Irailaren 21ean Bakearen Nazioarteko Eguna ospatuko da Irunen

Datorren asteazkenean, irailak 21, Bakearen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Horren dela eta, zenbait ekimen gauzatuko dira Irunen, Udaleko Balioen eta Giza Eskubideen arloak antolatuta. Ostegun honetan emandako prentsaurrekoan, aurreikusitako jarduerak aurkeztuko ditu Rebeca González rdezkariak, jardueretako batez arduratuko den GHKren ordezkari Garikoitz C. Muruak lagunduta.

«Bakea ez da gatazkarik ez izatea bakarrik. Bakea giza eskubide bat da: pertsona guztiek dute bakean bizitzeko eskubidea, bake bidezko, jasangarri eta iraunkor baterako eskubidea, Unescok aldarrikatzen duenez.  Baina balio bat ere bada, gizakiok lasai bizitzeko gaitasun gisa definituta, gizarte-bizikidetza osasungarri batean», adierazi du Rebeca Gonzálezek.

Jarduerak irailaren 21ean bertan hasiko dira, gazteen eta adinekoen arteko «Balioen loratzea» foroaren bigarren edizioarekin. Martindozenea gaztelekuan izango da, 17:00etatik 19:30etara. Topaketa horren helburua balioak belaunaldien artean partekatzea da, hala nola enpatia, elkartasuna, errespetua, tolerantzia, pazientzia, erantzukizuna eta justizia.  Aurreko edizioa COVID-19aren ondoriozko krisi sanitarioaren testuinguruan egin zen, eta agerian utzi zuen zer garrantzia duen altxor gisa bildutako balio tradizioen transmisioak, adinekoen esperientzien eta ezagutzen bitartez belaunaldi gazteen mesederako, bai eta horien inguruko elkarrizketa bateratuak ere.

Hiriko adinekoei eta 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena da. Lehenengoek hiriko gizarte-zentroetan eman dezakete izena, eta bigarenek, aldiz, Udalaren webgunean.

Edizio honetan, berriz ere, belaunaldien arteko topaketa bat proposatzen da, bakearen eraikuntzan parte hartzeko. Horretarako, funtsezko zenbait balio hartuko dira oinarritzat, hala nola justizia, lankidetza eta pertsonen eta herrien arteko elkartasuna.

II. foro-topaketa honetako belaunaldien arteko elkarrizketan oinarrituta, zenbait gaitasunen garapena sustatu nahi da, hala nola komunikazioa eta lankidetza, gatazken inguruan bakoitzak duen pertzepzioa taldean lantzeko eta, aldi berean, indarkeria baztertzeko aukera ematen duten proposamen originalei buruz hausnartzeko, eskubide pertsonal eta sozial guztien garapena ahalbidetze aldera. Ildo horretan, garrantzitsua da pertsonen osotasuna eta eskubideak errespetatuz jarduteko printzipioak eta balioak zeintzuk diren jakitea, bai eta erantzukizunak, enpatiak, elkartasunak eta justiziak duten balioa azpimarratzea, bizikidetza baketsurako eta bakearen kultura mantentzeko ezinbesteko zutabe gisa.

 

Bakearen usoak eta zinema

Programa beste bi jarduerak osatzen dute.

  • Hilaren 21ean, asteazkenarekin, 17:00etatik 19:30etara, bakearen usoaren formako panel bat osatuko da Solas Jolaseko haurrek egindako marrazkiekin. Bertaratzen diren haur txikiek, gainera, bakearen usoaren forma duen euskarri batean gainean marrazkiak egin, margotu eta idazteko aukera izango dute. Bakearen eta maitasunaren ikurra duten lepokoak egitea proposatzen da, halaber.
  • Film baten proiekzioa: The Breadwinner (El pan de la guerra), 2017. Animazioa. 93 min. Filma ostegunean emango da, irailak 22, 19:00etan, Amaia KZko hitzaldi-aretoan.

Sinopsia: Parvanak hamaika urte ditu, eta Afganistango hiriburu Kabulen bizi da, talibanak nagusi diren garaian. Aita atxilotzen dutenean, familiako kideak baliabiderik gabe geratzen dira, emakumeek debekatua baitaukate dirua irabaztea. Horri aurre egiteko, Parvana mutiko bihurtzea erabaki dute, lan egin ahal izan dezan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude