidera.

Kemen dantza taldea

Kemen dantza taldeak 6 urtetik gorako haurrentzako euskal dantza ikastaroak proposatzen ditu hastear den ikasturterako. Eskolak Adaxka dantza eskolaren bitartez emango dira. Adaxka dantza taldea Kemenen harrobia da. Bidasoaldean haur eta gazteei dantzan hezteko eskaintza egiten diete, eremu ezberdinetan dantza eskolak antolatuz. Egun, dantza eskola hauek Hondarribiko Talaia ikastola eta musika eskola, Irungo Txingudi, Elatzeta eta Eguzkitza ikastetxeak eta noski Kemenen egoitzan antolatzen dira.

Kemen dantza taldeak hainbat ekintza antolatzen ditu ikasturtean zehar: Inauterietan Kauterak, Euskal Herri Inauteria, Puska Biltzea eta beste dantza saio batzuk.

Adaxkak eskainitako ikastaroetan izena emateko edo zalantzak argitzeko kemendt.com webgunea kontsultatu edo 688920160 telefono zenbakira deitu behar da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude