IÑIGO CAMARERO, Txingudi Errugbi Klubeko lehendakariordea:“Taldea goian mantentzea eta lehen taldera igotzen saiatzea izango dira aurtengo helburuak”

Udako oporraldien ostean, denboraldi berria prestatzeko lanean hasi da Txingudi Errugbi Klub taldea. Aurre-denboraldiko entrenamenduetan gogor lan egiten ari dira irailaren 30ean hasten den ligarako sasoi betean egoteko.

Aurreko denboraldiaren amaieran lortutako datuekin pozik zaudete?
Bai, nahiz eta lehen taldera igotzeko zorian egon ginen arren, azkenean, ezinezkoa izan zen hasierako helburuetako bat lortzea. Hala ere, gure hasierako beste helburua taldea lehen postuetan mantentzea zen eta hori lortu genuen.

Hurrengo denboraldia prestatzeko entrenatzen hasi zarete jada?
Abuztuaren hasieran hasi ginen senior taldearekin lanean aurre-denboraldia prestatzeko. Abuztuko entrenamenduak, batez ere, fisikoagoak izan ziren eta irailean atal teknikoa lantzen hasi gara.

“Ez da egokia txapelketa ofizialetara iristea aurretik

aurkariekin inolako kontakturik izan gabe”

Aurtengo taldean aurpegi berri asko daude?
Ez, taldea aurreko urtekoarekin alderatu oso antzekoa da, nahiz eta 3 baja dauzkagun. Taldea utzi duten jokalariak Sub18tik igoko diren gazteekin ordezkatuko ditugu.

Lagunarteko partiduak lagungarriak dira denboraldia prestatzeko?
Zalantzarik gabe, ez da egokia txapelketa ofizialetara iristea aurretik aurkariekin inolako kontakturik izan gabe. Horregatik, irailaren 14 eta 22rako taldeak bi lagunarteko partidu hitzarturik dauzka.

Azken hiru urteetan igoera hain gertu ikusi ostean, aurten pausua ematea lortuko duzue?
Beti esaten dugun bezala, saiatuko gara. Taldea goian mantentzea eta lehen taldera igotzen saiatzea izango dira aurtengo helburuak. Aurten, gainera, Sarako Izarrak iparraldeko taldea sartuko da ligan eta aurkari makala izango ez dela suposatzen dugu.

Ezarritako helburuak lortzeko, zer aldatu beharko litzateke taldean?
Azken urteetan jokalari-kopuru nahiko eskasa daukagu. Beti esan dut, denboraldi on bat egin ahal izateko 30 edo 35 jokalari izatea beharrezkoa dela eta gu 25 jokalarien inguruan gabiltza. Denboraldi bukaerara jendea lesionaturik edo minberaturik iristen da eta, egoera horretan, ezinezkoa da emaitza onenak lortzea.

“Aldageletan giro ona dago eta hori jolasterako orduan nabaritzen da”

Zeintzuk dira taldearen indarguneak?
Talde nukleo ona daukagu, aldageletan giro ona dago eta hori jolasterako orduan nabaritzen da. Azkenean finean, gure artean oso ondo eramaten gara urteak daramatzagulako elkarrekin jolasten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude