Iritzia. Yurre Ugarte. Jainkosentzako opariak

shiva

Honako publizitate puska jaso dugu etxeko buzoian emakume askok: “Ama-Shiva, ama-jainkosentzako opariak”. Bezero gehienak emakumezkoak dituen nazioarteko kosmetika eta lurrin-denda baten azkeneko publizitate kanpaina da, “amaren eguna” deiturikoaren karietarat abiarazitakoa. Hor ageri da mendebaldeko emakume zuri bat, modelo profesional bat, itxuraz eta ustez “perfektu” diren horietako bat. Shiva hinduismoaren jainkoari izena kendu eta, haren zortzi besoen pareko, modeloari sei beso ipini dizkiote, baita beso horietako bakoitza urrez apaindu ere: ordulari distiratsu mordoa beso batean, askotariko pultserak beste batean, urrezko eskularrua bestean, eraztun deigarri andana beste hartan, eta abar. Enegarren aldiz ama-emakumeen izate jainkotiar ahalguztiduna erabili dute, gure kulturan hain errotuta dagoen amaren irudi zehatz horretaz baliatuz, alegia, “gauza asko di-da eta guztiak ondo egiten dituenarena (esparru profesionalekoak ez diren gauzak, batez ere)”. Okurritu zaien esaldiak argi uzten du: amak, Shiva jainkosa moderno horiek, egunez egun inposiblea posible bilakatzen dutenak. Tira, ea nork ez duen jainkosa sentitu nahi (behingoagatik, edo egunero, edo ametsetan). Zertarako, baina, hori guztia?… Opariak egin diezaizkiguten, alajaina: lurrin-flaskoa, edo kosmetiko kiloa, eder-ederrak bilakatuko gaituztenak, modeloaren antzeko, hotz, perfektu, zentzugabe. Kanpoko itxura mantentzen lagunduko digun opari batekin konformatuko gara-eta, eguneroko miraritxoak egiten jarrai dezagun. Baina, eskas eta zuhur aritu dira publizista hauek, Shivaren ezaugarri esanguratsu asko baztertu baitizkigute (googleatu besterik ez zuten): ea, non utzi dute gizonezko jainkoa den Shivaren hirugarren begia, hau da, itxuretatik harago ikusten duen begia? Eta non da Shivaren ile nahaspilatu eta librea, haizearen jainkoa delako seinale? Non kobra-sugeez eginiko koilarea, heriotza gainditu duenaren ikur?
Bistan da, guri, eta Shiva etxeraino ekarri digutenez, erregutzea besterik ez zaigu geratzen: Shiva yogi orojakile, dantzari kosmiko, ama lurtar mugatuok zure laguntza behar dugu berdintasun sakratuaren izenean, ez baikara konformatzen lurrin-botila eta ezpainetako garestiekin, oso gustukoak izanagatik. Benetako opari-mirari bat nahi dugu, adibidez, Irunen bertan, udalaren III. Berdintasun planak behar du jai parekideen atala lantzea eta onartzea. Mila urtean kosmetika oparirik ez jasotzearen truke, otoi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude