Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak, Mugen Gainetik eta Baketik entitateekin elkarlanean, ‘Emakumeen partaidetza memoriaren eraikuntzan: Euskadiko eta Guatemalako esperientziak’ azterlana aurkeztuko du datorren asteazkenean, martxoaren 26an. Aurkezpena Irungo Emakumeen Etxean egingo da arratsaldeko 18:30ean, Jone Otero ikertzailearen eskutik.
Ikerlanean, Guatemalako eta Euskal Herriko 11 emakumeren testigantzak bildu ditu generoan adituak. Testuinguruan urrun badaude ere, gatazka-lekuetan emakumeak izateagatik zailtasun-, diskriminazio- eta indarkeria-esperientziak partekatzen dituzte.
Jone Oterorekin batera, Mugen Gainetik elkarteko Aintzane Muguruzak eta Baketik Fundazioko Ainhoa Azkaratek hartuko dute parte aurkezpenean; izan ere, ikerketa hori bi erakundeek elkarrekin garatzen duten proiektu honetan txertatzen da: ‘Memoria, ikuspegi feminista tokiko eta global batetik, elkarbizitza baketsua eraikitzeko tresna gisa’.
Proiektu horren helburua da gatazken ondorengo baketze eta berreraikitze sozialeko prozesuetan emakumeek betetzen dituzten rolen inguruan hausnartzea. Sarrera librea izango da, lekua bete arte, eta publikoari parte hartzeko gonbita egingo zaio, hausnarketak eta galderak egin ditzaten.



