Gazteria arloak jakinarazi digunez, Irungo haur eta gazteen foroaren 2022-2023 ikasturteko hasierako ekitaldia azaroaren 18an egingo da Udalaren Musika Eskolan. Bertan izango dira José Antonio Santano alkatea eta Santi Jiménez Hezkuntzako ordezkaria, bai eta San Vicente de Paúl, Belaskoenea eta El Pilar ikastetxeetako ikasle batzuk ere. Elkarrekin eta teknikari, hezitzaile eta arduradun politikoekin partekatuko dute Iruni buruz duten ikuspegia eta haurren eta nerabeen eskubideen inguruko iritzia
Haurren eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko helburua zuen, besteak beste, Irungo Udalak 2021eko otsailean aho batez onetsi eta 2024ra arte indarrean egongo den I. Haurren eta Nerabeen Planak. Horrela, herritar aktiboak sustatu nahi dira, eta haur eta nerabeen ahalduntzea erraztu, hiriko gai politikoetan parte har dezaten.
Asteburu berezia
Bilkura horrek bat egiten du azaroaren 20an ospatzen den haurren Eskubideen Egunarekin. Zenbait ekimen antolatu dira egun horren inguruan. Larunbatean, guraso eta hezitzaileentzako jardunaldi bat egingo da Palmera Monteron, eta igande goizean jolasak antolatuko dira Colón pasealekuan, Igandero programaren barruan.
Alde batetik, hilaren 19an (larunbata), gurasoei zuzendutako hitzaldi batzuk eskainiko dira Palmera Monteron, etxeko txikiengan jolasak duen rolaren inguruan. Topaketaren leloa «Adi! Jolasten ari gara!» da. Jardunaldi honetan izena emateko epea azaroaren 4an irekiko da, Udalaren webgunearen bidez (www.irun.org).
Gainera, azaroaren 20an, igandearekin, Haurren Eskubideen aldeko nazioarteko Egunean, hain zuzen, haurrentzako jolas-jarduera ugari eskainiko dira Zabaltza plazan eta Colón pasealekuan, Igandero ekimenaren programaren barruan. Txikis del Bidasoarekin elkarlanean, 12 urte arteko haurrei zuzendutako jarduera batean parte hartuko dute Santiagoko Deabruek, Txiribueltak, Bidasoa Xake Klubak, Turukutupak, Emhanek, Tinta Comicsek, Txispumek eta Parean Elkarteak. Egun horretan, A&B Showsen eskutik joango da kale-dinamizazioa (Asier Burguete). Horrela, haurrek askotariko aukerak izango dituzte gozatzeko: soinu-instalazioa, irakurtzeko espazioa, mahai-jokoak, xakea, psikomotrizitatea lantzeko espazioa, egurrezko jolasak, eraikitzeko gunea, ginkana, etab. 11:00etan hasiko da, eta 13:45ak arte luzatuko.