Sinadura bilketaren azken txanpan sartu da Hartu Hitza

Apirilaren 21ean hamaika mahai egongo dira Irungo kaleetan

Bi prozesu zabalik ditu Hartu Hitza elkarteak, hilabetearen bigarren erdian. Alde batetik, herri galdeketaren aldeko sinadura bilketa amaituko du apirilaren 28an. Lehenago, bilketa berezia egingo du apirilaren 21ean, denetan handiena eta animazioz girotua. Bestetik, galdera zehazteko ekarpenak egin daitezke dagoeneko, sinadurak biltzeko mahaietan, sare sozialetan, hartuhitzairun@gmail.com helbide elektronikoan edo www.hartuhitzairun.eus web gunean. Gainera, Hartu Hitzak Adosgunea asanblada antolatuko du apirilaren 28an, eta bertan parte hartzeko aukera ere badago.

Hamaika mahai aterako ditu Hartu Hitza Irun elkarteak apirilaren 21ean, auzo ezberdinetan, 3.000ra iristeko falta diren sinadurak biltzeko. Kaleak girotuko ditu, gainera, irundarrak sinatzera animatzeko. Aitor Irastorza Hartu Hitza Irun elkarteko kideak azaldu du: “Lehen sinadura bilketan bezala, oraingoa ere festa giroan egingo dugu. Loturak egongo dira, gainera, mahaitik mahaira”. Sinadurak biltzea da momentu honetan, Hartu Hitza elkartearen erronka nagusia. “Herri galdeketetarako protokoloa adostuta dago, ez Euskal Herrian bakarrik. Europan ere erabili dira, eta kopuru jakin batzuk behar dira. Guri 3.000 sinadura biltzea dagokigu”, azaldu du Elena Berazadi elkarteko kideak. Mahaiak kalera atera izanak hirian presentzia edukitzea eta informazioa ematea ahalbidetu dio elkarteari. Era paraleloan, dena den, sareak antolatu ditu, enpresetan, hezkuntza zentroetan etab.

“Apirilaren 21eko sinadura bilketa jai giroan egingo dugu”

Aitor Irastorza

“Herri galdeketa Donostiarekin batera egitea erabaki genuen, indar asko metatuko dugulako egun horretan”

Elena Berazadi

Euskal Herriaren etorkizun politikoaren inguruko herri galdeketa antolatu nahi du Hartu Hitzak, azaroaren 18an. Ondo pentsatutako data dela adierazi du Berazadik: “Donostiarekin batera egitea erabaki genuen, indar asko metatuko dugulako egun horretan. Oso mediatikoa izango dela uste dugu”. Data zehaztua dago, beraz. Ez, ordea, galdera bera. Horretarako, parte hartze prozesua martxan jarri du Hartu Hitza Irun elkarteak. Irundar orok egin ditzake ekarpenak, apirilaren 28ra arte, www.hartuhitzairun.eus web gunean, hartuhitzairun@gmail.com helbide elektronikora idatzita, sare sozialetan mezu bat utzita, edo aurrez aurre ere bai, apirilaren 21eko sinadura bilketan, edo apirilaren 28ko Adosgunea asanbladaren bileran. Talde anitz bat eratu du Hartu Hitzak, gero, ekarpen guzti horiek aztertu eta lantzeko. “Landutakoa Adosguneari aurkeztuko dio, asanbladak azken erabakia har dezan”, argitu du Elena Berazadik.

Maiatzaren 19an aurkeztuko dute galdera, Gure Esku Dagok Euskal Herri mailan antolatu duen Klik Egunarekin bat eginez. Ekainean, jaietan edo haien atarian, presentzia nabarmentzeko ekimenak antolatuko dituztela aurreratu du Berazadik. Ondoren, udaran zehar, itzaleko lana egingo dute. “Lan logistikoa, galdeketa bera antolatzeko behar-beharrezkoa”, zehaztu du Aitor Irastorzak: “Beste herrietan jada egin izan diren herri galdeketen esperientzia dugu gure alde”. Irailetik aurrera, kanpaina betean sartuko da Hartu Hitza.  “Galdera barreiatu behar dugu, eta irundarrak galdeketan parte hartzera animatu. Badakigu Irun hiri anitza dela, eta aniztasun horri parte hartzeko aukera zabaldu nahi diogu”, aipatu du Elena Berazadik. Azaroaren 18an izango da herri galdeketa.

Eszeptikoen aurreiritziak apurtu dituzte

Hainbat zalantza piztu zituen Hartu Hitza elkarteak, duela urte bete, 2018an Irunen herri galdeketa egiteko asmoaren berri eman zuenean. Aitzitik, erronka handi hura betetzeko ezarritako kronograma goitik behera bete dute, orain arte. Haien arrakastak sekreturik ez duela uste du Berazadik: “Kementsuak gara, eta determinazioa dugu. Irunen herri galdeketa egin behar da, bai ala bai. Parte hartzea edozein dela ere”. Antolatzaileek ondo dakite herri galdeketa ez dela loteslea izango. Alabaina, ekimenaren alde sinbolikoaren garrantzia azpimarratu dute. “Erabakitzeko eskubidearen aldeko urrats txiki bat izango da”, adierazi du Elena Berazadik: “Prozesu luze baten hasiera izango da, baina Irun ere, zerbaiten abiapuntua izango da”.

Bide luzea egin beharra du Hartu Hitzak, oraindik, azaroaren 18ra arte. Dena den, orain arte lortutako babesarekin pozik daude antolatzaileak. Badakite eguneroko lanerako lan talde handi bat edukitzea zaila dela. Momentu puntualetan, baina, jende ugari egon da laguntza emateko prest. “Behar-beharrezkoa da hori”,  onartu du Aitor Irastorzak. Orain, apirila amaitu aurretik, Irunen herri galdeketa egin dadin begi onez ikusten duten irundar guztiei sinadura emateko deia zabaldu diete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude