Munich, neguko paradisua

GORKA MARTINEZ (unpaisenmimochila.blogspot.com)

1.400.000 biztanlerekin, Alemaniako hirugarren hiria da, populazioari dagokionez, Berlinen eta Hanburgoren ondoren. Alemania hegoaldean dago, Bavarian, Austriarekin muga egiten duten Alpeetatik gertu. Bizitza maila altua da bertan, janarian eta garraiobideetan nabarituko dugu, besteak beste. Alemana da hizkuntza ofiziala, baina bavariera ere hitz egiten da. Ingelesarekin ez dugu arazorik edukiko, ia mundu guztiak hitz egiten baitu bertan.

Hezkuntza eta errespetua dira gizarte alemaniarraren zutabeak. Horregatik, bitte (mesedez) eta danke (eskerrik asko) une oro entzungo ditugu. Urtarrilean, eguzkia jartzerakoan, tenperaturak 0º azpikoak izan daitezke, eta elurra ere egin dezake maiz. Kasu horietan, garagardotegi batean babesa hartzea aukera ona izan daiteke. Ezin ahaztu, Munich Oktoberfest famatuaren jaioterria dela. Bier edo garagardoa, txerri-ukondoarekin edo saltxitxa zuriarekin lagundu dezakegu.

Municheko aireportuko tren geltokira iritsi bezain pronto, 10 bidairentzako ticket-a erostea komeni da. Trenetarako eta autobusetarako balio du. Bi tren mota daude: U-Bahn (metroa) eta S-Bahn (aldirietako trena). Geltokiak eta trenbideak elkarbanatzen dituzte hiri erdian.

Bisitari ekiteko, Odeonsplatz izan daiteke leku egokia. Kontzertu areto handia zegoen bertan, eraiki zutenean. Desfile eta hileta handien kokaleku izan da historian zehar. 1923ko estatu kolpeak porrot egin zuen bertan, eta Adolf Hitler zauritua izan zen. Zenbait urte beranduago, hitzaldi jendetsuak eman zituen bertan.

Hofgarten lorategietatik aterako gara, Residenz-eraino. Bavariako errege-erreginen egoitza ohia da. Gaur egun, dekorazio museoa da. Ressidenzstrasse eta Max-Joseph-Platz zeharkatuko ditugu. Marienplatz hiriaren bihotza da, eta bertan, udaletxe berria eta zaharra ikus daitezke. Frauenkirche ere ikus daiteke, Municheko katedrala, 1494an eraikia. Plazatik 500 metrora dago. Viktualienmarkt merkatura hurbilduko gara, eguna amaitu aurretik, produktu alemaniarrak erosteko.

Laburrak eta hotzak dira egunak, beraz, Hofbräuhaus-en bilatuko dugu babesa. Hiriko garagardotegi famatuena da, 1500 urte inguruan eraikia. Platzl-en dago, Marienplatz-etik bost minutura, oinez. Giro bikaina dago bertan, zuzeneko musikarekin eta Prost! (topa) oihuekin. Munich deskubritzen jarraitzeko abiapuntu bikaina izan da gaurko eguna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude