Teresa Errandonea atletak Tokioko olinpiar jokoetan parte hartuko du

Teresa Errandoneak 2021an Tokion jokatuko diren olinpiar jokoetan parte hartuko du. Ekainaren 30ean sailkatu zen Errandonea olinpiar jokoetan parte hartzeko, Espainiako Txapelketa Absolutua irabazi ostean. Guztira, 56 atleta espainiarrek parte hartuko dute uztailaren 23tik abuztuaren 8ra Japonian egingo diren olinpiar jokoetan. Errandoneak uztailaren 31ko goizaldean parte hartuko du 110 metro hesidunetan.

Atleta irundarra Espainiako Txapelketa Absolutuaren aurretik 33. postuan zegoen joko olinpikoetan joatekoak ziren hesidun lasterketetako 40. kirolarien artean. Izan ere, Espainiako txapelketa absolutuan Tokioko sailkapena lortzeko puntu garrantzitsuak zituen jokoan irundarrak. Aurreikuspenekin hutsik egin gabe, Teresa Errandoneak Espainiako txapeldun titulua lortu zuen.

“Zenbat kostatu den eta azkenean lortu dugu. Tokio gure zain daukagu”

Estatu mailako txapelketan garaipena lortu arren, rankinga eguneratu arte itxaron behar izan zuen atleta irundarrak Tokioko jokoetarako pasea lortu ote zuen jakiteko. Ekainaren 30eko goizean sailkapena eguneratu ondoren, Teresa Errandonearen izena zerrendako 29. postuan kokatu zen, beraz, Tokiorako sailkapena baieztatzea lortu zuen. Era horretan, Errandonearentzat kirolari askoren ametsa egia bihurtu zen: olinpiar jokoetan parte hartzeko aukera izatea.

Espainiako Txapelketa
Deskalifikazio batengatik pista estalian tituluarengatik borrokatzeko aukera galdu ondoren, Espainiako Txapelketa Absolutuan titulu nazionala irabaztea lortu zuen Teresa Errandoneak. Irundarrak ideiak oso argi zituen Getafen jokatutako txapelketaren aurretik: Espainiako Txapelketa irabaztea eta txapelketan ahalik eta marka onena lortzea.

Finalerdietan irundarrak bere asmoak eta sasoi ona argi utzi zituen, seriea 13,18 segundoko denborarekin irabazi ostean. Finala oso estua izatea espero zen. Bertan, Caridad Jerez kalitate eta esperientzia oso handiko atletaren eta Xenia Benach Espainiako pista estaliko txapelduna eta atleta oso azkarraren aurka lehiatu zen irundarra. Hala ere, Teresak zalantza guztiak uxatu zituen. Irteera bikain baten ostean, eta haizea kontra izan arren (-2.1), Errandonea lasterketako liderra izan zen hasieratik amaierara arte eta Espainiako txapelduna izan zen 13,07 segundoko denborarekin.

Espainiako Txapelketa Absolutuan garaipena lortu ostean, Teresa Errandoneak sare sozialen bitartez zabaldutako mezuan bere poztasunaren berri eman du. Atleta irundarrak adierazi duenez, “oso pozik nago titulu hau lortu ahal izan dudalako eta aurten titulua irabazteak duen garrantziarengatik”. Behin Tokioko olinpiar jokoetan parte-hartzeko aukera baieztatuta, Errandoneak sare sozialetan zera adierazi du: “zenbat kostatu den eta azkenean lortu dugu. Tokio gure zain daukagu”.

Atletismoari eskainitako bizitza
Teresa Errandonea 10 urterekin murgildu zen lehen aldiz atletismoaren munduan. Bere lagunekin alebin mailan hasi zen Eskola Kirola programari esker atletismoa gertutik ezagutu ostean. Kirolean lehen pausu horiek Susana Ferreira eta Ibon Muñoz entrenatzaileen gidaritzapean eman zituen. Ordutik, bere bizitza atletismoarekin lotuta egon da eta Ibon Muñozek eta orain Ramon Ciden entrenatzaileek atleta irundarraren bilakaera gertutik jarraitu dute.

“Oso pozik nago titulu hau lortu ahal izan dudalako eta aurten titulua irabazteak duen garrantziarengatik”

Gaur egun arte, Teresa Errandoneak 12 aldiz lortu du Espainiako txapeldun titulua, horietako bi luzera jauzian. Horretaz gain, Espainiako bi errekor lortu ditu eta horietako bat oraindik indarrean dago. Gainera, Gipuzkoako eta Euskadiko 100 metroko errekorra eta 60 metro hesidunetako errekorrak ditu. Errandonea 2014. urteaz geroztik nazioarteko atleta da. Ibilbide hori guztia hasieratik gaur egun arte bere kluba izan den Bidasoa Atletiko Taldean egin du.

Bidasoa Atletiko Taldeak Teresa Errandonearen azken lorpena baieztatu bezain laster jakinarazi du klubaren harrotasuna. Bidasoa Altetiko Taldeak partekatutako adierazpenean irakur daitekeenez, jada Teresa klubeko atleta esanguratsuenetako bat bazen, orain, are gehiago, klubaren filosofiaren isla bihurtu da zuzen-zuzenean. Era honetan, Bidasoko atletismo taldeak Teresa Errandonea olinpiar jokoetan parte hartzeko aukerarengatik zoriondu du, merezitako lorpena dela baieztatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude