Bidasoa Irun taldeak denboraldia borobiltzea lortu zuen maiatzaren 25ean Artalekun jokatutako partiduan. Talde bidasotarrak Cuencako Liberbank taldea garaitu zuen markagailua 27-21 puntuekin itxi ostean. Etxean lortutako azken garaipen honi aurreko astean Logroñon lortutako ligako txapeldunorde postua eta datorren urtean Europako norgehiagokan jolasteko pasea batu behar zaizkio.
Bidasoa Irun klubak denboraldi bikaina egin du Liga Asobalerako azken partidura arte. Maiatzaren 18an bi puntutako aldearekin Errioxako BM Logroño taldea garaitu ostean, talde irundarrak 1993-1994 denboralditik eskuratzen ez zuen saria jaso zuen: Europako txapelketara itzultzeko pasea. Egun berean talde bidasotarrak lorpen bikoitza eskuratu zuen, izan ere, Liga Asobalaren barnean txapeldunorde postua ziurtatzea lortu zuen.
“Zaila izan arren, datorren urtean aurtengo emaitzak
berdintzen edo hobetzen saiatuko gara”
Kauldi Odriozola, Bidasoako jokalaria
Lorpenak bermatuta izanda ere, Bidasoak partiduen maila altuari eustea lortu zuen eta denboraldiko azken garaipena oparitu zien zaletu irundarrei Artalekun. Jacobo Cuetara Bidasoako entrenatzaileak honela baloratu zuen denboraldiko partidua: “Bi klubek jokoan ezer gutxi genuen arren, partidu on eta serio bat jokatu dugu eta gauzak gaizki atera direnean sufritu dugu”. Lehenengo zati borrokatu eta berdindu baten ostean, Bidasoak bigarren erdian markagailuan Liberbank Cuenca taldetik aldentzea lortu du, azkenik markagailua 23-18 puntuekin ixteko. Bidasoako eskuin hegaleko Kauldi Odriozola jokalariak azaldu duenez, “denboraldia modurik onenean amaitu dugu: Artalekun sekulako giroa eta garaipenarekin”.
Denboraldi osoaren errepaso azkar eginez gero, talde irundarrak emaitza bikainak eskuratu ditu. Ligako lehen itzulia bigarren postuan amaitu zuen. Atsedenaldi labur baten ostean, Bidasoak bigarren buelta ia perfektua oparitu die zaleei, izan ere, jokatutako partidu guztiak irabazi ditu, porrot bakar bat eta bi berdinketa kenduta. Kauldi Odriozola jokalariak adierazi duenez, “zaila izan arren, datorren urtean aurtengo emaitzak berdintzen edo hobetzen saiatuko gara”.
Merezitako festa
Denboraldiko lorpen guztiak ospatzeko asmoz, maiatzaren 25ean festa ederra antolatu zuten Artalekun. Eguraldia ospakizunak zapuzten saiatu bazen ere, kiroldegiaren kanpoaldeko aparkalekuan kokaturiko karpan goizean zehar haurrentzako jolas eta ekintza ezberdinak antolatu ziren. Eguerdian, zaletuak paella erraldoi baten inguruan bildu ziren eta, bazkarian parte hartu ez zuten jarraitzaileak, arratsaldeko 16:00etan Urdanibia plazatik irten zen txarangaren erritmora igo ziren Artalekura.
Guztira, 1.823 ikusle bildu ziren harmailetan partiduaz gozatzeko sarrera guztiak amaitu ostean. Denboraldiko azken garaipenaren ostean, jokalariak ospakizun festara batu ziren eta karpan kamisetak zozkatu eta zaletuen posterrak sinatzen ibili ziren. Txarangarekin batera jokalariek Kale Nagusia jaitsi eta ia konturatu gabe Artalekutik Udaletxeko balkoira pasa ziren zaletuekin denboraldiko lorpenak ospatzeko.
Omenaldietarako tartea
Ospakizunez gain, azken partiduak omenaldietarako tartea utzi du ere. Arratsaldeko partidua abiatu aurretik, Bidasoa klubeko jubenil eta kadete mailetako talde femeninoak omendu zituzten, historian lehen aldiz Euskadiko Liga Femeninoan sartzea lortu ostean. Jarraian, Realarekin Erreginaren Kopa eskuratu zuten Sandra Ramajo, Sara Olaizola eta Leire Baños jokalari irundarrek ere omenaldi berezi jaso zuten. Partiduaren amaieraren ostean, klubaren barneko omenaldietarako txanda izan zen izan ere, Iñigo Aldaba jokalariak Gurutz Aguinagalde presidente eta Jose Angel Sodupek presidente ohiaren eskutik ohorezko txapela jaso zuen Bidasoarekin bere azkeneko partidua jokatu ondoren.