4.891 irundarrek parte hartu zuten azaroaren 18an Irunen egin zen herri galdeketan. Hirian 14 bozketa-puntu antolatu ziren irundarrei herriaren etorkizunaren inguruan erabakitzeko aukera emateko. Hautestontzi eta gutun-azalez gain, egunean zehar festa giroa San Juan plazatik Irungo auzo ezberdinetara zabaldu zen.
Herriaren etorkizunaren inguruan galdegiten zitzaien hiritarrei kontsultan. Erantzun moduan, berriz, hiru aukeren artean bakarra hautatu behar zuten: Euskal estatu burujabe eta independentea, Estatus politiko berri bat, estatu Espainiarraren barnean, edo gaur egungo Euskal Autonomi Erkidegoa. Bozkatzaileen gehiengoak, %72,2ak, lehen aukera hautatu zuen. Bigarren aukerarik hautatuena bigarrena izan zen, botoen %18arekin eta, azkenik, hirugarren aukerak bozkatzaileen %8,5ak aukeratu zuen bakarrik.
“Jendea etxetik atera eta bozkatzera animatu nahi izan dugu”
Xabier Martinez de Antoñana, Hartu Hitza Irun mugimenduko ordezkaria
Bozketa puntuak Irungo auzoetan zehar sakabanatu ziren, ahalik eta irundar gehienengana iristeko asmoarekin. Ia 300 boluntariok lan egin zuten Irungo herri galdeketa antolatzeko eta, haien lanari esker, 14 bozketa-leku martxan izan ziren egun osoan zehar. Hala ere, boto gehien bildu zituen bozketa-lekua San Juan plazan kokatutakoa izan zen. Hautestontziak goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte zabalik egon ziren. Elena Berazadik Hartu Hitza Irun mugimenduko ordezkariak bozketaren egunean adierazi zuen, “oso pozik gaude goizeko 9:00etan mundu guztia bere postuetan zegoelako eta dena bikain atera delako”.
Jai-giroa garaile
Gure Esku Dago plataformak antolatzen dituen ekitaldi guztietan bezala, jai-giroa nagusi izan zen Irungo herri galdeketan. Jendea hautestontzietara hurbil zedin animatzeko ekintza eta emanaldiez beteriko egitaraua antolatu zuen Hartu Hitza Irun elkarteak.
Azaroaren 17an, bozketaren aurreko egunean, Asier Burguete eta Beñat Larrukertek egindako aurkezpen-ekitaldiaren ostean, umeentzako ekintzak eta kontzertuak izan ziren.
Igandean, joaldunek hiriko bozketa puntu guztietatik igaro ziren jendea bozketa-puntuetara animatzeko. Hortaz gain, bertsolariek, musika, dantza eta magia ekitaldiek eguna girotu zuten, egunaren azken partean bozketaren emaitzak ezagutu ziren arte. Xabier Matinez de Antoñanak, Hartu Hitza Irun mugimenduko ordezkariak azaldu du, “jendea etxetik atera eta bozkatzera animatu nahi izan dugu”.
Azken fasea
Herri galdeketaren prozesuari amaiera emateko, abenduaren 1ean, larunbatean zenbait ekintza egingo dira Palmera Montero gunean. Goizeko 10:15etan Irungo herri galdeketaren inguruko azken bilera orokorra egingo da. Bertan, bilerara bertaratzen diren guztien artean galdeketaren balorazioa egingo da, aurrera begirako urratsak zehazteaz gain.
Bestetik, 12:30etan azken prentsa agerraldi jendetsua egingo da. Xabier Martinez de Antoñanak azaldu bezala, “Hartu Hitza Irun herri galdeketa egiteko sortu zen eta, herri galdeketa egin ostean, elkartea desegingo da”.