Aurten betetzen da San Martzialeko II. Guduaren berrehungarren urteurrena, eta gertaera hori ospatzeko, Irungo San Martzial Alardeko Agintarien Batzordeak hainbat ekitaldi antolatu ditu. Horietako bat Sagrario Arrizabalaga historialariak pasa den ekainaren 7an eskainitako solasaldi-hizketaldia izan zen.
Bertan, hizlariak San Martzialeko II. Gudua bukatu ostean Iruni emandako esker onak eta ehun urte geroago hiriak mendeurrena nola ospatu zuen izan zituen hizpide.
Arrizabalagaren esanetan, “adituek 1813ko abuztuaren 31n borrokatu zen San Martzialeko II. Gudua erabakigarritzat jotzen dute Independentzia Gerra uler-tzeko. Baina garaiko udal agirietan begiratzen badugu ez da horrelakorik agertzen; izan ere ekonomikoki Irun guztiz hondatuta geratu zen, Espainiako laugarren armadari eta frantsesei bai Udalak eta bai partikularrek jaten eman behar izan zietelako”.
Guduaren garrantzia
Urteak pasa zirenean jakin izan zen benetan zein garrantzitsua izan zen San Martzialeko Gudua irabaztea. Frantsesek Donostia eta Iruñea beraien menpe zuten, eta bakarrik zona hau falta zi-tzaien iparraldeko lurraldea behar zen moduan lotzeko, baina Irunen galdu zuten eta handik aurrera hasi zen haien porrota.
Garaipenetik urte bat pasa eta gero, Irungo Udalak Guduaren lehen urteurrena ospatzea erabaki zuen. Hildakoei omenaldi bat egiteko, San Martzial mendian meza bat eta beste oroigarri batzuk eskaini ziren, baina ez zen espero beste urteetan ospakizun hauek errepikatzea. “Urte bete geroago Estatuko Guda Ministerioak Aipamen Bereziko Guru-tzea sortu zuen, guduan borrokatu zutenei esker onekoa emateko, eta San Martzial santuari ere ezarri zioten, Udalak horrela eskatu zuelako. Orduan, 1815etik aurrera Udalak erabaki zuen urtero abuztuaren 31n San Martzial mendian meza bat eskaintzea, gudua irabazi zela oroitarazteko”, dio historialariak.
Udalaren eskariak
Baina Udala ez zen harekin konformatu eta 1816an, hainbat urtetan erregetzari eskainitako zerbitzuengatik, erregeari bi gauza eskatu zizkion: Iruni meritu oneko eta eskuzabal tituluak ematea, eta guduaz geroztik Junkaleko elizan u-tzita zegoen kanoi bat konpontzea, San Martzialetik salbak egiteko. Fernando VII.a erregeak eskakizunak onartu zituen. Kanoia konpondu zen, baina Irun herriari opari gisa emateko, eta salbak agintari militarrek utzitako beste kanoi berriekin egin ziren. Neurri hura segurtasun arrazoiengatik hartu zen, eta 1882. urtera arte San Martzial eta San Ramon egunetan salbak egin ziren; hau da, Estatuak salbak egitea debekatu zuen arte.
1913an jada salbak ez ziren egiten, baina Irungo Udalak guduaren mendeurrena ospatzeko argitaratu zuen programaren lehenengo orrian agertzen ziren, oroitzapen gisa. Mendeurrena 1913ko abuztuaren 29an, 30ean eta 31n ospatu zen. Irunera ‘San Martzial’ izena zuen armadaren erregimentua etorri zen, Espainiako eta Frantziako agintari ba-tzuk ere mugako herri honetan egon ziren, eta bi herrialdeetako ordezkariek beraien artean zeukaten bakea eta harreman ona goraipatu zuten. Mendeurrenak hildako guztiei, bai irabazleei bai galtzaileei, omenaldia egiteko balio izan zuen.
Hiru egun haietan hainbat ekintza antolatu ziren: pilota partidak, dantzaldiak, danborrada, fanfarreak, Irungo Sporting eta Irungo Racingen arteko futbol partida, bazkariak, prozesioa San Martzial mendira (bertan San Martzialeko II. Guduaren mendeurrenaren monumentua inauguratu zen), mezak, bai eta Mendibilen zegoen zezen plazan banda batzuen kalejira musikal ederra ere. Ekimen harekin bukatu ziren mendeurrenaren ospakizunak.
Hiri titulua ordainetan
“Baina San Martzialeko II. Guduaren mendeurrena ospatzeak esker on asko ekarri zizkion Iruni”, gogorarazi zuen Arrizabalagak. Izan ere, Alfontso XIII.a erregeak Iruni hiri titulua eman zion 1913ko abuztuaren 15ean, eta Udalak, keinu hura esker-tzeko, mendeurrenaren oroitzapenerako sortu zuen domina oparitu zion erregeari.
Alfontso XIII.ak agintari irundarrei eginiko harreran, herriak zituen behar larri batzuez hitz egin zen, eta Irun garatzeko ezinbestekoak ziren hainbat kontu desblokeatu ziren. Mugaren inguruan fabrikak eraikitzea debekatzen zuen legea bertan behera geratu zen, abere indarrez mugitzen zen tranbia elektrifikatu zen, Estatuak Irungo Udalarekin zuen zorra kitatu zen, eta paduren legeak aldatu ziren, halako lurrak Estatuaren eskuetatik Irunen eskuetara pasatzeko eta bertan eraiki ahal izateko. Handik aurrera sortu zen orain ezagu-tzen dugun Irun.
Mikel Mancisidor