Irungo bonbardaketak: 90 urteko gezurra iraultzen

Argazkia: 1936an Irun eta Hondarribiko herritarrek Hendaiara egin zuten exodo masiboari buruzko argazki erakusketa, 2025eko irailean Antxeta Irratiak egina (Argazkiaren Iturria: Antxeta Irratia).

Bederatzi hamarkadaz, Irunen kontakizun sozial soil eta desitxuratu bat nagusitu da: 1936an irailaren 4 eta 5ean sortutako suteengatik gertatutako hiriaren suntsiketa tropa errepublikarrei soilik leporatuz. Haatik, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Antxeta Irratiaren enkarguz eta Irungo Udalaren laguntzaz osatutako ikerketa historiko berri batek 90 urteko egia sozial hori hankaz gora jarri du, urte bereko abuztuaren 9tik aurrera airez eta itsasoz gertatutako suntsipen kanpaina sistematiko eta babesgabea azaleratuz.

1936ko abuztuaren 9an, Dragon Rapide hegazkin batek lehen bonbak jaurti zituen Irungo erdigunean. Hasierako eraso hark kalte material txikiak eragin zituen arren, historialari eta adituek argi dute: ondoren etorriko zen bonbardaketa kanpaina zabal eta lazgarriaren lehen saiakera edo entsegua izan zen. Data gogoangarri hura gogora ekarriz, 90 urte igaro direnean, Bidasoaldeko gizartea gertaera haien egiazko dimentsioa ezagutzen hasi da. Egun luze eta gogorretan erresistentzia sutsuari eutsi ostean, irailaren 5ean hiria okupatua izan zen, eta ehunka herritarrek Hendaiarantz ihes egin behar izan zuten Avenida Zubitik barrena, exodo masibo bat eraginez.

Urte luzez, ordea, 40 urteko diktadurak eraikitako eta gerora gizartean errotutako kontakizunak ezabatu egin zituen eraso horiek guztiak. PausuMedia-k eta Antxeta Irratiak hamar urte baino gehiago daramatzate memoria historikoaren alorrean lanean. Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko kazetariaren hitzetan, proiektu honen hazia iaz Avenida Zubian —oroimen leku izendatua dagoen horretan— antolatutako erakusketan erein zen. Bertan, herritarren lekukotasunak biltzean, ikusi zuten kontakizun faltsua oraindik zein sakon txertatuta zegoen herritarren iruditeria kolektiboan. “23 urte inguruko mutil gazte batek esan zigun berak transmisioz familiatik guztiz bestelakoa jaso zuela. Hain gaztea izanik eta familiaren informazio horrekin geratu zela ikusirik, horiexek izan ziren proiektu hau abian jarri eta ikerketa bultzatzeko motibazio nagusiak”, adierazi du Aitziber Zapirainek.

“Iruditzen zait Aranzadik egin duen ikerketa lanarekin Irunen nagusi den egia sozial bat eraldatzea lortuko dugula”

Aitziber Zapirain, Antxeta Irratiko koordinatzailea

Zapirainek gogorarazten duen moduan, jendeak beren aiton-amonek bizitakoa berriz kontatu zuen erakusketan, baina askok oraindik uste zuten suntsiketa erraldoi hura errepublikarrek bakarrik egin zutela. Urteurren borobila gerturatzen zela ikusirik, gaiari berriro heltzea eta belaunaldi berriei benetako gertaerak ikasteko tresna egokiak eskaintzea ezinbesteko betebehar historiko bilakatu zen Antxetarentzat, Agus Hernan lehendakariak zuzendutako proiektuan. Aitziber Zapirainek aipatu duenez, “bakan batzuk dira gertatutako hori modu naturalean, transmisio bidez jakin zutenak”. Horrela, frogei esker, 90 urte geroago nagusitzen den egia soziala iraultzeko erronkari heldu zioten. Zapirainek azpimarratu duenez, “iruditzen zait Aranzadik egin duen ikerketa lanarekin Irunen nagusi den egia sozial bat eraldatzea lortuko dugula”.

Ikerketaren gakoak

Irailean Irungo Udalean aurkeztuko den txosten zabala osatzeko, Aranzadi Zientzia Elkarteko Irati Zuriarrainek eta Javier Bucesek osatutako ikerketa lantaldeak iturri historiko primarioak sakonki aztertu dituzte: frankisten hegaldi egunkariak, operazio dokumentuak eta nazioarteko prentsa historikoa (Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Australiako nahiz AEBetako egunkariak), baita garai hartako argazki eta filmaketak ere. Irati Zuriarrainek azaldu duenez, “Egia da ez ginela hutsetik hasi, bazeudela, ez asko, baina lan batzuk aurretik eginda”. Aurretik Xabier Irujoren “Atlas de los bombardeos en Euskadi (1936-1937)” lanean eta Kepa Ordoki memoria historikoko taldearen artikuluetan mugarri garrantzitsuak bazauden ere, ikerketa honek lehen aldiz xehatu du Irungo kasu zehatza eta berezitasun guztiak.

Irati Zuriarrainek azaldu bezala, “ikerketa honen meriturik handiena gaia ikuspuntu humanotik eta fisikotik aztertzea izan da”. Fronte militarreko borroka zehatzak albo batera utzita, ikerketak hiriari eta bertako biztanleriari egindako kalte zuzenak jarri ditu ardatz nagusi gisa. Egunez eguneko kronika zehaztuz, agerian geratu da abuztuaren 20tik aurrera bonbardaketen maiztasuna eta intentsitatea ikaragarri handitu zirela, patroi argi eta sistematiko bati jarraituz. Abuztuaren 25etik aurrera, suntsiketa fisikoa eta herritarren exodo babesgabea erabat azkartu ziren hiri osoa frankistek hartu zuten arte.

Ikerketak argiki azaleratu ditu italiar eta alemaniar abiazio faxisten aliantzak, esku-hartzeak eta erantzukizun zuzenak. Irungo bonbardaketak ez ziren gertaera isolatu bat izan, Zuriarrainek aipatu duenez “gerra totalaren eta gerra psikologikoaren logikan kokatutako estrategia zabal baten parte baizik”. Hemen ezarritako izuaren eta suntsipenaren eredu bera erabili zen ondoren Durango eta Gernikako bonbardaketa ezagunetan, eta baita gertaera horien osteko errelato propagandistikoan ere.

Garrantzitsua da ulertzea Irungo kontakizun faltsua ez zela bakarrik Irunerako erabili; unean bertan erabili zuten frankistek Gernikako suntsiketa bera ere gorriei egozteko, azpimarratu dute Aranzadiko adituek. Horregatik, ikerketa lan berri honek frogatzen du Irungo erorketa ez zela azken uneko sute baten ondorio isolatu edo kasual bat izan, hilabete oso batez airetik eta itsasotik egindako eraso kanpaina zapaltzaile baten emaitza neurtu eta estrategikoa baizik.

Muga eremuko memoria

Argazkia: Argazkia: San Juan plaza eta bere ingurua suntsituta 1936ko iraileko sutearen ondoren. (Iturria: Irungo Udal Artxiboa. Erreferentzia zenbakia: 40470).

Bidasoa Beherea bezalako muga eremu berezi batean memoria historikoa berreraikitzeak berebiziko konplexutasun eta berezitasunak ditu. Administrazio ezberdinen eraginez, Irunen, Hondarribian, Hendaian edo Biriatun hezkuntza sistema bakoitzak historiaren bertsio oso ezberdinak irakatsi ditu urteetan zehar. Zapirainek gogorarazten duen bezala, muga politiko eta administratiboek askotan eten egin dute herritarren arteko transmisio natural eta familiakoa, nahiz eta 1936ko errefuxiatuen krisiak Bidasoko bi alboak modu zuzen eta nabarmenean kolpatu zituen.

“Ikerketa honen meriturik handiena gaia ikuspuntu humanotik eta fisikotik aztertzea izan da”

Irati Zuriarrain, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlaria

Gaur egun, eskuin muturraren goraldia eta diskurtso totalitarioen itzulera kezkagarria ikusten du Zapirainek garai hauetan eta Aranzadik zein Antxetak uste dute egia historikoa ikertzea eta zabaltzea dela bermerik onena gertaera ilun horiek berriro errepika ez daitezen. “Informazio azalekoen, sakelakoen eta titular azkarren gaurko gizarte honetan, benetako ikerketa zientifikoan oinarritutako tresna sendoak eskaintzea ezinbestekoa da herritarrek ikuspegi kritikoa eta independentea garatu dezaten”, erantsi du Antxeta Irratiko Aitziber Zapirainek.

Irailaren 2an Irungo Udaleko Batzar Aretoan ikerketa txosten osoa aurkeztu ondoren, dibulgazio lanak ez du etenik izango. Udazken-neguan ikus-entzunezko dokumental berezi bat estreinatuko da herritarren aurrean. Bi euskarri nagusi hauek —txosten akademiko idatzia eta ikus-entzunezko lana— adin zein publiko ezberdinetara egokitzeko eta iristeko prestatuta daude. Egileen helburu nagusia da belaunaldi berriek benetako historia zehatza ikastea eta Bidasoaldean hainbeste urtez txertatutako gezur sozialari behingoagatik atea erabat itxiko dion memoria eraikitzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude