Bidasoa XXI klubeko neska juniorren erronkak eta ametsak denboraldiaren erdigunean

Irune Ausan, Nora del Rio eta Maialen Fernandezen Bidasoa XXI klubeko igerilariak dira eta denboraldi hasieran markatutako erronkei jarraiki, gogor entrenatzen ari dira denboraldi amaieran. Junior mailako igerilari hauek euren egunerokoa igerilekuko hormen artean igarotzen dute, esfortzua eta pasioa uztartuz. Ikasturtea amaitzear dagoen honetan, denboraldiaren une erabakigarrian aurkitzen dira, helburu berriak begiz jota eta orain arte egindako lanaren balantzea egiteko prest.

Igerilari hauentzat, denboraldia ez da jarraipen lineal bat; bi zati bereizietan banatzen da, bakoitzak bere exigentzia maila eta prestaketa espezifikoa duelarik. Maialenek azaldu duenez, “oraintxe bertan denboraldia berriro hasten ari garela esan dezakegu”. Izan ere, lehen zatia eskolako ikasturtea hasi baino pixka bat lehenago abiatzen da eta neguko Euskadiko Txapelketarekin amaitzen da. Behin mugarri hori igarota, bigarren faseari ekiten diote, non intentsitatea eta lehiaketa motak aldatu egiten diren.

“Oraintxe bertan denboraldia berriro hasten ari garela esan dezakegu”

Maialen Fernandez, Bidasoa XXIeko igerilaria

Hasiera horiek, gainera, ez dira beti uretan izaten, gorputza egokitu egin behar baita hilabeteetako lanerako. Irune Ausanek gogorarazi duenez, prestakuntza fisiko orokorra funtsezkoa da uretara bultzada handienarekin sartzeko: “Denboraldi hasieran batez ere korrika egiten hasten gara, baita eskailerak igotzen edo gimnasioan ere. Gero, pixkanaka, uretara sartzen gara”. Trantsizio progresibo horrek oinarri sendoa ematen die ondoren etorriko diren hilabete luzeetako lehiaketei eta eguneroko saio nekagarriei aurre egiteko.

Urtean zeharreko bidea mailaz maila eraikitzen dute. Hasierako ligak Gipuzkoan eta Euskadin jokatzen dira, non klubeko igerilari guztiak lehiatzen diren. Nora del Riok zehaztu duenez, lurraldeko txapelketak irekiagoak diren arren, jauzi handia Espainiako Txapelketan dago: “Espainiako txapelketan lehiatu ahal izateko marka minimo batzuk lortu behar izaten dituzu. Euskadin, aldiz, klubeko igerilari guztiak lehiatzen gara”. Horrek exigentzia puntu gehigarri bat ematen die eguneroko entrenamenduei, segundo bakoitzak balio baitu maila gorenera iristeko.

Bidaiak ere errutinaren parte dira, batez ere nazio mailako hitzorduak iristen direnean. “Ligako txapelketak hemen inguruan izaten dira, baina Espainia mailakoetan, txapelketa non den arabera, urrutiago joatea tokatzen zaigu”, gehitu du Irunek. Distantziak handiak izan arren, esperientzia horiek kirolari gisa hazteko aukera ematen diete.

Norberaren mugak gainditzea

Banakako helburuei buruz galdetzean, hiruek argi dute: hobekuntza pertsonala da motorra. Maialen Fernandezentzat, aurtengoa iazko lesioak atzean uzteko urtea izan da, eta horrek indarberritu egin du. “Nire helburua Espainiako txapelketara joaten saiatzea zen. Iaz ez nuen lortu lesioengatik, eta aurten teknika ere asko hobetzen saiatu naiz”. Oraindik bere helburuetatik “pixka bat urrun” dagoela aitortu arren, lanean gogor jarraitzeko asmo sendoa du, bere markak berdintzen ari dela ikusita.

Irunek eta Norak antzeko bidea daramate, bakoitza bere erritmoan. Irune Ausanek errendimenduan eta teknikan jartzen du fokua, emaitzak prozesu horren ondorio gisa ikusiz: “Nire lehen helburua beti hobetzen saiatzea da; behin hori eginda, lortzen ditudan emaitzak ongi etorriak dira”. Nora del Riok, berriz, pozik hitz egiten du bere lorpenei buruz: “Nik nire markak hobetzea lortu dut, beraz, oso ondo”. Lorpen hauek ez dira kasualitatea, eguneroko sakrifizioaren fruitua baizik.

Igeriketa oso kirol zabala da, askotarikoa, eta bakoitzak bere erosotasun eremua aurkitu du urteetako praktikaren ostean. Maialen “tximeleta” estiloan espezializatu da, kimu mailan sartzerakoan bizkar-igeriketa utzi eta modalitate honen aldeko apustua egin ostean. Distantziei dagokionez, 50 eta 100 metrotan aritzen da normalean, nahiz eta estilo librean 400 metroko probak ere gustuko dituen.

Irunek bular-igeriketa eta librea konbinatzen ditu, distantzia luzeagoetan, 200 metrotik gora, erosoago sentituz. Norak, aldiz, nahiago ditu bestelako distantziak: “Bizkar-igeriketa eta librean distantzia laburragoetan hobeto moldatzen naiz, 100 metroen inguruan; luzeak ez zaizkit gehiegi gustatzen”. Desberdintasunak desberdintasun, entrenamenduetan denetarik lantzen dute. “Guztiok denetarik egiten dugu; garrantzitsua da apur bat dena menperatzea”, dio Irune Ausanek. Entrenamenduak egunka antolatzen dituzte: egun batzuk proba luzeetarako dira eta beste batzuk distantzia motzetako abiadura lantzeko, aste osoa osatu arte.

Bidasoa XXI familia

Igeriketa bakarkako kirol gisa ikusi ohi den arren, taldearen garrantzia erabakigarria da maila psikologikoan. Klubean talde polit eta handia osatzen dutela diote, eta horrek asko laguntzen duela eguneroko ahaleginean. Gainera, taldearen kohesioa sustatzeko antolatzen dituzten irteerak, Benidormeko campusa kasu, ezinbestekoak dira. Maialen Fernandezek dioenez, “horrek harremanak estutzeko aukera ematen du, lagunak egin eta taldeko giroa sendotzeko”. Irunen ustez, igeriketa ez da asko praktikatzen den kirola, baina klubean jende asko dabil.

“Nire lehen helburua beti hobetzen saiatzea da; behin hori eginda, lortzen ditudan emaitzak ongi etorriak dira”

Irune Ausan, Bidasoa XXIeko igerilaria

Indar hori txapelketetan ere islatzen da, bai kluben arteko sailkapenetan puntu guztiak batuz, baita errelebo proba zirraragarrietan ere. Norak argitu duenez, “bakoitza bere kategorian lehiatzen da eta gero puntu guztiak batzen dira”. Erreleboetan lau pertsona aritzen dira elkarrekin, eta talde mistoak ere badira txapelketa ofizial absolutuenetan.

Hasierak eta etorkizuneko ametsak

Nola iritsi ziren uretara? Maialen ikastaroetatik iritsi zen Bidasoara; hasieran klubean sartzeko aukera baztertu zuen “ez nuelako nire burua txapelketetan ikusten”, baina azkenean baiezkoa eman zuen. Irunek dantzaren mundua utzi zuen 8 urterekin klubean probatzeko, eta Norak, berriz, “txikitatik” darama uretan, bere pasioa hasieratik argi izanik.

“Nik nire markak hobetzea lortu dut, beraz, oso ondo”

Nora del Rio, Bidasoa XXIeko igeirlaria

Etorkizunari begira, ametsak uretan flotatzen dute. Maialen Fernandezek Espainiako Txapelketan domina bat lortzearekin egiten du amets, bere mailarekin oso pozgarria litzatekeela esanez. Nora del Riok nazio mailan lehiatzen jarraitu eta bere marka pertsonalak hausten jarraitu nahi du. Irun Ausanek, ordea, filosofia sakonagoa du: “Hobetzen joatea etengabe eta, bitartean, ondo pasatzea. Eta noski, kirol honetan urte askoz irautea”.

Elkarrizketa amaitu eta uretara bueltatu dira hiru igerilariak, saioak aurrera jarraitzen baitu. Haien mugimendu bakoitzak erakusten du junior mailako kirolari hauentzat igeriketa ez dela soilik ariketa fisikoa, bizitzeko modu bat ere badela baizik. Ikasturtea amaitzear dagoen arren, denboraldiko motorra bete-betean dabil, hurrengo txapelketan ehunenekoren bat jaitsi asmoz eta Kopa berriei gogotsu aurre eginez.

Elkarrizketa osorik Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude