Udalak jaietako aurrekontua erabili du udako kultur programazioa indartzeko

Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak 2021eko udako kultur agenda osoaren berri eman du. Harekin batera, datozen asteetarako aurreikusitako programaren protagonistetako batzuk egon dira, hala nola, Julio Bravo eta Carlos Malles musikariak eta Cristina Juaniz artista.

Iaz bezala, berriz ere egungo egoerara egokitu du Kultura arloak udako agenda. Juncal Eizaguirrek azaldu duenez, “Kulturaren aldeko apustua inoiz baino beharrezkoagoa da gaur egun, eta, horregatik, aurten baliabideak ia-ia bikoiztu egin dira”. Kultura ordezkariaren hitzetan: “Hilabete hauetan egiten ditugun beste ekintza batzuetan bezala, helburua da sektorean lan egiten duten Irungo profesionalei laguntzea eta, aldi berean, herritarrei proposamen bat eskaintzea, hiriko udaz gozatzeko”.

“Kulturaren aldeko apustua inoiz baino beharrezkoagoa da gaur egun”

Juncal Eizaguirre,Kultura ordezkaria

Zifretan, 30 jarduerek osatuko dute udako kultur agenda: 8 antzerki- eta dantza-emanaldi, aire zabaleko 5 zinema-proiekzio, 10 musika-emanaldi, 2 Girabira saio (Girabiraren denboraldiak urrira arte iraungo du: beste bi jardunaldi.), 2 erakusketa (“Denboraren haria”, Ainara Oskozena, Menchu Galen, eta Susana Ferreiraren, Eduardo Larrasaren eta Aiert Alonsoren lanen bilduma, eta “18cm” erakusketa Amaia KZn); eta hainbat ekitaldi, hala nola Kontenporanea arte-topaketa eta bildumazaletasunaren azoka. Gainera, uztailaren 8tik 11rako asteburuan Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren txanda izan zen eta jaialdi hori ere udako agendako kultur ekimenen zerrendan sartu da.

Juncal Eizaguirrek programazio honetarako jarri den aurrekontua nabarmendu du: “Irunen kulturarekiko sentsibilitatea dugu. Badakigu egoera honek kalte egin diola, eta, horregatik, nahiz eta ez izan jairik, dena emango dugu hilabete hauetan. Jaietako aurrekontua ez da galdu; are gehiago, aparteko kultur programazio indartsu baterako erabiliko dugu, hainbat garaitan, hala nola udan, non aurrekontua iazkoa halako bi izango den”.

Irundik irundarrentzako
Agendan espresuki adierazten direnak izan ezik, jarduera guztiak, joan den urtean bezala, Junkaleko plazatxoko agertokian egingo dira. Berrikuntza gisa, barrutia olana batzuekin mugatuko da, eta olana horiek, aldi berean, bertako zazpi artistek egindako irudi batzuk erakusteko ere erabiliko dira. Maialen Arocenak koordinaturik (dagoeneko Kultura KM0 ekimenean parte hartu zuen), artista bakoitzak bere marrazkiak egin ditu, gai jakin batean oinarrituta, eta denek lotura dute eremu horretan egingo diren kultur jarduerekin (musika, dantza, antzerkia, zirkua, zinea, ikus-entzuleak eta uda Irunen). Hauek dira artistak: Cristina Juaniz, Ramón Álvarez, Nerea Bermejo, Andrea Villamor, Aitor Espié, Xabi Illaregui eta Maialen Arocena.

Barruti horretan, pandemia dela eta, jarduera-protokolo bat beteko da, eta jarrera- eta higiene-neurri batzuk hartuko dira. Horrela, bada, ikusleek maskara erabili beharko dute nahitaez, pertsonen arteko distantzia edozein dela ere; barrutia mugatuta egongo da, eta edukiera 230 ikusle ingurura murriztuko da; pertsonen arteko distantzia gorde beharko da; gel hidroalkoholikoa egongo da eta aulkiak desinfektatu egingo dira, ateak ireki aurretik. Gainera, toki bat baino gehiago izango ditu barrutiak sartzeko eta irteteko. Hamabi langilek osatuko dute azaldutako neurriak bermatzeko eta jarduerak prestatzeko lanetan jardungo duen giza taldea.

Jardueren agenda gehiago ezagutarazteko, aurtengo udan erabiliko diren euskarrien artean nabarmenenak aipa ditzakegu: udal-aldizkariaren ale berezia eta Zabaltza plazan jarriko den totem handi bat, udako jarduera guztiak inprimatuta izango dituena. Jarduera-programa xehetasun osoz kontsultatu ahal izango da udalaren webgunean. Honako hau da:

Uztailean

  • 15ean, osteguna, 20:00etan: Zanguango Teatro konpainiak “Aquí va a pasar algo” antzezlana aurkeztuko du. Gaztelaniaz (75 min.).
  • 16an, ostirala, 20:00etan: Iñaki Dieguez hirukotearen kontzertua.
  • 17an, larunbata, 18:00etan: Girabira, Alaia Txoko parkean.
  • 22an, osteguna, 20:00etan: Trapuzaharra antzerki-konpainiak “Turistreando” antzezlana aurkeztuko du. 60 min.
  • 23 eta 24an: Kontenporanea V. edizioa.
  • 23an, ostirala, 20:00etan: Travellin’ brothers-en kontzertua.
  • 24an, larunbata, 12:00etan: Luciano Pompilioren emanaldia Oiasso Museoan, Hondarribiko Nazioarteko XIX. Gitarra Jaialdiaren barruan.
  • 24an, larunbata, 22:00etan: Zinea aire zabalean: “Aladdin” filma, Guy Ritchie-rena (2019). 128 min.
  • 29an, osteguna, 22:00etan: Oscar Terol aktoreak “¡Por comentarlo!” ikuskizuna ekarriko du Irunera. 75 min.
  • 30ean, ostirala, 20:00etan: Ainhoa Larrañagaren kontzertua.
  • Abuztuan:
    5ean, osteguna, 20:00etan: Ipso Facto konpainiak “Cha Cha Cha” ikuskizuna aurkeztuko du.
  • 6an, ostirala, 19:00etan: Girabira, Gain Gainean parkean.
    6an, ostirala, 20:00etan: Iñaki Palacios eta Taldearen “Harria” kontzertua.
  • 7an, larunbata, 22:00etan: Zinea aire zabalean: “El rey León” filma, Jon Faureau-rena (2019). 118 min.
    8an, igandea, 20:00etan: Irun Hiria Musika Bandaren kontzertua.
  • 12an, osteguna, 20:00etan: “Mikra” zine akrobatikoaren ikuskizuna, Berdinki Zirkusen eskutik. 40 min.
  • 13an, ostirala, 20:00etan: Los Diagnósticos taldearen kontzertua.
  • 14an, larunbata, 10:00etan: Bildumazaletasunaren Azoka, Zabaltza plazan.
  • 14an, larunbata, 22:00etan: Zinea aire zabalean: “Bohemian Rhapsody” filma, Bryan Singer-ena (2018). 134 min.
  • 19an, osteguna, 20:00etan: Dantza-emanaldia: Node konpainiaren “Emakumeak” ikuskizuna (18 min.) eta Uikan Dantza konpainiaren “Gizakia” ikuskizuna (20 min.).
  • 20an, ostirala, 22:00etan: Zinea aire zabalean: “Tess eta ni” filma, Steven Wouterlood-ena (2020). 84 min.
  • 21ean, larunbata, 20:00etan: Bidasoa Folk Jaialdia.
  • 26an, osteguna, 20:00etan: Antzerkia: “Les friquis” antzezlana, Niño Costrinirena. 50 min.
  • 27an, ostirala, 22:00etan: Animazio-zinema aire zabalean.
  • 28an, larunbata, 20:00etan: Elektropatxaranga Burrunbaren kontzertua.

Azkenik, agendan sartu da halaber Irun Hiria musika-bandak irailaren 7an (19:45) Junkaleko Andre Mariaren ohoretan emango duen kontzertua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude