Casa Cacao Monteverde Irunen esperientzia gastronomikoak partekatzeko espazio berria da. Oinaurren, Jostun kaleko 7. zenbakitik, kakaoaren eta txokolatearen alderdi ezezagunak deskubritzeko aukera proposatzen du. Isabel Maigon da proiektuaren bultzatzailea, Ekuadorreko produktuak eta kakaoaren onurak ezagutarazteko asmotik abiatuta.
Kontatu iezaguzu zein izan zen proiektu honi ekiteko inspirazioa.
Komunikatzea, kakaoak duen balioa transmititzea eta jendeak txokolate ona eta txokolate industriala bereizten jakitea.
Irunen egitea aukeratu duzue, historikoki txokolateari oso lotuta egon den hirian.
Beno, Irun nire etxea da. Ekuadorretik atera nintzenean Hondarribian lurreratu nintzen, Guayaquiletik Madrilera etorri bainintzen eta handik zuzenean Hondarribira. Orduan hemen zain neukan aita eta 15 bat urtez bizi izan naiz Irunen eta orain alde frantsesera bizitzera pasatu naiz. Beraz, niretzat hori da eroso sentitzen naizen tokia, ezagutzen nauten lekua, pertsonekin azkar konektatzeko lekua eta esperientzia honekin hasi nahi izan dudan lekua.
Esperientzia gastronomikoen etxe hau ireki ondoren, nolakoak izan dira lehen inpresioak?
Espero nuena baino hobeak. Niretzat euskal komunitatea oso komunitate indartsua da, baina, aldi berean, batzuetan uste dut kosta egiten zaiola gauza berriak probatzea. Baina ezagutu dutenean, uste dut asko baloratzen hasi direla. Orduan ez nuen espero hasieratik hainbesteko onarpenik izatea. Egia esan, jende askok deitzen dit eta jendeari jakin-min handia sortzen dio hau zer den jakiteak. Nik azaltzen diet hona etor daitezkeela, etxean sentitu, gauza berriak probatu edo agian ez hain berriak, baina agian beste modu batean egin dezaketela, ezta? Kontzienteago.
Azpimarratu behar da ez zaretela denda edo kafetegi bat, ikasteko eta partekatzeko sortutako espazio bat baizik.
Hori da. Atsegin handia ematen dit jendeak fruitu zoragarri honen jatorria ezagutzeak, balioesteak eta ekoizten dutenen eskuak balioan jartzeak. Orduan hemen aurkituko dute leku bat etxean bezala esertzeko eta gauza goxoak probatzera etortzeko. Hori esperientzia handia izango dela aurreratu diezaiekegu.
Zehatz-mehatz, zer esperientzia mota eskaintzen dituzue?
Hasierako dastatzeak ditugu, txokolate beltza hartzera ohituta ez dauden pertsonekin pixkanaka hasteko. Hau da, bidea pixka bat irekitzeko. Eta dastatze espezializatuagoak, tailerrak eta tailer kolaboratiboak ere baditugu. Laster tailer bat egingo dugu norberak bere txokolatezko tableta egiteko, eta hamar umerekin egingo dugu. Gainera, helduentzako trufa tailer bat izango dugu, Raquel Gonzálezek zuzenduko duena, Espainiako lehen dastatzaile ziurtatua baita. Uztartze gastronomikoak ere antolatu nahi ditugu, adibidez, Irungo La Visionaria gaztandegiaren laguntzarekin txokolatea eta gaztak elkartzeko, bestetik txokolatea eta ardoak. Larunbat iluntzerako planak izango dira horiek, gaueko 20:00etan. Horrela beraz, esperientzia ugari izango dira, eta informazio guztia Casa Cacao Monteverde webgunean aurkituko duzue. Era berean, nirekin zuzenean harremanetan jar daitezke informazio gehiago nahi dutenak. Horien guztien helburua mahai honen inguruan biltzea da, gauzak probatzea, nola hautematen ari garen kontatzea eta gure memorian erregistratzea, gero, jendeak berriro probatzen duenean, produktu onak bereizi ahal izateko.
“Eta, hain zuzen ere, kakaoak onura ugari ditu, txokolate azukreztatu bat baino gehiago delako”
Txokolatea gure eguneroko bizitzan kontsumitzen dugun produktua da, baina agian ez duguna erabat ezagutzen.
Hori da. Askotan kakaoa txokolate soiltzat hartzen dugu, jende askok ez baitu kakaoa txokolatetik bereizitako produktu gisa ezagutzen. Eta, hain zuzen ere, kakaoak onura ugari ditu, txokolate azukreztatu bat baino gehiago delako. Esperientzia horiek guztiak, gainera, oso aberatsak izango dira, guregana datorren jendearekin ikaskuntza partekatzeko aukera emango baitute. Gainera, agian lagun berriak egingo ditugu mahai honen inguruan elkartzen garenean.
Zergatik erabaki zenuen proiektuari Monteverde izena jartzea?
Mundu guztiak, proiektu bat hasten denean, izen bat bilatzen du eta oso zaila da milaka izenen artean aukeratzea. Eta Monteverdera iritsi nintzen, nire aitaren amaren abizenera. Abizenak Italiar jatorria du, bere familiak bezala, Monteverdi zen, eta Ekuadorren Monteverde bihurtu zen, eta izen perfektua iruditu zitzaidan landaketarekin lotutako zerbaitetarako, elikagaietarako produktuekin, ez? Horrela aukeratu nuen Monteverde.
Aipatzekoa da zure txokolate markak ere badituzula, hemen aurki ditzakegunak.
Bai, marka zoragarriak ditut. Ekuadorren eginak dira gehienak, proiektu honekin 2019an hasi nintzenean nire helburu nagusia Ekuador bere produktuen bidez ezagutaraztea zelako, ez immigrazioagatik bakarrik, baita bertan ditugun kalitatezko produktuengatik ere. Beraz, hainbat produktu ditut, Pacari edo Kamm, adibidez, Ekuadorren fabrikatuta daudenak eta sari asko irabazten dituzten markak direnak. Uste dut Pacari marka dela munduan txokolate sari gehien dituen marka, Ekuadorren egiten den marka zoragarria baita. Nire marka bat izateko beharra ere sentitu nuen, eta horrela sortu nuen denbora luzez buruan izan nuen zerbait: edateko txokolate pikortatu bat, mundu honetan txokolatea hartzen hasi zen bezala kontsumitzeko, edarian.
“Txokolate onak osagai gutxi izan behar ditu, hau da, bi edo hiru osagai izatearekin nahikoa da, hainbeste kontserbatzailerik gabe”
Zer faktore hartu behar ditugu kontuan txokolate ona bereizteko?
Txokolate onak osagai gutxi izan behar ditu, hau da, bi edo hiru osagai izatearekin nahikoa da, hainbeste kontserbatzailerik gabe. Alegia, ahalik eta garbiena izan dadila. Eta mundu guztiari gomendatzen diodan beste gauza bat da kakao hori nondik datorren egiaztatzea, hor baitago prezioan dagoen aldea. Horrela jakingo dute kakao on batengatik ordaintzen ari direla, eta ez beste osagai batzuekin kutsatuta eta kamuflatuta dagoen zerbaitengatik. Orduan, osagaiak irakurtzea gomendatzen dut.
Egia al da kakaoa edo txokolatea desagertzeko arriskuan daudela?
Beno, Afrikatik datorren kakaoaren kontsumo masiboa deforestazioa sortzen ari da. Horregatik diot nik garrantzitsua dela jakitea nondik datorren kontsumitzen ari zaren kakaoa, produktuaren eskaera deskontrolatuari ez laguntzeko. Ez dut uste kakaoa berez desagertuko denik, baina bai, agian garestiagoa izango da une honetan, baso-soiltzearen ondorioz, hortxe baitago benetako arazoa.
Zeintzuk dira proiektu honen etorkizunerako helburuak?
Sommelier edo kakao eta txokolate dastatzaile baten irudia ez da oso ezaguna. Mundu guztiak ezagutzen ditu ardoen sommelierrak, ezta? Hemen ziurtatuta gaude, Florentzian dagoen Nazioarteko Txokolate Sarietan ziurtatutako dastatzaileak gara, Italian, eta hiru maila baino ez daude. Nik hirugarren maila daukat. Beraz, jaso dugun prestakuntza horren bidez, pertsonengana iristen jakitea da gure helburua, txokolate baten kalitatea desberdindu ahal izan dezaten, txokolate hori baloratu ahal izan dezaten eta kakaoaren eta txokolatearen dastatze soiletik haratago, zergatik ez, dastatzean ere hezi daitezen, beren txokolatea fabrikatzeko edo ni egiten ari naizen bezala transmititzeko proiektu bati ekin diezaioten. Horretarako, tailer asko egin nahi ditugu, pertsona askorekin partekatzeko eta lagun berriak egiteko, hori baita nire helburuetako bat Casa Cacao Monteverde etxearekin.



