Unai Arretxe, MotoStudent Lehiaketako parte-hartzailea: “Klasifikazioan ahalik eta postu altuena lortzea gustatuko litzaiguke”

Urriaren lehen astean zehar ospatuko da V. MotoStudent Lehiaketa. Nazioarteko 17 unibertsitateetako 1500 ikaslek eraikitako motoak proban jartzeko aukera izango da. Unai Arretxe Mekanika ikasle irundarrak Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren taldearekin parte hartuko du lehiaketaren aurtengo edizioan.

Nola izan zenuen proiektu honen berri?
Unibertsitatera sartzerakoan izan nuen proiektu honen berri, ate irekietako jardunaldietara mekanikarekin zerikusia zuen zerbait ikasteko asmoarekin hurbildu nintzenean.

Nolakoa izan da motoaren sorkuntza prozesua?
Prozesua duela urtebete hasi zen, joan den urteko irailaren amaiera aldera, eta proiektuak fase desberdinak izan ditu. Hasieran motoaren piezak ordenagailuz diseinatu eta tailerrean makinak erabiltzen ikasi genuen. Ondoren, motoaren fabrikazioan murgildurik hiru edo lau hilabete pasa genituen. Azkenik, motoa probatu eta akatsak konpondu ditugu.

Mekanikako graduan ikasitakoa praktika jartzeko aukera izan duzu?
Bai, ikasitako zenbait gauza erabili ditugu, batez ere, klasean ikusitako kontzeptuak eta materialen ezaugarriak. Hala ere, motoarekin loturiko gauza berriak ere ikasi ditugu.

Zeintzuk dira lehiaketaren antolakuntzak ematen dizkizuen oinarrizko piezak?
Antolakuntzak lehiaketan parte hartuko duten moto guztiek berdin eraman beharreko lau oinarrizko pieza ematen dizkigu: gasolinazko motorra, pneumatikoak, hagunak eta balaztatze sistema. Erositako beste bi pieza kenduta, gainontzeko atal guztiak guk sortu ditugu.

“Zirkuituan motoa probatzen ibili garenean asko disfrutatu dut”

Berrikuntza aipagarririk egin duzue aurtengo motoan?
Ez, aurreko edizioetan motoa ondo ibili izan denez, berrikuntza gutxi egin dizkiogu. Diseinua nahiko antzekoa izan da, hobekuntza gutxi batzuk kenduta.

Zer izan da orain arte gehien disfrutatu duzuna?
Zirkuituan motoa probatzen ibili garenean asko disfrutatu dut. Motoa ondo dabilela eta pilotuek motoarekin sentsazio onak dituztela ikustea oso pozgarria da. Hortaz gain, urte osoan lanean ibili ostean, aurrerapausoak ikustea ere oso polita izan da.

Datorren asteko lasterketan postu on bat lortzea espero duzue?
Klasifikazioan ahalik eta postu altuena lortzea gustatuko litzaiguke. Orain arte unibertsitateak hiru aldiz parte hartu du lehiaketan eta beti 10 lehenengoen artean egotea lortu du. Aurten marka hori errepikatzea espero dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude