Bidasoa Itzulia, etorkizuneko izarren harrobi

Maiatzaren 7tik 10era izango da Bidasoa Itzuliaren 42. edizioa. Aurtengo itzuliak 20 talde eta 140 korrikalari gazte elkartuko ditu. Bidasoa-Txingudi osatzen duten Irun, Hondarribia eta Hendaia hiriak zeharkatzeaz gain, Orioko herriak ere sentituko ditu txirrindularien taupadak. Nahiz eta krisi ekonomikoak antolakuntzan eragina izan, Estatuko itzuli garrantzitsuenetariko bat izaten jarraitzen du.

533683_314712291929949_838194463_n

Mugaren beste aldean, Hendaian hain zuzen ere, hasiko da 42. Bidasoa Itzulia. Irungo Urdanibia plazako obrak direla eta, Gaztelu Zahar ingurura eraman dute lasterketaren irteera-lerroa. Zaleek etorkizun handiko 20 taldeetako 140 txirrindulari ikusteko aukera izango dute egun horietan. Gehienak Estatuko txirrindulari taldeak dira. Hala ere, badaude atzerritik etorritakoak ere. “Italia, Belgika, Frantzia eta Errusiatik etorritako 4 talde daude. Hori gutxi balitz, kirol honen barruan etorkizun oparoa duten Estatuko txirrindulariak ditugu” dio Antton Mendiak, Bidasoa Itzuliko antolakuntzaren zuzendariak.
Berrikuntza ugari
Lau etapa izango ditu aurtengo itzuliak. Berritasun nagusia da Orio hirugarren etapako protagonista izango dela. “2012an ibilbidearen parte izan zen Orio, eta arrakasta handia izan zuen. Hori dela eta, aurten etapa hori berreskuratzea erabaki dugu”. Gainontzeko ibilbidea nahiko antzekoa izango da, baina irteera-lekua aldatzearekin batera helmugarena ere aldatuko da. “Irungo Hondarribia kalean egongo da lehendabiziko etaparen helmuga”.
Itzuli honek duen etapa malkartsuena aukeratzeko orduan, oso argi du Antton Mendia antolakuntza zuzendariak. “Dudarik gabe, Oriokoa da etaparik zailena. Helmugatik 15 kilometrora, Huegun eta Aiako igoerak ditugu, eta bertan %20ko malda duten zatiak badaude”. Etapa erabakigarria eta ikusleentzat politena, berriz, laugarrena da. “Erlaitzeko puntan eraso egiten dute txirrindulari askok eta itzuliko txapelduna bertan erabaki ohi da. Iaz, adibidez, tropel buru zenak bertan galdu zuen lehen postua”.
Izar berrien harrobi
Urtero, etorkizun handiko txirrindulariak elkartzen ditu Bidasoa Itzuliak. Alberto Contador, Abraham Olano, Carlos Sastre eta beste hainbat kirolari handi gure eskualdeko aldapa malkartsuenetan ibilitakoak dira. Aurtengo itzuliak 140 txirrindulariri harrera egingo die, eta horien artean egongo da 42. Bidasoa Itzuliaren txapelduna. Antolakuntzako kide diren Jose Rodriguezek eta Jorge Garciak argi dituzte lider maillota janzteko hautagaiak. “Davide Martinelli, Italiako 23 urte azpiko txapelduna, Loic Chetout frantziarra, Marc Soler edo Alain González izan daitezke tropelaren buru”.

SANTI-RAMÍREZ-ABRIENDO-PELOTÓN

Antolaketa lan zaila

1998an hartu zuen itzuliaren zuzendaritza Antton Mendiak. “Oso lan nekagarria da, baina, aldi berean, oso aberasgarria. Txirrindulari eta zuzendari tekniko ugari ezagutu eta lagun ugari egiten dituzu”. Aurrekontuaren %25eko murrizketarekin lan egitea ez da batere erraza; hala ere, urtero euren onena ematen dute Anttonek eta gainon-tzeko antolatzaileek. Etorkizunari begira, egungo kideei ezinbestekoa iruditzen zaie belaunaldi-txandakatze bat gertatzea. “Gazteen indarra eta gogoak ezinbestekoak dira Bidasoa Itzuliak arrakastaren bidetik jarraitzeko”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude