Erreginaren Kopa irabazi duten Realeko jokalariei harrera egin zaie Irungo udaletxean

Klubeko lau jokalari irundarrek omenaldi berezia jaso dute haien sorterrian

2019ko maiatzaren 11ean Realak Erreginaren Kopa irabaztea lortu zuen Atletico Madrilen aurka Granadan jokatutako partiduan. Gallardo eta Nahikariren golei esker markagailuan puntu bateko aldea zabaldu zen eta Erreginaren Kopa donostiarren eskuetan gelditu zen. Garaipen historikoa ospatzeko, maiatzaren 16ko arratsaldeko 20:30etan Irungo udaletxean harrera egin zitzaion talde txuri-urdinari, bereziki, Sandra Ramajo, Sara Olaizola, Leire Baños eta Erkuden Lasa klubeko jokalari irundarrei omenaldi berezia egiteko.

Sandra Ramajo, defentsa eta taldeko kapitaina:

Nola bizitzen ari zarete astebetean sortu den zurrunbilo guzti hau?
Egia esan, amets bat da guretzat. Oraindik ez dut sinesten larunbat gau hartan kopa altxatzea lortu nuenik. Baina, egia da, txapeldunak gara eta Gipuzkoa osoan zehar eduki dugun harrera txundigarria izan da. Omenaldi guztien ostean, eguna Irunen amaitzea ikaragarria da, gainera, Reala utzi behar dudanez, oso berezia da herrian honelako omenaldia jasotzea.

Pertsonalki, osasun aldetik, nola zaude?
Ondo, sustoa hartu nuen eta egun pare batzuk etxean ahul deskantsatzen ibili naizen arren, kalera irteten utzi didate, nahiz eta oraindik indarra hartu behar dudan. Hau ospatzeko hemen egon nahi nuen eta esfortzu handia egin dut.

Hainbeste urteetako lanaren ostean orain, komunikabideetan lekutxo bat egitea lortu duzue?
Bai, harrotasun handia dugu gure barnean. 11 urteetan zehar Realaren barnean gauza asko bizitzeko aukera izan dut, baina, egia da urtetik urtera gauzak asko aldatu direla. Emakumeen futbola zein Reala asko handitu dira. Zeinek esango luke Atletiko Madrid bezalako talde bat garaitzea lortuko genuela final batean. Etorkizunari begira lorpen honek hazten jarraitzeko aukera gehiago ematea espero dut.

Emakumezkoen futbolaren munduan gauzak asko hobetu diren arren, oraindik gauzak asko aldatu daitezke?
Bai, egia da asko aldatu dela, baina, oraindik gauza asko lortzeko daude. Mutilekin alderatuta alde handia dago, hala ere, egia da gure lorpenaren ostean bai Anoetara, Donostiara eta Zubietara jende asko hurbildu dela. Jendea geroz eta gehiago hurbiltzen da gure futbola gehiago ikusten du eta gehiago baloratzen da.

Mariasun Quiñones, atezaina:

Hainbat talde txikietan ibili ostean, nola sentitzen zara orain Realarekin Erreginaren Kopa irabazi ostean?
Gertatutako hausnartzen ari naiz. Gure lana da, egunero entrenatzen dugu, baina, ez gaude horrelako ekitaldietan parte hartu eta horrelako gertutasuna sentitzera ohituak. Emaitzez gain, jendearen maitasuna asko eskertzen da.

Nolakoa izan da Hondarribian, zure herrian, jasotako harrera?
Sekulakoa, azken finean, etxeko jendearekin bereziagoa da, beti gertu daudelako egun on zein txarretan eta hori bihotzez eskertu behar da.

Lorpen ikaragarria izan da eta esperantzari esker garaipena lortu duzue?
Bai, esperantza azken momentura arte pizturik mantendu dugu, nahiz eta kanpotik era askotariko komentarioak jaso ditugun. Azkenean, lanaren ondorioz talde indartsu bat gara eta gure aukerak aprobetxatzen jakin genuen. Izan ere, futbola ez da indibidualki jokatzeko kirol bat, taldean jokatzen jakitea oso garrantzitsua da.

Garaipenaren ostean, zein mezu bidaliko zenieke futbolera jokatzen hasteko asmoa duten neska gazteei?
Besteek esaten dutena alde batera uztea eta beraien bihotzak esaten dienari jarraitzea. Honela, beraien erabakia hartzea, haiek baitira haien bizitzaren jabe bakarrak. Bestetik, denen kontra borrokatzeko, munduan lagun onak edukitzeko.

Sara Olaizola, erdilaria:

Zer da zuretzat zure sorterrian horrelako harrera jasotzea?
Egia esan, ez genuen espero hainbeste jende biltzea, bai familia eta lagunen artean, eta izugarria da guretzat.

Aurretik Mariño eta Oiartzun taldeetan ibili ondoren, nola sentitzen zara orain Realarekin Erreginaren Kopa irabazi ostean?
Realarekin jolastea pasada bat izan da niretzat eta, gainera, lehen urtean hau guztia bizitzea izugarria da. Kopa irabazi ostean jende asko egon da gurekin Donostian eta herri desberdinetan eta zaila da egun hauetan bizitako guztia deskribatzea.

Granadara zein Gipuzkoan hainbeste jende zuen alde mugitzea espero zenuten?
Granadan jende askok ikusi zuen gure partidua eta telebistan ere ikusle kopurua sekulakoa izan zen. Hortaz gain, Donostiara iritsi eta hainbat zale ikustea zoragarria da.

Honen ostean, hurrengo partiduetara zale gehiago hurbiltzea espero duzue?
Bai, polita izan da finalera jende asko hurbildu delako, baina, hemendik datorren urtera jendea gurekin gelditzea gustatuko litzaiguke, ez soilik garaipenetan, egunerokotasunean baizik. Hortaz gain, klubak emakumezkoen futbola babesteko esfortzu handiagoa egitea gustatuko litzaiguke.

 

Leire Baños, defentsa:

Zelakoa izan da Irunen taldeak jaso duen harrera?
Egia esan, ez genuen horrelako harrerarik espero, izugarria izan da eta hitzik gabe gaude.

Ospakizunek ahotsik gabe gelditu zara?
Bai, ospakizunaren ostean denak erdi gaixo erdi ahul gaude, baina, hori seinale ona da, garaipena behar bezala disfrutatu dugula erakusten duelako.

Zuk eman zenion Nahikariri golerako pasea, nolakoak izan ziren segundo horiek zuretzat?
Kontrolatzen saiatu nintzen, baina ondo iristea lortzen ez nuela ikusita, Nahikariri erdira botatzea erabaki nuen. Gola sartzen zela ikustea sekulakoa izan zen, hasieran bakarrik ospatzen gelditu nintzen, baina, gero gainontzeko jokalariekin elkartu nintzen.

Zein datorkizu burura une horretan?
Batez ere, partidua ikustera etorri ziren guztiak. Hala ere, garaipenean alboan izan ditugun guztiei eskerrak ematea gustatuko litzaiguke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude