Horrela deitu dio Caser Residencial Anakak zentroko erabiltzaileekin egindako proiektu txiki honi. Izan ere, erabiltzaileek ilusioz hartu dute eguneroko une desberdinetan argazkiak ateratzeko aukera. Azken helburua zentroetan bizi diren pertsonen egunerokotasuna ikusaraztea izan da.
Erakusketa zuri-beltzeko 10 argazkik osatzen dute. Bertan, eguneroko bizitzako uneak, egun berezia ospatzen den beste batzuk eta, nola ez, hainbeste gozatzen duten tailer, irteera eta txangoak islatzen dira. Une horietatik guztietatik, azken batean, bere egunerokotasuna eta gu guztiona osatzen da.
Erakusketa Anakako Caser Residencial egoitzan inauguratu zen apirilaren 26an. Bertan egongo da hilaren amaierara arte, eta, ondoren, hiriko beste espazio batzuetara joango da urtearen amaierara arte. Izan ere, Anakako egoiliarrak protagonistak direnez, erakusketa bertan inauguratzea erabaki da, haiek eta haien senideak izan zitezen erakusketaz gozatzen lehenak. Maiatzetik aurrera, erakusketa beste espazio batzuetara eramango da, eta horietako bakoitzean egongo da ikusgai hilabete batez, gutxi gorabehera.
Erakusketa ibiltaria
Proiektu txiki honen helburua adinekoen bizitza ikusaraztea eta normalizatzea izan denez, erabaki zen interesgarria izango zela erakusketa hiriko hainbat espaziotara estrapolatzea, eta, ahal izanez gero, adinekoen kolektiboarekin zuzeneko loturarik ez zuten espazio sozialak izatea.
Beraz, maiatzetik aurtengo amaierara arte, “Gu Geu” “Así Somos” hiriko honako gune hauetan egongo da ikusgai: “Bar The Museum food and drinks” (Oiasso taberna), “Bar Real Unión”, “Restaurante Fuenterrabía”, “Bodegón Sotero”, “Centro Cívico Palmera Montero”, “Ateneo Bidasoaldea Kabigorri”, eta “Centro Comercial Mendibil”. Palmera Monteroren kasuan, eraikinak adinekoentzako espazio soziala duen arren, erakusketarako leku interesgarritzat jo da, unibertsitatearen egoitza gisa ere jende gaztea oso ohikoa baita bertan.
Espazio itxiez gain, Caser Residencial Irungo Udalarekin harremanetan jarri da argazkiak hiriko kaleetan ikusgai egon daitezen. Horretarako, pentsatu da San Juan plazako obaloa eta San Migel auzoko Javier Esteban Indart kaleak espazio egokiak izan daitezkeela erakusketa hartzeko.