Bigarren B mailan mantenduko da Real Union taldea hurrengo denboraldian

Denboraldi makur baten ostean, Real Union taldeak Hirugarren mailarako jaitsiera saihestea lortu du. Ekainaren 2ean arratsaldeko 18:30etan Stadium Galen jokatutako playout-eko partiduan nagusitzea lortu zuen talde txuri-beltzak, Jumilla taldea jaitsierako postuetara kondenatuz. Azkeneko partiduetan bezala, estadiora sartzeko sarrera doakoa izan zen eta, horrek, zelaira talde irundarreko zaletu asko hurbiltzea eragin zuen. Gainera, futbolzelaiaren kanpoaldean haurrentzako puzgarriak eta edariak eta pintxoak banatu zituen barra bat kokatu zen.

Real Union eta Jumilla taldeak jaitsierako postua saihesten saiatu ziren ekaineko lehenengo igandean. Partiduan zehar Jumillako taldea ondo defendatu bazen ere, Real Unionen talde bisitaria garaitzea lortu zuen partiduaren amaieran. Partiduko lehen gola Alain Eizmendik sartu zuen 43. minutuan. Denborak aurrera egin ahala, markagailuan aldaketa gutxi izan ziren, partiduaren 85. minutuan, partiduaren amaierarako minutu bat falta zenean, German Saenzek eragindako penalti baten ondorioz, Orbegozok bigarren gola sartzeko aukera topatu zuen arte. Azkenean, markagailua 2-0 amaitu zen, talde irundarraren alde.

Joaneko partidua
Bigarren B mailan jarraitzeko kanporaketaren joaneko partidua talde aurkarien arteko binako berdinketarekin amaitu zen. Talde irundarra markagailua 0-1 bere alde zuela iritsi zen atsedenaldira, izan ere, partiduaren 8. minutuan epaileak Real Unionen alde markatutako penaltiari esker Galanek partidako lehen gola sartzea lortu zuen. Gainera, lehen zatian zehar Irazusta atezaintzatik aurkarien gol aukera guztiak geldiaraztea lortu zuen.

Partiduaren bigarren zatia, ordea, maldan behera hasi zen talde txuri-beltzarentzat. Jumillako Manolo Lopezek, 54. minutuan berdinketako gola sartu zuen. Real Unionek egoerari aurre egitea lortu zuen partiduaren 70. minutuan Iosu Esnaolaren bigarren golarekin. Talde txuri-beltzak garaipena gertu ikusi badu ere, Jumillak berdinketarako gola sartzea lortu zuen partiduaren luzapenean.

Berdinketen urtean
Azken partiduen atarian estatistikei erreparatuz gero berdinketak nagusitzen dira Real Unionek Ligan zehar lortutako emaitzen artean. Zehazki, azken partiduko emaitzak kontutan hartuta, talde txuri-beltzak 10 garaipen, 17 berdinketa eta 12 galera lortu ditu aurtengo denboraldian zehar. Azken partidu hau jolastu aurretik, talde irundarra Ligako Bigarren B mailako 16 postuan aurkitzen zen 44 punturekin. Atzetik Gernika, Vitoria, Gimnastica eta Durango bezalako taldeak zituelarik. Egoera hau ikusita, urruti gelditzen dira 2002-2003 zein 2008-2009 urteetako denboraldietan Real Union taldeak Bigaren B mailako txapeldun gisa eskuratutako tituluak.

Azken aukera
Bigarren mailako B taldeko iraupena bermatzeko azken aukera eman zuen partidura ahalik eta zaletu txuri-beltz gehien hurbiltzeko helburuarekin antolatu zen. Horretarako, igandean Stadium Galera sartu eta partiduaz gozatzeko aukera doakoa izan zen eta hiriko ikastetxeen sarreretan partidurako gonbidapenak banatu zitzaizkien zaletu gazteenei.

Guztira, 5.000 ikusle inguru bildu ziren azkenean futbolzelai irundarrean. Gainera, txaranga betek hiriko kaleetan barrena giroa zabaldu eta jarraitzaileak Stadium Galeraino lagundu zituen. Hortaz gain, futbol-zelaiaren kanpoaldean haurrentzako puzgarriak eta edariak zein pintxoak eskuratzeko barra bat ipini zen ere, norgehiagoka garrantzitsu honen atarian giro ona nagusitu zelarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude