Abuztuaren 16tik 18ra bitarte Bidasoa Folk jaialdiak munduko bazter ezberdinetako soinuak Bidasoa eskualdetik zabalduko ditu. Jaialdiaren XIX. edizioan Kanaria, Venezuela, Argentina eta Euskal Herritik iritsitako taldeen soinuek beteko dituzte mugako eskualde hau osatzen duten hiru udalerrietako eszenatokiak. Aurreko edizioan jaialdiak jarraitutako filosofia mantenduz, jailadiaren barnean antolatutako kontzertu guztietarako sarrera dohakoa izando da.
Irun, Hondarribia eta Hendaiako udaletxeek Bidasoako Mugaz Gaindiko Partzuergoaren laguntzarekin Bidasoa Folk jaialdiaren XIX. edizioa antolatzea lortu dute. Guztira, hiru kontzertu egingo dira abuztuaren 16tik 18ra bitarte Irun, Hondarribia eta Hendaian. Horretarako, jaialdiaren antolakuntzak Folk musika eta musika garaikidearen alorrean erreferenteak diren taldeak gonbidatu ditu. Aurten Bidaso Folk jaialdiaren barnean entzungo diren doinuak urrutitik datoz, hain zuzen ere, Kanaria Uharteak, Venezuela eta Argentinatik. Hala ere, jaialdiak inguruan ezagunagoa den euskal musikaz gozatzeko aukera eskainiko du ere.
Bidasoa Folk jaialdiaren XIX. edizioa Hondarribian abiatuko da abuzutuaren 16an hitzordu bikoitz batekin. Lehenik ete behin, Pauline Junquet eta Juliette musikari gazteek osatutako bikoteak gaueko 21:00etatik aurrera Arma Plazan eskeiniko duten emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Bikoteak Euskal Herriko plazetan izandako arrakastaz haratago, bere lehen diskoa argitaratzea lortu du aurten Hegaldaka izenburuaren azpian Agorila diskoetxearen laguntzarekin. Hain zuzen ere, lehen disko horrek 11 folk abesti biltzen ditu, euskal doinuak Francis Cabrel abeslari frantsez ospetsuaren abestiekin nahasten direlarik.
Eguneko bigarren hitzordua, berriz, 22:30etan hasiko da Karen laukotearen eskutik. Diego Petrelli (1. tenorea, gitarra eta moldaketa arduanduna), Julian Cerdán (2. tenorea), Giovani Lazzetta (baritonoa) eta Mauricio Cuestak (Baxua) osatzen dute herri musikaren lanketan murgilduriko laukote hau. Argentinako taldeak ahotsen aldeko apustu handia egiten du, ahots moldaketa oso landuekin. Emanaldian zehar, gainera, Fran Lausen, Antxon Sarasua eta Josean Martin musikarien kolaborazioa izango dute.
Bigarren egunean, berriz, jaialdia Hondarribiatik Irungo San Juan plazara igaroko da. Gaueko 22:00etatik aurrera Pedro Guerra abeslari kanariarra oholtza gainera igoko da “#golosinas2018” lana aurkezteko. Hain zuzen ere, 90. hamarkadan “golosinas” izenpean argitaratutako albuma garai hartako estatu mailako musikan sekulako aldaketa suposatu zuen lanetako bat izan zen. Kantautore honek 1995 urtean hasi zuen musika munduan bere ibilbidea eta konposizioen sakontasuna eta freskotasunagatik publikoa irabaztea lortu zuen.
Azken kontzertua, aldiz, Hendaiako Sokoburun izango da abuztuaren 18an gaueko 22:30etan. Azken emanaldi hau Venezuelako “C4 Trió” taldearen esku egongo da. Jorge Glem, Hector Molina eta Edward Ramirez musikariek osaturiko taldeak azken urteetako proposamen indartsuenetako bat aurkezteko parte hartuko du jaialdian. Gainera, 2018an Grammy sarietarako nominazioa jaso zuten Desorden Publiko SKA taldearekin batera grabatutako “Pa´Fuera” diskoarengatik rock urbano eta musika alternatiboren albun latino hoberenaren kategoriaren barnean.
Musikaren alde indarrak batuz
Bidasoa Folk mugaz gaindiko udal lankidetzari esker egiten da, nazioarte mailako kalitate oneko taldeak ekarri, herritarrei kontzertuak doan eskaini eta bisitariak erakartzeko kultura agenda interesgarria sortzeko indarrak batuz. Jaialdia 2001 urtean sortu zen, Irun, Hondarribia eta Hendaia artean Folk musika jaialdi bat antolatzeko Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez.
Udalen arteko lankidetzak antolakuntza mailan ahalegin guztiak egiteko aukera eman du, jaialdiaren barnean dohaneko kontzertuak eskaintzea lortu delarik. Jaialdi honek Bidasoa-Txingudi Eskualdea kultur eta turismo intereseko gune gisa garatzeko aukera ematen du, era berean, hainbat herrialdetako musika eta tradizioei ahotsa ematen zaien bitartean. Gainera, jaialdi honen kultur eta musika aniztasunak agerian uzten du Bidasoa-Txingudiko lurraldeak berak duen kultur aniztasuna.