G7 taldeak abuztuaren 24tik 26ra Biarritzen egingo duen bilerak ondorio nabarmenak izango ditu Irunen. Besteak beste, goi-bilera inguratzen duten segurtasun neurriak eta oporraldien izulera-operazioa dela medio auto-pilaketa espero dira Bidasoa eskualdeko mugaren inguruan. Hortaz gain, Ficobako eremuan G7 bilkura salatzeko kontrabilera antolatu da eta eremu horretan milaka manifestari biltzea espero da.
Goi-bilera honen harira, desinformazio eta ezjakintasunez beteriko laino bat iritsi da Bidasoako eskualderaino, izan ere, Biarritzen egingo den bilerak eragindako kalteak Irungo hiraino iritsiko direla aurreikusten da. Jose Antonio Santano Irungo alkateak sare sozialen bitartez bilkura hau Biarritzen antolatzearen ideiarekin bere desadostasuna adierazi du, hiriko bizi erritmoa oztopatuta ikusiko dela aurreikusiz. Era berean, Irungo Udaletik abuztuaren 19tik 26ra autoa ez erabiltzea eta garraio publikoa erabiltzea aholkatzen da.
Egun nahasi horietan zehar segurtasuna eta normaltasuna bermatzeko lan handia izango dute segurtasuna arloko agente ezberdinek. Irungo Ertzaintzaren bulegotik, esaterako, prebentziozko kanpaina bat abian jarri dute bilkura ospatu aurreko aste hauetan. Horrela, irungo merkatari guztiengana hurbildu dira, egoera azaldu eta bilera-egun horietan zehar hartuko diren neurrien berrie emateko. Bestetik, Ficoban bilduko den pentsona kopurua aurreikusiz, segurtasun neurri bereziak hartuko direla iragarri dute biztanleria lasaitzeko. Momentuz, auto-pilaketak dira goi-bilkuraren ondorioz hirian aurreikusten duten arazo bakarra.
Trafikoaren bitartez iritsiko dira G7aren ondorioak Bidasoako eskualdera. Izan ere, abuztuako azken asteburuan egingo den goi-bilera inguratuko duten segurtasun neurri zorrotzek oporraldi garaiko trafikoko itzulera-operazioarekin bat egingo dute. Ondorioz, Espainiako Trafiko Zuzendaritzako Pepe Navarro zuzendariak azaldu duenez, “abuztuaren 23tik 26ra Frantzia eta Euskadi arteko igarobidetik ez pasatzea gomendatzen da, auto-ilarak eta mugaren blokeoa aurreikusten baita”. Hauxe dira ustez egun horietan zehar arazoak izan ditzazketen mugako igarobideak: Behobia, Biriatou (AP-8), Santiago Zubia (N-1) eta Dantxarinera (N-121-B). Egoera kudeatzeko, Eusko Jaurlaritza eta DGTaren arteko bilerak egin dira konponbideak bilatzeeko.
Trafiko arazoak saihesteko garraio publikoaren erabilera aholkatzen dute agintariek. Hala ere, Euskotrenek jakinarazi duenez, Hendaiako Euskotren geltokia itxita egongo da abuztuaren 18tik 26era goi-bilera dela eta. Hortaz gain, abuztuko hilabetean zehar Bidasoa ibaia gurutzatzen duten bi zubi nagusietan muga zeharkatzen duten ibilgailu eta oinezkoak kontrolatzeko kontrolak aurrera eramango dira.
Taldearen iragana eta oraina
Historian atzera eginez gero, G7aren aurrekaria izan zen G6 taldea 1975 urtean sortu zen Petrolioaren Krisiaren inguruan mundu mailako arazo eta beharrei erantzun komun bat emateko helburuarekin. Ordutik, egun G7 moduan ezagutzen den taldea urtero elkartu izan da eta 2019 urtean zehar taldearen presidentzia Frantziaren esku egongo denez, 2018ko abenduaren 18an 2019ko goi-bilkura Biarritzen egitea erabaki zen. Zehazki, hauexe dira G7 taldea osatzen duten herrialdeak: Kanada, Frantzia, Alemania, Italia, Japon, Erresuma Batua eta Amerikako Estatu Batuak. Guztira, mundu mailako BPGaren %40a eta munduko biztanleriaren %10a ezkutatzen da herrialde hauen elkarketaren atzean.
Kontrabileraren erdigunea Ficoban
Abuztuko hilabetearen amaieran Biarritzen egingo den bileraren kontra, G7 Ez! izeneko plataforma sortu zen joan den urteko azaroan bilkuraren aurka Euskal Herri osoko eragileak elkartzeko. Egun, 49 eragilek osatzen dute plataforma eta G7 taldearen bileraren kontra protesta egiteko Irungo Ficobako eremuan ezarriko dute kontrabileraren egoitza nagusia.
Abuztuaren 19tik 20era Ficoban kanpamenduaren ezarpena aurrera eraman eta kanpoko jendeari harrera egingo zaio. Plataformatik Ficoban akanpatzeko oinarrizko beharra asetuko direla zihurtatu dute, hau da, ura, komunak, argindarra eta Irun eta Hendaia arteko autobus zerbitzua. Hortaz gain, auzo-lanerako deialdia egin da kontrabilera baldintza egokietan gauzatu ahal izateko.
Abuztuaren 21, 22 eta 23 artean hitzaldi eta konferentzia hugari antolatuko dira Irungo Oiasso museoan, Palmera Monteroko kultur-zentroan eta Hendaiako zinema-aretoan. Bertan, multinazionalen diktadura, planetaren sutsiketa, heteropatriarkatua, herrien aniztasuna, kolonialismoaren aurkako borroka eta bestelako gaiak landuko dira.
Hilaren 24ean, berriz, goizeko 11:30etatik aurrera Hendaiako hondartzatik eta Pausutik abiatuko den manifestazio bikoitza iragarrita dago. Manifestazioaren bi zutabeak hiriaren erdigunean elkartuko dira, ostean, Santiago zubiraino iristeko.
Oraindik erantzunik ez duten galdera asko daude Biarritzeko G7aren bilkuraren inguran. Populazioarentzako informazioa tantaka iristen dela ikusirik, abuztuko 3 egun horiek egutegian ondo markatu, agintarien aholkuak jarraitu eta egun horiek iritsi arte itxaron beharko da benetan zer gertatzen den ikusteko.