Irungo Udalarekin elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Energia Argitu programaren barruan, efizientzia energetikoaren eta zaurgarritasun energetikoaren kontrako borrokaren inguruko bi tailer antolatu ditu. Palmera-Montero Gunean emango dira biak, urriaren 25ean eta azaroaren 7an. Batean, komunitate energetikoen ezaugarriak ezagutaraziko dira, eta, bestean, etxean instalatu beharreko berokuntza sistemari buruzko aholkuak emango zaizkie herritarrei.
Komunitate energetikoa
Urriaren 25ean, 18:00etan, Palmera-Montero Gunean “Komunitate energetikoak. Zer dira eta nola funtzionatzen dute?” tailerra egingo da. Helburua komunitate energetikoei buruzko informazio oso eta zehatza ematea da, eta, horretarako, dagoeneko abian daudenak ezagutaraziko dira, herritarrek uler dezaten zer-nolako eragina izan dezaketen sistema energetikoan. Azken batean, herritarrik gabe ez dago komunitaterik. Horregatik, ezinbestekoa da herritarrek argi izatea zer diren komunitate energetikoak eta nola funtzionatzen duten.
Interesdunek aurrez eman beharko dute izena, urriaren 24rako, argitu@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzita, 605 757 687 telefono zenbakira deituta edo Energia Argitu programaren webgunean sartuta.
Berokuntza sistema egokiena
Azaroaren 7an, 18:00etan, Palmera-Montero Gunean “Jakin ezazu zein den berokuntza sistemarik egokiena zure etxebizitzarako” tailerra egingo da. Etxerako berokuntza sistemarik egokiena zein den deskubritzeko edukiak emango dira. Izan ere, hainbat gai hartu behar dira kontuan: etxebizitza mota, instalatutako tresneria eta hoditeria, etxebizitzaren erabilera… Helburua da herritarrak gaiari buruzko oinarrizko ezaupideez eta berokuntza sistemak bereizteko beharrezkoak diren oinarrizko irizpideez jabetzea, ez dezaten erabaki merkatuko nobedadeen arabera.
Interesdunek aurrez eman beharko dute izena, azaroaren 2rako, argitu@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzita, 605 757 687 telefono zenbakira deituta edo Energia Argitu programaren webgunean sartuta.
Energia Argitu
Energia Argitu programaren helburua da era erraz eta soil batean Gipuzkoako etxebizitzetan, saltokietan, enpresa txikietan… energia kontsumoa murriztea, efizientzia areagotzea eta energia berriztagarriak sustatzea, eta, horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak askotariko baliabideak jarri ditu lurraldeko eragileen eskura, hala nola aurrez aurreko prestakuntza saioak, online tutorialak, energia aurrezteko eta efizientzia energetikoa handitzeko gidaliburuak eta webgune bat.
Energia Argitu Gipuzkoako Trantsizio Energetikoaren Bulegoak sustatzen duen jardueretako bat da. Europar Batasunak finantzatzen du Gipuzkoako Trantsizio Energetikoaren Bulegoa, Next Generation UE funtsen bidez, zeinak Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuak kudeatzen dituen, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.



