San Jose Langilea futbol-zelaiak emakumeen kirola ikustarazteko horma irudi berria du

Gaur goizean estreinatu du San Jose Langilea futbol-zelaia apaitzen duen horma irudi berria. Sarah Grandes artista irundarraren lana da eta emakumeen kirola ikustarazteko helburuarekin egin da. Ideia Irungo haur eta nerabeen parte-hartzea bideratzeko sortutako IRUNBIXI foroko gazte talde batek aurkeztutako ideian du jatorria. Artistaz gain, aurkezpenea nJosé Antonio Santano Irungo alkatea eta Nuria Alzaga Gazteriako ordezkaria izan dira.

Proiektua El Pilar ikastetxeko nerabe talde baten bidez egin da; foroan parte hartu zuten 2022-2023 ikasturtean, eta neska eta nerabeen artean kirola sustatzearen gaiari heltzea proposatu zuten. Ideia horiei Irungo Udalarenak batu zitzaizkien eta, foroaren bileretan Udaleko teknikariek eta Parean Elkarteko kideek parte hartuta, gaia lantzeko solasaldiak sustatu ziren eta proposamenak bildu.

Ostiralean hasi zen Sarah Grandes obra marrazten, eta haurtzarotik helduarorako bidean Irunen presentzia berezia duten zenbait kiroletan aritzen den neska bat agertzen da, adibidez piraguan edo igerian.

Jose Antonio Santano Irungo alkateak obrak duen balioa nabarmendu du, hirian emakumeek egiten duten kirola ikusten eta ikusarazten laguntzen du eta. Alkateak adierazi du Irungo Udalak berdintasunaren aldeko ekimenak sustatzen jarraituko duela, esparru guztietan, baita kirolean ere. “Horregatik, horma-irudi honen bidez hiriko emakume kirolari guztiei omenaldi bat egin nahi diegu eta, aldi berean, emakumeek kirolean duten rola ikusarazi eta aldarrikatu nahi dugu, neskek eta emakume gazteek ere beren erreferenteak izan ditzaten, inspirazio-iturri gisa eta haiengan beren burua islatua ikusteko”, gaineratu du alkateak.

Horma-irudiaren xehetasunak

Irudian, neska batek helduarora bitartean zenbait kirolekin duen erlazioa erakusten da. Irunen presentzia berezia duten diziplinak dira, hala nola piraguismoa edo igeriketa, eta askotariko kontzeptuak transmititzen ditu: indarra, ilusioa, dedikazioa, ahalegina eta harrotasuna, besteak beste. Alderdi formalari dagokionez, berdea eta harea kolorea dira nagusi. Egilearen hitzetan, berdeak naturari, osasunari eta zorionari egiten dio erreferentzia, eta harea koloreak harremana du argitasunarekin, baikortasunarekin, bakearekin eta atsedenarekin.

IRUNBIXI

IRUNBIXI Irungo haurrek eta gazteek parte hartzeko foroa da, eta haren xede nagusia da herritartasun aktiboa sustatzea haurren eta gazteen artean. Irungo Haur eta Gazteen I. Planaren barruko ekimena da, Udaleko Gazteria Zerbitzuak sustatuta. Ekimenean parte hartzen duten ikastetxeetan, haur eta gazteen interesak eta proposamenak jasotzeko bilerak egiten dira hilean behin, eta ondoren Udalari jakinarazten zaizkio. Iaz, ikastetxe hauek parte hartu zuten ekimenean: San Vicente de Paúl, El Pilar eta Belaskoenea. Aurten, ikastetxe hauetan antolatuko da: Eguzkitza, Lekaenea eta Txingudiko lehen hezkuntzan eta Toki Alai eta El Pilarreko bigarren hezkuntzan.

Sarah Grandes

Sarah Grandes Artean graduduna da, eta askotariko arte-diziplinak lantzen ditu, hala nola pintura, muralismoa, eskultura edo erakusketen komisario-lanak.  Zenbait erakusketa egin ditu bakarka, eta hainbat lehiaketa irabazi ditu, hala nola Adour-Bidasoa 2023 lehiaketa, artista gaztearentzako sariarekin, «Zerutik gertuago» izeneko obra batekin. 2022an, 18 cm arte-lehiaketako eskultura onenaren saria irabazi zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude