Iñigo Camarero, Txingudi Errugbi klubeko lehendakariordea: “Jokalariek martxoan utzi zuten txapelketa eta lehiara itzultzeko gogo asko dauzkate”

Txingudi Errugbi Kluba ezjakintasunez betetako denboraldi ezohiko bati hasiera eman ahal izateko lanean hasi da. Klubeko lehen taldeak Euskal Ligako Lehenengo Mailan emaitza hobeak lortzeko helburuari eutsiko dio denboraldi berrian. Bien bitartean Iñigo Camarerok, orain arte klubeko lehendakariorde eta jokalari izandakoa, entrenatzaile lanetan estreinatuko da aurten.

Zein egoeratan dago Txingudi Errugbi kluba Covid-19aren ondorioz?
Abuztuan klubeko lehen taldearekin aurre-denboraldia prestatzen hasi ginen, txapelketekin noiz hasiko ginen jakin gabe. Gainontzeko kategoriekin, berriz, urriko bigarren astean hasi genituen entrenamenduak. Jakin berri dugu hurrengo hilabeterako txapelketekin hasteko baimena lortu dela, baina, oraindik ez dugu ez egutegirik ez ezer.

Ezjakintasunen artean denboraldia planifikatzea zaila da?
Bai, oso zaila. Hasierako entrenamenduak bakarka fisikoa lantzen hasteko prestatu genituen. Pixkanaka lanean jarraitu dugu, partiduekin hasteko data eskuratu dugun arte, baina, bidean inprobisatzen.

Aurreko urtean bezala, aurten ere Euskal Ligako Lehenengo Mailan ibiliko zarete?
Lehengo urtean Euskal Ligako Lehenengo Mailara igo ginen. Lehenengo partiduak sufritu genituen arren, azken partiduetan emaitza onak lortu genituen, Covid-19aren ondorioz denboraldia bukatzea ezinezkoa izan baitzen. Aurten berriro Euskal Ligako Lehenengo Mailan jokatuko dugu eta helburua sailkapeneko erdialdeko postuetatik gora ibiltzea izango da.

Euskal Liga berezia da, izan ere, Iparralde zein Nafarroako taldeekin jokatzen duzuelako, ezta?
Bai, hala da. Euskal Federazioa hurbilekoak diren inguruko beste taldeak onartzeko prest egon da beti. Sarako taldeak Euskal Ligan jokatzeko eskaera egin zuen, hemengo jokatzeko moduarekin antzekotasun gehiago zeuzkatela ikusi ostean. Hortaz gain, Nafarroa zein Errioxako taldeak dauzkagu.

Hendaiako taldeak, ordea, ez du Euskal Ligara sartzeko eskaera egiteko asmorik?
Ez, guk dakigula ez. Egia esan, Hendaiako taldearekin ez dugu inolako erlaziorik, ez ona ez txarra.

Denboraldi berrirako aurpegi berriak dauzkazue jokalarien artean?
Bai, urtero bezala taldean mugimendua egon da. Jokalari batzuek errugbia utzi dute. Aurreko denboraldian Argentinako bi jokalari izan genituen eta aurten agian Argentinako bi lagun gehiago batu zaizkigu taldera. Batez ere, aipagarria da Sub18 taldetik 5 jokalari igo direla eta haien laguntza oso garrantzitsua izango da.

Nola ikusten duzu taldea aurtengo ligarako?
Printzipioz taldea ondo ikusten dut, gogo askorekin. Jokalariek martxoan utzi zuten txapelketa eta lehiara itzultzeko gogo asko dauzkate.

Orain arte taldeko jokalaria izan zara. Aurten ere jokatzen jarraitzeko asmoa duzu?
Aurtengo entrenatzaileak talde utzi ostean, niri proposatu zidaten taldea hartu eta entrenatzailea izateko ardura. Nire bizitza osoan zehar errepikatu dut entrenatzailea ezin daitekeela jokalaria izan, beraz, nire hitza hartu eta aurten entrenatzaile lanak egingo ditut soilik.

“Helburua sailkapeneko erdialdeko postuetatik gora ibiltzea izango da”

Harrobiari dagokionez, zenbat talde dauzkazue klubean?
Aurreko urteetan bezala kategoria guztietan taldeak izan nahiko genituzke, hau da, sub10, sub12, sub16, sub18 eta seniorra. Neskak urtero bezala gutxi dauzkagu eta beste taldeekin batera jolasten dute. Oraingoz ez dakigu pandemiak taldeen osaketan eraginik izango ote duen.

Denboraldiko nobedade nagusia Kale Nagusia tabernaren inaugurazioa da. Nola sortu zen ideia hori?
Kirolaz aparte, talde sozial bat gara. Aspalditik horrelako zerbait irekitzea pentsatuta geneukan. Lokala eskaini ziguten eta pausua ematea erabaki genuen.

Aurten berriro errugbi-eskola martxan jartzeko pausua ematea erabaki duzue?
Bai. Umeekin lan egiten hasi gara, tartean aldagelak erabiltzeko debekua eta beste zenbait oztopo aurkitu arren.

Errugbira jokatzea eta lokatzez ez zikintzea konplikatua da. Nola konponduko zarete?
Zalantzarik gabe, denboraldi honetako beste erronketako bat jendea zailtasun horiengatik errugbia uztea saihestea izango da. Orain arte ondo moldatu gara, nahiz eta aurrerantzean euria, hotza eta dutxarik gabe etxerako itzulerak deserosoagoak izango direla dakigun.

Lehendakari gisa, Plaiaundiko instalakuntzak hobetzeko konponbiderik ikusten duzu?
Plaiaundiko instalakuntzen lekualdaketa beti buruan daukagu, dena dela, azken hilabeteetan gai horretan udalaren partetik ez dugu ikusi inolako mugimendurik gertatu denik. Azken berriak orain dela urte eta erdikoak dira. Pandemia tartean egon arren, ez dut uste lekualdaketaren prozesua guztiz eteteko eragina izan beharko lukeenik, hortaz, ez dakigu lanak hasi ahal izateko tramiteetan aurrerapausorik eman ote den.

 

Elkarrizketaren bideo osoa Txingudi Online webgunean ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude