40 urteetako dantza amaigabea

Eraiki dantza taldeak 40 urte bete ditu

2018 urtean 40 urte bete dira Eraiki Dantza Taldea sortu zenetik. 40 urte horietako garai ezberdinetan Eraikiren parte izan diren adin guztietako dantzariak elkartzeko asmoarekin, irailaren 22an ekintza ugari antolatu ziren taldearen urteurrena era berezian ospatzeko.

Ekitaldiak irailaren 21ean, ostiralean, abiatu ziren Behobiako parrokian taldeko hildakoen oroitzapenerako ospatu zen mezarekin. Bidasoaldeko Abesbatzak parte hartu zuen mezaren ospakizunean eta, meza bukatutakoan, dantzariek agurra dantzatu zuten.

Urteurrenaren ospakizunerako antolaturiko ekintza nagusiak irailaren 22an, larunbatean, aurrera eraman ziren. Goizeko 11:00etan bildu ziren dantzariak taldearen lokalaren alboko plazatxoan. Hamaiketakoa egin ostean, Elizatik hasita auzoko kaleak kalejiran zeharkatu zituzten. Ibilbidean dantzarako bi etenaldi egin zituzten, plaza berrian eta lokalaren alboko plazatxoan. Gainera, egun osoan zehar, Behobia Futbol Taldeko kideen laguntzari esker, plazatxoan txosna martxan egon zen, egun eguzkitsuan leher egindako dantzarien egarria asetzeko.

 

Dantza saioen ostean, indarra hartzeko, bazkari eder bat ospatu zen plazatxoan kokaturiko karpa handi batean. Antolakuntzatik bazkarian 200 pertsona inguruk parte hartu zutela kalkulatzen dute. Bazkariaren ostean festak aurrera jarraitu zuen, Jaiki Hadi erromeria taldearen emanaldiarekin. Egun osoan zehar taldeko kideak diren dantzariek, dantzari ohi, lagun eta senideekin dantzak eta oroitzapenak partekatzeko aukera izan zuten.

Ospakizun egunaren ostean, Eraikik taldea aurrera eramateko lanean jarraitzen du. Irailaren 14tik 16ra dantzari helduen taldeak Veronan ospatutako Tocati jaialdian parte hartu zuen, euskal dantzen esentzia Italian ezagutzera emateko. Gainera, irailaren 21ean kurtso berriari hasiera eman zioten eta ikasturte berria prestatzeko lanean hasi dira jada.

Urte luzeetako lana
Eraiki taldea 1978 urtean sortu zen Behobia auzoan kokatutako Bentoenea baserrian. 8 eta 12 urte bitarteko gazteak izan ziren taldeko lehen dantzariak. Entseguak baserriaren sotoan egiten ziren eta baserriaren ganbaran, berriz, dantzarako erabiltzen zituzten jantziak gordetzen zituzten. Urteak pasa ahala, dantzari kopuruak gora egin zuen eta taldeak baserria utzi behar izan zuen. Ordutik, Behobiako eskola zaharreko lokaletan egungo taldekideek lanean jarraitzen dute, etorkizunean Eraikik osasun onean urteurrenak ospatzen jarraitu dezan.

Maialen Alonso eta Itsaso Aranburu, taldeko monitoreak:
Jende asko animatu da goizeko dantzetan parte hartzera eta adin ezberdinetako dantzariak elkarrekin dantzan ikusi ahal izan ditugu. Gaurkoa egun oso berezia da momenturen batean Eraikiren parte izan diren pertsona guztientzat. Jendea dantzatzeko gogo handiekin etorri da eta, dantzei esker, iraganeko adiskidetasunak eta elkarrekin bizitako momentuak gogora ekartzeko aukera izan dute.

 

Iker Manterola, taldeko dantzari ohia:
Harrituta gelditu naiz Eraikiren 40 urteak ospatzeko antolatu den guztia ikusita. Aspaldian ikusten ez nituen taldekideekin elkartzeko aukera izan dut. Eguna handia iritsi aurretik, dantzak gogoratzeko egin ditugun entseguak oso politak izan dira. Lagunartean dantzak gogoratzeaz gain, taldean bizitako momentu bereziak gogoratzeko aukera izan dugu.

 

Garoa Igiñiz, taldeko dantzari ohia:
Lesio bat dela medio denbora asko pasa dut dantzatu gabe, baina, dantzatzea asko gustatzen zaidanez, oso polita izan da gaurko egunean dantzatzea atsegin duten hainbeste pertsonekin elkartzea. Egunean zehar ezagutzen ez nituen aurpegi berri askorekin topatu naiz eta, horrek esan nahi du, 40 urte hauetan Eraiki taldetik jende asko pasatu dela eta hori ikusteak asko pozten nau. Gainera, bazkarian aspaldian ikusi gabeko jendearekin bazkaltzeko aukera izan dut.

 

Koldo Ribera, “40 urte, hamaika dantza” ekitaldiko antolatzailea:
Gaurko eguna gauza askoren erakuslea da aldi berean, baina, beste gauza batzuen artean, taldean garrantzitsua izan den jendea berriro elkartzeko aukera izan da. Urte guzti hauetan taldearengatik bere denbora librea sakrifikatu duen jendea egon da, baina, horri esker, adiskidetasun eta harreman politak sortu dira hemen. Gaur hori ospatzera etorri gara. Gainera, 40 urte bete ostean, taldeak etorkizuna duela ikusten da, beraz, gaur egun taldean lanean ari dinei babesa erakusten jarraitu behar dugu.

 

Iker Molina, taldeko dantzaria:
Gaurko egunerako antolatu dena oso polita dela iruditzen zait. Izan ere, gaurko egunean belaunaldi ezberdinak elkartzeko ideia oso aproposa dela uste dut, izan ere, taldea martxan jarri zutenek taldekide berriekin dantzaz disfrutatzeko aukera izan dutelako. Eguna dantzan hasi dugu, ahaztutako gauzak gogora ekarriz eta egunean zehar hemen elkartu garenek oso ondo pasako dugula uste dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude