Inmobiliaria Urme Txingudi Korrika: 20 urte muga lasterka zeharkatzen

Urriaren 6ean, larunbatean, ospatuko da Inmobiliaria Urme Txingudi Korrika. Lasterketaren 20 edizioa izango da aurtengoa eta, aurreko edizio guztietan bezalaxe, Txingudi Badia osatzen duten hiru hirietatik igaroko da. Aurtengo edizioaren nobedade nagusia Txingudi Korrikan behin erabiltzeko dortsal txipak erabiliko direla da.

Azken zazpi urteetan bezala, Txingudi Korrikaren aurtengo ibilbidea ere 10 kilometrokoa izango da. Hendaiako Florida kaian kokatuko da lasterketaren abiapuntua eta, Irungo erdialdeko kaleak zeharkatu ostean, Hondarribiko Hondartza kiroldegiaren kanpoaldeko atletismo pistetan egongo da helmuga.

Aurtengo nobedade nagusia lasterketan behin erabiltzeko dortsal txipak erabiliko direla da. Izen-emateak 13 euroko prezioa izango du aurten eta lasterketaren 20. edizioa ospatzeko kolore arrosa eta beltza aukeratu dira kamiseta apaintzeko. Izen-ematea probaren egunean bertan eginez gero, dortsalaren prezioa 18 eurokoa izango da.

Parte-hartzaileek bi bide izango dituzte aukeran lasterketan izena emateko. Internet bidez Kirolprobak webgunean eman ahalko da izena. Izen-ematea era presentzialean egin nahi bada, Mendibil Merkataritza Guneko LeireSport eta Hondarribiko Papykop dendetara edo Palmera Montero Eraikinean BATek daukan bulegoan, 9:00etatik 14:00etara, hurbiltzeko aukera izango dute interesatuek. Korrikalarien poltsak urriaren 5ean, ostiralean, Dunboako egoitzan edo irteera puntuan lasterketaren egunean jasotzeko aukera egongo da.

Helmugara iristen diren lehen 10 emakume eta gizon, lehen Hendaiar, Hondarribiar eta Irundarrentzat, lehen 3 roller eta lehen 3 handbikentzat sariak egongo direla jakinarazi du lasterketaren antolakuntzak. Hortaz gain, lasterketan 4 erbi izango dira ibilbidean zehar 3´45,4´, 4´30 eta 5´erritmoa jarraituko dutenak, helburu bat lortu nahi duten korrikalariei gida moduan laguntzeko. Hasiera puntura iristeko, 14:45etatik 15 minutuko tartearekin funtzionatuko den autobus zerbitzua edo itsasontzi zerbitzua erabili ahalko dute probako parte-hartzaileek lasterketaren hasiera puntura iritsi ahal izateko.

Azken urteetako parte-hartzea
Azken urteetako datuak ikusita, 600-650 izen-emate lortzea espero da. 2015 urteko lasterketan lortu zen parte-hartzaile kopuru altuena, 793 korrikalarik parte hartu baitzuten proban. Ibon Muñoz Bidasoa Atletiko Taldeko ordezkariak azaldu duenez, ordutik, izen-emate kopurua murrizten joan da sektorea beherakadan eta saturaturik aurkitzen baita.

Txingudi Korrika Txikia
Larunbat goizean, berriz, Txingudi Korrika Txikia lasterketaren txanda izango da. Stadium Galaren alboko zelaian korrikalari txikientzat antolatzen den 4. edizioa izango da aurtengoa. Lasterketan urte bat eta 13 urte bitarteko korrikalariek parte hartuko dute eta izen-ematea dohainik izango da.

Helburu lehiakorrik gabeko lasterketa izango da eta saria probaren amaieran parte-hartzaile guztientzako prestatuko den hamaiketakoa izango da. Gainera, proba hasi aurretik, Bidasoa Atletiko Taldeko entrenatzaileek kirola egin aurretik egin beharreko beroketa jarraibideak emango dizkiete parte-hartzaile gazteei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude