Gabonak antzinako Erroman

Gabonen gertutasuna dela eta Oiasso museotik galdera xelebre bat zuzentzen dizuegu. Nola ospatzen zituzten antzinako erromatarrek Gabonak? Gure ospakizunen antzekoak al ziren? Beraien erritu propioak zituzten edota beste herri batzuen ohiturak moldatu zituzten? Zer funtzio zuen kristautasunak ospakizun hauetan?

Lehenik eta behin kontuan eduki behar dugu Erromaren historia kristautasuna baina askoz aurretikoa dela. Nahiz eta kristautasunak inperioan eragin handia izan, erlijio berri hau erromatar munduko hainbat ohitura eta usadioz hornitu zen. Besteak beste, Saturnaliaz, hots, “Gabon” erromatarrez. Baina bi erlijio eta kultura hauen arteko tirabirak aztertu baino lehen, Saturnalia zertan datzan ikusi beharko genuke.

Neguko solstizioan ospatzen zen, gure abenduaren 21ean, eta Sol Invictus izeneko jai batekin hasten zen. Egun hori da Ipar Hemisferioak eguzki argi gutxien jasotzen duen eguna Lurraren makurdura dela eta. Beraz ospakizun garaia zen, handik aurrera geroz eta argi gehiago baitzegoen munduan. Honi esker, festa oparotasun garaiarekin erlazionatzen zen, izen hura jasoz. Baina zein zen Saturno orduan? Zergatik zuen oparotasunarekin lotura berezi hau?

Saturno, Uranoren semea eta Jupiterren aita zena, bigarren belaunaldiko jainkoa zen. Munduan, bere agintepean zegoenean, urrezko aro bat bizi izan zen, non gizakiek ez zuten lanik egin behar lurraren berezko oparotasunaz gozatzeko. Beraz, Saturnalia jaiek galdutako aro mitiko horren baldintzak islatu behar zituzten. Jendeak jan eta edan egiten zuen egun haietan Io, Saturnalia! oihukatuz.

Jai honen baliokideak beste kulturetan ere aurki ditzakegu. Grezian, adibidez, ezagunak ditugu antzeko jai batzuk, baina hain errealitate zatikatua bizi zen non hiri bakoitzak ospakizun eta egutegi propioak zituen. Jai hauetako usadioen artean bitxikeria batzuk aurki ditzakegu. Atenasen, adibidez, esklaboek jaunekin batera jaten zuten, eta Argosen gizon eta emakumeek janzkera aldatzen zuten beraien artean.

Baina itzuli gaitezen Erromara. Marco Juniano Justino historialari erromatarraren esanetan (K.o. II-III. mendeetan), bazegoen oso antzinako garai batean tribu mitiko bat italiar penintsulan: Aborigenak. Justinok Saturno errege bat bezala deskribatzen du, eta ez jainko baten moduan. Historialariak dioen moduan, Saturno, hain aparteko justiziako gizona omen zen, non inor ez zen bere erregealdian esklabo izan. Jabetza pribatua deuseztatua izan zen, eta gauza guztiak elkarren artean banatzen ziren. Bizimodu horren oroimenez, Saturnaliako jaietan esklaboak askatasun maila handiagoa zuten, eta Atenasen bezala, beraien jabeekin batera jan zezaketen edota leku publikoetan eseri.

Nahiz eta Justinok deskribapen zehatz bat egin, Makrobio izeneko erromatar idazlea (K.o. IV. mendea) dugu gaur egun kontserbatzen den iturri zehatzena, eta ez da oso oparoa. Bere Saturnalia izeneko obran jai hauek testuinguru bat besterik ez dira senatari batzuek gai oso desberdinak tratatzeko. Hala ere Justinoren antzeko hitzak erabiltzen ditu: Zorionezko garaitzat hartzen du, bai oparotasunagatik, baita esklabo eta askeen arteko banaketarik ez zegoelako. Makrobioren esanetan esklaboek gozatzen zuten gehien jai hauetan. Kontuan izan beharko genuke pertsona askorentzat urte osoan aske sentitu zitezkeen egun bakarra izan zitekeela, nahiz eta askatasun oso murritza izan.

Saturnaliak oso ospetsuak izan ziren bere sorreratik. Hauek K.a. 217. urtean ezarri ziren hirian, testuinguru oso latzean erromatarrentzako. Garai hartan Erromak bere gerra ospetsu eta latzena borrokatu zuen, Bigarren Guda Punikoa deritzoguna (K.a. 218-201), non Anibal Barca militarra behin eta berriro garaile agertzen zen. Trasimenoko porrota eta gero, Erromako hiria ezkortasun giro batean murgildurik zebilen, beraz senatuak herriaren kemena sustatzeko, festa hauek ospatu zituen. Hain famatuak egin ziren, zein seiehun urtez festa ospetsuenak izan ziren. Baina kristautasuna inperioan bermatzen zihoan heinean, usadioak ere aldatzen joan ziren. Kristauek atzeman zuten jaialdi hauen garrantzia, eta estrategia oso trebez Jesusen jaiotza garai horietan finkatu zuten. Horrela, herriak ospakizun hauek egiten jarraituko zuen, baina kristoren mezua zabalduz.

Kristautasunak, beraz, garaiko erlijio ugarik bezala, bere inguruko ohiturak xurgatu zituen, eta mendeak igaro ostean, bat bilakatu ziren. Beraz, gaur egun, pentsa dezakegu Gabonak ospatzen ari garen bitartean Saturno gurtzen ari garela. Hortaz, antzinako libazko bat balitz bezala, hartu dezagun ardo, esne edo ezti pixka bat jai hauetan eta ospa dezagun Saturnoren oparotasun garaia.

Salutem vostram! Io, Saturnalia!

Adur Intxaurrandieta Ormazabal.
Antzinako historian doktoredun (USC).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude