Irun inoiz ikusi ez diren Gabonen atarian dago

Irun inoiz ikusi ez diren Gabonak bizitzeko prestatzen ari da. 2022. urtea agurtu eta urte berriari ongi etorria egiteko askotariko ekintzak antolatuko dira hirian. Abenduaren erdialdetik aurrera eta urtarrilaren hasierara bitarte bereziki haurrentzat pentsatutako jarduerak egingo dira. Ohikoa denez, aurten ere ez dira egun horietako hitzordu ohikoenak faltako, baina jarduera berriren bat ere gehitu zaio agendari. Ordutegiak jarduera kopurua bezain zabalak dira; beraz, ordutegiak aldatu egiten dira egunaren eta jardueraren arabera.

Izotz pistak eta txirrista erraldoia
Izotz-pistak izango dira Irungo Gabonetako nobedade nagusietako bat aurten. Aurreko urteetan ere hirian izotz pista bat jarri bada ere, aurtengo nobedadea da aldi berean Irunek hiru izotz pista izango dituela. Izotz sintetikoko pistak izango dira eta abenduaren 16tik urtarrilaren 15era egongo dira irekita. Pista nagusia Luis Marianoko lorategietan jarriko da, 800 m2 inguruko azalera izango du eta zirkuitu eran antolatuta egongo da.

Beste bi pistak Pio XII plazan eta Sarjiako parkean jarriko dira. Pio XII plazako pistak 320 m2 izango ditu eta estalita egongo da. Sarjiakoak berriz, 150 m2 inguru izango ditu eta haurrentzat pentsatuta dago. Era berean, aurreko urtean egin bezala, Sarjia parkean apaingarriak jarriko dira abenduaren 16tik urtarrilaren 7ra parkeari Gabonetako herrixka itxura emateko.

Izotz pista guztiak eta txirrista erraldoia egun eta ordu beretan irekiko dira. Hau da, abenduaren 16tik abenduaren 22ra eta urtarrilaren 1etik 15era pistak eta txirrista arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara irekiko dira. Asteburuetan, larunbat eta igandeetan, pistak eta txirrista goizez irekiko dira ere, 11:00etatik 14:00etara. Abenduaren 23tik 31ra ordutegia inoiz baino zabalagoa izango da, goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara irekiko dira eta. Abenduaren 25ean berriz, izotz pistak eta txirrista itxita egongo dira egun osoan zehar.

Ordutegi bera izan arren, prezioa ezberdina izango da. Izotz pistetarako sarrera 13 urtetik beherakoentzat 2 eurokoa izango da eta 13 urtetik gorakoentzat 3 eurokoa. Hala ere, bonu bereziak eskuratu ahalko dira: izotz pistarako 5 sarrera 13 urtetik beherakoentzat 8 euroan eta 13 urtetik gorakoentzat 12 euroan. Txirrista erraldoian berriz, bidaia bakoitzak euro bat balioko du. Era berean, izotz pistarako eta txirristarako sarrera akonpainatuak eskuratuz gero, 13 urtetik beherakoek 2,50 euro ordainduko dituzte eta 13 urtetik gorakoek 3,50 euro.

Olentzero eta Mari Domingi
Urtero gertatzen den bezala, abenduaren 23an Olentzero eta Mari Domingi Irunera etorriko dira hiriko biztanle txikienen eskutitzak jasotzeko. Gutunak jasotzen hasi aurretik, arratsaldeko 18:00etan Alberto Angera plazatik irtengo dira eta Irungo zenbait kaletatik igaroko dira: Hondarribia kalea, Zubiaurre kalea, Geltoki Kalea, Colón ibilbidea, Fueros karrika, Karrika Nagusia eta San Juan plaza. Jarraian, arratsaldeko 18:30etik 21:00ak arte Olentzero eta Mari Domingi udaletxeko arkupetan egongo dira eta haurren gutunak jasoko dituzte.

Errege Magoak
Urtarrilean, urtea hasi eta egun gutxira Ekialdeko Errege Magoen txanda izango da. Maiestateen morroiak izango dira hirira iristen lehenak eta urtarrilaren 4ko arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara Irungo haurren gutunak jasoko dituzte Udaletxeko Arkupetan.

Hurrengo egunean, urtarrilaren 5ean, arratsaldeko 18:00etan Errege Magoak trenez iritsiko dira Irungo tren geltokira. 18:30ean berriz, Erregeak udaletxeraino eramango dituen kabalgata hasiko da Letxunborro hiribidean. Kabalgataren ibilbidea hau izango da: Hondarribia kalea, Colón pasealekua, Eliza kalea, San Juan plaza, San Martzial kalea, Urdanibia plaza eta Eguzkitzaldea eta Prudencia Arbide kaleen arteko bidegurutzean amaituko da.

Eguberrietako Azoka
Aurten, aurrekoetan bezala, Gabonetako azoka egingo da Zabaltza plazan, tokiko merkatariekin. Abenduaren 16tik urtarrilaren 5era egongo da irekita. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean berriz, itxita egongo da.

Erakusketak
Gabonetan zehar Irunen hainbat erakusketa bisitatu ahalko dira. Esaerako, abenduaren 16tik urtarrilaren 9ra Olentzeroen eta Jaiotzen erakusketa hartuko du Amaia Kultur Zentroak. Irungo Udalak antolatutako erakusketa da, baina, era berean, Gipuzkoako Jaiotzazaleen Elkarteak bere Jaiotzak jarriko ditu erakusgai. Erakusketa bisitatu ahalko da asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era.

Menchu Gal aretoak otsailaren 19ra arte Jose Zugastiren ITSAS eta LOTUrak” erakusketa izango du ikusgai. Erakusketa bisitatzeko egunak ostiralak eta larunbatak 18:00etatik 21:00etara igande eta jaiegunetan 11.30etik 13.30era izango dira.

Palmera Montero gunean urtero bezala BAF 7301 elkarteak Trenen maketen erakusketa egingo du urtarrilaren 4ra arte. Erakusketa arratsaldeetan ikusi ahalko da 17:30etik 20:00etara eta abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da.

Oiasso Erromatar Museoa
Oiasso Erromatar Museoak Gabonak ukitu erromatarrarekin ospatzeko hainbat ekintza antolatu ditu. Nerea Arriola aktore eta clownaren eskutik euskaraz emango diren Haurrentzako Antzerki Tailerrak antolatu dituzte. Antzerki tailerrak Oiasso museoan abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 4ra egingo dira. Tailerrak arratsaldeko 16:30etik 17:45era egingo dira eta 32 euro ordaindu beharko dira horietan parte hartzeko.

Abenduaren 26tik 30era 18:00etatik 19:30era Irakurketa Dramatizatuko tailerrak egingo dira. Ana Pérezek zuzenduko ditu tailerrak eta 20 euroko prezioa izango dute. Abenduaren 22an eta urtarrilaren 4an 18:30etik aurrera euskaraz “Jolastu Nahi?” bakarrizketak egingo dira eta sarreraren prezioa euro batekoa izango da. Abenduaren 27an eta urtarrilaren 3an Mosaiko Erromatarren tailerrak antolatuko dira 6 eta 12 urte arteko haurrentzat 4 euroren truke 11:00etatik 12:30era. Abenduaren 28an eta 4an “Erroma eta Zinema tailerrean gorputz adierazpena landuko dute 8 eta 12 urte arteko haurrek 11:00etatik 12:30era 4 euro ordainduta. Abenduaren 29an eta urtarrilaren 5ean Arkeolab tailerrak egingo dira 8-12 urte arteko haurrentzat 11:00etatik 12:30era 4 euro ordainduta. Azkenik, abenduaren 30ean eta urtarrilaren 7an 10:00etatik 14:00etara Oiassortu pintura lehiaketa antolatuko da adin guztietako pertsonentzat, parte hartzeko 2 euro ordaindu beharko direlarik.

Tailerrak
Irun Factoryk Gabonetako Tech tailerrak egingo ditu abenduaren 26tik 30era. Tailerrak 8 eta 10 urte bitarteko haurrentzat pentsatuak daude eta goizeko 9:30etik 13:30era egingo dira.
Era berean, abenduaren 27tik 30era Menchu Gal aretoan Arte tailerrak egingo dira. Tailerrak arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara egingo dira.

Agenda

Abenduaren

16an
– Sarjia parkean 18:00etan Ametsa Txiki abesbatzaren kontzertua
– Sarjia parkean 19:00etan haurrentzako Gookapi ikuskizuna.

17an
– Luis Marianon eta Colón pasealekuan 13:00etatik 18:00etara Gabonetako Krossarekin lotutako ekintzak.
– Colón pasealekuan “Irun, betiko Gabonak, inoiz ez bezala” inaugurazioa 18:00etatik 22:00etara.

18an
– Amaia Kultur Zentroan Rotary Club Irun-Bidasoaren Gabonetako Ongintzako Kontzertua arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak 15 euroko prezioa izango du.

19an
– Haurren herrixkan, Sarjia parkean, kamiseten serigrafia tailerra 17:30etik 20:00etara.

20an
– Haurren herrixkan zurezko jolasak muntatzeko tailerra 17:30etik 20:00etara.

21ean
– Urdanibia plazan San Tomas azoka eta ikuskizunak 10:00etatik 22:00etara.

22an
– Santiagon Gabonetako bola erraldoia 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era.
– Haurren herrixkan tote bagen serigrafia tailerra 17:30etik 20:00etara.

23an
– Alberto Anguera plazatik Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera 17:00etan eta 21:00ak arte gutunen bilketa San Juan plazan.
– Amaia Kultur Zentroan 20:00etan Náyade abesbatzaren kontzertua. Sarrera gonbidapenarekin.
– Hiriko kaleetan Peña Poteoren emanaldia 19:00etatik 22:00etara.

24an
– San Juan plazan Olentzero eta Eguberri kantuen jaialdia 19:00etan.

26an
– Zabaltza plazan “Tiritirantes” antzerki zirkua 18:00etatik 19:30era.

27an
– Haurren herrixkan “Kimikarin” kimika tailerra 16:30etik 19:30era.

28an
– Haurren herrixkan Birziklatutako materialez egindako instrumentuen soinu-instalazioa eta kontzertua 11:00etatik 13:30era.
– Amaia Kultur Zentroan Bizinemak antolatuta “Harry Potter eta harri filosofala” ikuskizuna 17:00etan. Sarrerak 5 euroko prezioa izango du.
– Irungo erdigunean Deabru Beltzak, perkusio eta piroteknia ikuskizuna 18:30ean.

29an
– Haurren herrixkan Ondare elkartearen eskutik Gabonetako pertsonaiak 17:00etatik 18:00etara.
– San Vicente de Paúl-eko Majoretteak 18:30etik 20:00etara.

30ean
– Ocine Mendibilen Gabonetako Zinema Goiztiarreko saioa euskaraz Pixi Post eta Gabonetako Jenioak filmaren emankizuna 12:00etan.
– Hiriko hainbat kaletan barrena Burrunba Elektrotxarangaren emanaldia 19:00etatik 21:30etara.

31n
– Santiago kalean eta Sarjia parkean Bidasoako Erraldoiak 11:00etatik 13:00etara.

Urtarrilaren

2an
– San Miguelen, Alberto Anguera plazan, Gabonetako bola erraldoia 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era.
– Ocine Mendibilen Gabonetako Zinema Goiztiarreko saioa gazteleraz Klara eta Gabonak baserrian 12:00etan.
– Amaia Kultur Zentroan urte berriko kontzertua Luis Mariano Orkestra eta Ballet Compagnie Lychore-ren eskutik 19:30ean.

3an
– Ocine Mendibilen Gabonetako Zinema Goiztiarreko saioa gazteleraz “Cuidado con lo que deseas” filmaren emankizunarekin 12:00etan.
– Zabaltza plazan Gabonetako pertsonaiak 17:30etatik 19:00etara.

4an
– Haurren herrixkan “Kimikarin” kimika tailerra 10:30etik 13:30era.
– Udaletxeko arkupeetan Maiestateen Morroiek haurren gutunak jasoko dituzte 16:00etatik 20:00etara.
– Hiriko hainbat kaletan Uikan dantza taldearen emanaldia 17:30etik 19:00etara.

5ean
– 18:00etan erregeak tren geltokira iritsiko dira eta 18:30etan Erregeen Kabalgata hasiko da Letxunborro hiribidean.

8an
– Amaia Kultur Zentroan Irun Hiria Musika Bandaren Kontzertua 19:00etan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude