11 egunetan zehar Irungo hiria euskararen erabilera areagotzeko ariketa kolektiboan murgilduko da. Herritar bakoitzak ariketan parte hartzeko Ahobizi edo Belarriprest rola hautatu du, norberaren berezko ingurunean euskararekiko izango duen jokaeraren arabera. Era honetan, txapa soinean eramateaz gain, herritarrek euskara ezpainetara izateko ahalegin berezi egingo dute azaroaren 23tik abenduaren 3ra.
Azaroaren 23 San Juan plazan ospatu zen Euskaraldiari ongietorria egiteko ekitaldia. Aurkezpen ekitaldian Monica Martinezek Euskara zinegotziak azaldu zuen “Irunen 3.200 lagun baino gehiagok hartu dute txapa eta euskararekiko konpromisoa”. Ekitaldiaren hasieran, Unai Oiartzun talde motorreko koordinatzaileak adierazi zuen, “eskerrak eman nahi dizkiogu azken hilabeteetan Irunen Euskaraldia antolatzeko lanean ibili den jende boluntarioari”.
Aurten, gainera, Euskaraldiak abenduaren 3an ospatzen den Euskaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo du. Abenduaren 3ra arte hainbat ekimen antolatu ditu Euskara arloak, Irungo Euskaraldiaren antolaketarako lanean ari den lantaldea eta kolektibo sozial ezberdinekin lanean. Monica Martinezek adierazi du “txapak poltsikoetatik atera eta euskararekiko konpromisoa erakusteko ordua da”. Horren haria, David Izaga euskara teknikariak azpimarratu du “hartutako konpromisoari eustea garrantzitsua izango da”.
Abenduaren 23an Sareuskak antolatutako Mintzodromoarekin abiatu ziren Euskaraldiaren inguruko ekintzak eta, bertan, 200 lagun inguruk parte hartu zuten. Arratsaldean, berriz, Mugaldekoak taldearen kontzertua izan zen. Hurrengo egunetan, “Jainkoak ez dit barkatzen” dokumentala, “Black is beltza” eta “Oreina” filmak aurkeztu ziren Amaia Kultur Zentroan. Hortaz gain, euskararekin eta osasunaren munduarekin loturiko Ipar Martxa eta Aste Osasuntsuaren barnean, Kike Amunarrizek eskainitako jarduera fisikoari buruzko saioa antolatu ziren.
Hurrengo ekitaldiak
Euskararekiko konpromisoa Eusakaraldiaren amaieraraino mantendu dadila ziurtatzeko ekitaldi zerrenda luzea prestatu da datozen egunetarako. Abenduaren 1ean Irunen Kantuz Kale Nagusian. Abenduaren 2an, berriz, Txistulari Banda, Muxikoak, Bertso saioak, “Paddington 2” familientzako filma, “TTAK!”Beatriz Egiazabalen bakarrizketa eta “Errementari” filmaren proiekzioa.
Euskararen Nazioarteko Eguna
Euskaraldiari amaiera emateaz gain, abenduaren 3an, astelehenean, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko Gazte Mintzodromoa, Haurrentzako jolas parkea eta euskal dantzetan oinarritutako Zortziko Txikia diskofesta izango dira. Antolatutako ekintza guztien bitartez, euskaraz bizitzeko ohitura irundarren artean zabaltzea bilatzen da.
Nekane Larramendi eta Luis Urbieta:
Oso beharrezkoa iruditzen zaigu Irunen Euskaraldia bezalako zerbait egitea. Irunen gaur egun euskarak egoera nahiko makala bizi duela esango genuke. Irunen beti kanpoko jende asko egon da eta egoera hobetzea zaila izango da. Euskararekin loturiko ekimenak antolatzea beharrezkoa da, baita horren harira antolatutako emanaldiak.
Iban Eguzkitza:
Nik Ahobizi rola hartu dut, urte osoan zehar euskararekiko dudan jarrera hori delako. Euskaraldia euskararen erabilerarentzako bultzada on bat izan daitekeela uste dut, hain zuzen ere, hori baita batzuek behar dutena. Irungo euskararen egoerari dagokionez zer hobetu handia dagoela uste dut. Hala ere, Ahobizi gehiegi dagoela ikusten dut, Belarriprestekin alderatuta, eta txapa gutxi ikusi ditut kalean, baina, ez Irunen bakarrik, baita Euskal Herriko beste zenbait hirietan ere.
Blanca Amezketa:
Belarriprest rola hautatu dut Euskaraldiaren barnean, euskaraz hitz egitea gustuko dudan zerbait delako. Euskara ikasten ari naiz oraindik, eta hizkuntza guztiz menperatzen ez dudanez, badaezpada Belarriprest izatea erabaki dut. Euskaraldia Irunen egitea beharrezkoa zela uste dut. Hala ere, duela gutxi lagunekin komentatzen nuen kalean txaparekin jende gutxi dabilela. Irunen jende askok euskara dakien arren, oso jende gutxik erabiltzen du.
Mariani:
Euskaraldia urte osoan zehar praktikatzen dut nik. Inoiz ez dut eduki euskaraz hitz egitekoa arazorik. Hala eta guztiz ere, Euskaraldia bezalako zerbait egitea beharrezkoa ikusten nuen, izan ere, jendeak euskaraz dakien arren, hitz egiteko lotsak gainditzen die. Euskalki ezberdinak izan arren, guztiok elkarren artean ulertzeko gai gara. Arazo nagusia Irunen euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dagoela da.
Marilo Irastorza:
Ni Ahobizia izango naiz Eusakaraldian zehar, euskaldun jaio nintzelako eta euskaldun sentitzen naizelako. Euskaraldia Irungo hiriarentzat positiboa izango dela uste dut, izan ere, euskalduna den jende gutxi dago bertan. Gainera, euskaraz dakien jende asko dagoen arren, gutxi dira hitz egitera ausartzen direnak. Gazteek eskoletan ikasten badute ere, kalean oso gutxi entzuten da euskara. Ea egitasmo honekin jendea euskaraz hitz egitera animatzen den.