Foru Aldundiaren Ingurumen sailak antolatutako Energia Argitu programako 4 tailer egingo dira hirian. Tailerren helburu nagusia eraginkortasun energetikoa eta pobrezia energetikoa prebenitzea eta murriztea da. Lehen tailerra irailaren 22an egin zen eta urriko hilabetean zehar beste 3 tailer emango dira. Etxebizitzen birgaitze eraginkorra, energia berriztagarriak eta kontsumo elektrikoak izango dira hurrengo hitzorduetako hizketa-gaiak.
Energia Argitu programaren helburua energia elektrikoaren kontsumoa modu errazean murriztea da, etxeetako, dendetako eta lurraldeko enpresa txikietako tresnen bidez. José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak adierazi zuenez, “Argituk beharrezko ezagutzak eta tresnak ematen dizkie herritarrei, Gipuzkoak eredu energetikoaren aldaketan aurrera egin dezan”. Diputatuak azaldu zuenez, energia-pobreziaren aurkako borrokan, energia-eraginkortasuna hobetu, elektrizitate kontsumoa murriztea eta mugikortasun birpentsatuz geroz, etorkizunean ekintza horien ondorioak nabariak izango dira.
Irungo alkateak José Antonio Santanok nabarmendu zuenez, Irunen aurrerapauso garrantzitsuak eman dira eremu horretan, izan ere, ibilgailu-flota modu iraunkorrean berritzeko apustua egin da IrunBus zerbitzuko linea bat %100ean elektrikoa izan dadin. Tailer hauen bitartez “gelditzeko etorri den” eredu berria herritarrengana hurbildu eta haiekin partekatu nahi da Irungo alkateak azaldu duenez, aukera horiek eguneroko joan-etorrietan erabiltzeak dituen abantaila guztiak zabaltzen laguntzeko.
“Argituk beharrezko ezagutzak eta tresnak ematen dizkie herritarrei, Gipuzkoak eredu energetikoaren aldaketan aurrera egin dezan”
José Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak
Argitu ekimenaren barneko bigarren tailerra urriaren 6ean egingo da. Tailerra Palmera Montero Guneko 2. aretoan egingo da eta arratsaldeko 18:30etan hasiko da. Kasu honetan, “Etxebizitzen birgaitze eraginkorrari” buruzko tailerra izango da, bide batez, herritarren bizi-kalitatea hobetzera zuzendutako tailerra izango delarik. Izan ere, zenbait elementu hobetzeak hala nola etxebizitzaren isolamendua, eraikinaren estankotasuna, aireztapen-kontrolak eta instalazio eraginkorrak, energia gutxiago kontsumitzeaz gain eta, ondorioz, dirua aurrezteaz gain, etxebizitzetan bizi diren familien osasuna ere hobetzen du (hezetasuna kontrolatzen da, kondentsazioak saihesten dira eta patologiak konpontzen dira). Tailerrean parte hartzeko izen-ematea urriaren 2a baino lehen egin beharko da.
Energia berriztagarriak izango dira Argitu zikloaren hirugarren tailerrean landuko den gaia. Tailerra urriaren 20ean egingo da Palmera Montero guneko 2. aretoan eta hitzaldia arratsaldeko 18:30etan hasiko da. Energia berriztagarrien inguruko tailerrean parte hartzeko izen-ematea egiteko azken eguna urriaren 16a izango da. Jardunaldiaren helburua Irungo bizilagunei energia berriztagarrien instalazioari buruzko ezagutza eta irizpideak ematea da, azken arau-aldaketek teknologia horiek familia bakarreko etxebizitzetan eta etxebizitza-blokeetan instalatzea erraztu baitute. Saio praktiko batean, espezialista batek gaur egun instalazio horiek nola egin daitezkeen argituko du, eta instalazio horietan sortutako energia nola erabil daitekeen aztertuko du, lurraldeko etxebizitzetan dagoeneko martxan dauden instalazioen kasu praktiko errealak aztertuz.
Azkenik, “Kontsumo elektrikoari buruzko datuak” aztertuko dira Argitu zikloaren barnean antolatutako azken tailerrean. Tailerra azaroaren 3an egingo da, arratsaldeko 18:30etan Palmera Montero guneko 2. Kontsumo elektrikoei buruzko datuak ezagutzeko eskubidea praktikan jar dezaten hiritarrei ezagutza eta irizpideak ematea izango da. Horrela, informazio horretatik abiatuta, kontsumo elektrikoa murrizteko behar diren erabakiak hartzeko baliabideak eskura izango dituztelakoan. Azken tailer honetan parte hartzeko izen-ematea egiteko azken eguna urriaren 31 izango da.
Izen-ematea eta neurriak
Tailerretan parte hartu nahi dutenek, tailerraren eguna iritsi aurretik izena ematea beharrezkoa izango da aldez aurretik zenbat parte-hartzaile izango diren eta saioak behar bezala antolatu ahal izateko. Izen-ematea egiteko argitu@gipuzkoa.eus helbide-elektronikora mezu bat idatzi edo 943 11 29 48 telefono zenbakira deitzea beharrezkoa izango da. Hortaz gain, www.argitu.eus webgunean informazio osagarria topatuko dute interesdunek.
Argitu ekimenaren barnean antolatutako ekintzetan parte hartzeko nahitaezkoa izango da indarrean dauden higiene eta osasun baldintzak betetzea. Hortaz, gehieneko edukiera 35 pertsonakoa izango da, parte-hartzaileen arteko gutxieneko distantzia 2 metrokoa izan beharko da eta uneoro maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da.
Mugikortasun iraunkorra abiapuntu gisa
Mugikortasun iraunkorrari buruzko Energia Argituko lehen tailerra irailaren 22an egin zen. Mugikortasun iraunkorreko beharren ezagutza eta ibilgailu elektrikoetarako jauzia landu ziren lehen tailer hartan. Tailerrean pixkanaka gizartean finkatzen ari diren mugikortasun iraunkorreko eredu berrien inguruan hitz egin zitzaien hiritarrei. Horretarako, gaur egun merkatuan dauden ibilgailu elektrikoen ezaugarriak, kontsumoak, prezioak, kargatzeko eskakizunak eta beste alderdi batzuk aztertu ziren. Gainera, mugikortasun iraunkorrerako eta/edo alternatiborako beste modu batzuk ere (ibilgailu hibridoak, bizikletak eta patin elektrikoak, etab.) aipatu ziren. Halaber, eguneroko mugikortasun-beharren, motorrik gabe mugitzeko aukeren eta ibilgailu elektrikoen eredu partekatuen inguruko gogoeta egin zen.
Programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak 2017az geroztik garatu duen ekintza plana da. Dagoeneko 1.100 gipuzkoar baino gehiagotara iritsi da, lurraldeko udalerrietan egindako 105 aurrez aurreko tailerren bidez.