Bidasoa XXI klubeko harrobiko promesek eta igerilari gazteenek erakustaldia eskainiz itxi dute txapelketen denboraldia asteburu honetan. Klubeko ordezkaritzak maila eman dute Zarautzen eta Hernanin jokatu diren hitzorduetan, garaipenak eta klubeko errekorrak lortuz etorkizun oparoa dutela argi uzteko.
Sari Mistoa
Benjamin mailako taldeak Zarautzen jokatu den Sari Mistoa txapelketan agurtu du denboraldia, Gipuzkoako klub garrantzitsuenen aurrean nagusitasun osoa erakutsiz. Guztira, bidasoarrek 19 garaipen lortu dituzte banakako zein taldekako probetan. Garaileen artean, Unax Agirrek eta Ariane Azurmendik nagusitasuna erakutsi dute 100 estiloetan (100X); Uhaitz Cabanesek, Paula Montotok eta Unai Torresek bakoitzak bina garaipen lortu dituzte 100 estiloetan (100X) eta 100 librean (100L); Martina Zamarreñok ere dobletea egin du 50 bizkarrean (50E) eta 100 librean (100L); Mara Genuak beste bi garaipen sinatu ditu 50 bularrean (50B) eta 100 librean (100L); Amaia Calvok, Jone Lizarazuk eta Oihan Franciscok 50 bizkarreko (50E) probetan irabazi dute; eta Unax Beraizek zein Eki Cabrerizok 50 bularreko (50B) txapela eraman dute. Urrezko zerrenda hau 8×50 libre mistoko errelebo taldeak lortutako garaipen borobilarekin osatu da.
Eskolarteko Kirol Jolasak
Bestalde, taldeko alebinek eta infantilek hitzordu garrantzitsua izan dute Hernanin, Eskolarteko Kirol Jolasen (JJEE) esparruan. Bidasoko ordezkaritza zabalak hiru garaipen handi lortu ditu ohikoak ez diren probetan; izan ere, aurrean dituzten erronka ugariei begira, klubeko indar nagusiek euren ohiko lehiaketa programa aldatzea erabaki zuten entrenamendu eta estrategia gisa. Proba aldaketa honek fruitu bikainak utzi ditu: Uma Gonjarrek garaipena lortu du 400 librean (400L), Esteban Nazabalek 100 tximeletan (100M) irabazi du eta Illes Kocsisek garaipen argia erdietsi du 200 bularreko (200B) proban.
Hernaniko jardunaldian, gainera, marken mailan Illes Kocsis izan da protagonista nagusia. 200 bularreko proban lortutako garaipenaz gain, Kocsisek klubeko 13 urtekoen bi errekor berri ezarri ditu erakustaldi itzela emanez, bai 200 estiloetan (200X) baita 200 bularrean (200B) ere. Emaitza bikain hauekin guztiekin, klubak zorionak eman nahi dizkie igerilari guztiei egindako lan eskerga eta lortutako arrakastengatik.



