Giza eskubideak landu dituzte Gazte Udalbatzan

4.DBHko 200 ikasle inguruk parte hartu dute prestaketan, eta 25 ordezkari eduki dituzte udaletxean

Gazte Udalbatza egin dute abenduaren 19an Irungo Udaletxeko areto nagusian. Eguzkitza, San Vicente de Paul eta Toki-Alai ikastetxeetako 4.DBHko hogeita bost ikasle aritu dira bertan. Giza Eskubideak eta Balioak arloak antolatu du ekimena, eta Monica Martinez ordezkaria izan du buru. 2004an hasi zuen ibilbidea Gazte Udalbatzak.

180 ikasle baino gehiago aritu dira, hilabeteetan zehar, udalbatzan eztabaidatu dituzten gaiak ikastetxeetan lantzen. Parte hartze prozesu bat aurrera eraman dute, eztabaidatzeko eta bozkatzeko proposamenak adosteko helburuarekin. Dinamika ezberdinak landu dituzte ikasgeletan, horretarako. Elkarrizketa, argudiaketa, iritzien defentsa, entzumen aktiboa eta enpatia landu dituzte, besteak beste.

Hamabost proposamen eztabaidatu dituzte

Giza Eskubideak eguneroko bizitzan aplikatzeko hamabost proposamen egin dituzte ikasleek, ikastetxeetara, hirira, familiara, sare sozialetara eta harreman afektiboetara zuzenduak. Arlo horietan, hobetu beharreko egoerak identifikatu dituzte: arrazismoa, homofobia, matxismoa eta bullyinga, adibidez. Horiek izan dira, hain zuzen ere, Udalbatzako eztabaida gai nagusiak.

“Prozesu hauek nola funtzionatzen duten uler dezakete, eta haien garrantziaz jabetu”

Monica Martinez, Giza Eskubideak eta Balioak arloko ordezkaria

Aurtengo Gazte Udalbatzaren balorazio baikorra egin du Monica Martinez Irungo Udaleko Giza Eskubideak eta Balioak arloko ordezkariak: “Hiriko ordezkari politikoen rola har dezakete gazteek programa honen bidez, irundarron egunerokoan eragiten duten gaiei buruz eztabaidatuz. Prozesu hauek nola funtzionatzen duten uler dezakete, eta haien garrantziaz jabetu”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude