Maiatzaren 11ean Irun konfinamendua arintzeko lehenengo fasean sartu zen, egokitutako murriztapen artean normaltasun berria berreskuratzen hasteko prozesuan murgilduz. Hiritarren irteera orduak adinen arabera banatu ostean, lehen fase honen hasierak irundarren bizimodua hankaz-gora jarri du berriz ere ordutegi, arau eta baimendutako ekintza berrien artean.
Neurri berriak
Lehen fase honetara egokitzeko Irungo Udalak neurri berriak hartu behar izan ditu. Maiatzaren 3an adin guztietako hiritarren irteerak baimendu ziren, baina, ordutegi desberdinetan adin-tartearen arabera. Arau berri hau indarrean jarri zen lehen asteburuan 24 espediente ireki ziren Irunen ordutegiak errespetatu ez zituzten pertsonei.
Horrela, garraio publikoa erabili ahal izateko maskaren erabilera ezinbestekoa da maiatzaren 2tik aurrera. Neurri berri horren harira, maiatzaren 4 eta 5ean Gurutze Gorriko boluntarioek maskarak banatu zituzten hiriko garraio publikoko geltoki nagusietan zein L1 eta L2 autobusen barruan. Mugikortasunarekin loturik, hirian bizikleten erabilera errazteko neurri berriak hartzeaz gainera, Irun oinezkoentzako egokitu da, semaforoen iraupena luzatu eta hiriko zenbait errepide eta aparkaleku ezabatu dira bertan oinezkoentzako guneak sortzeko. Neurri hauen ondorioz ezabatutako aparkalekuak auzo bereko hiriko ikastetxeetako patioetan kokatu dira modu probisionalean.
Maiatzaren 18an, berriz, aparkalekua mugatzen duen OTA sistema berriro martxan jartzea aurreikusita dago. Gainera, maiatzaren 11tik aurrera Irunbus zerbitzuko autobusek ohiko ordutegiak berreskuratu dituzte.Hortaz gain, larunbatetan antolatu ohi den bertako ekoizleen azoka maiatzaren 9an Urdanibia plazara itzuli zen 11 posturekin eta maiatzaren 16an, 37 postu izango dira. Hala ere, alarma-egoera iraun bitartean azokarako sarbidea mugatuta jarraituko du eta saltzaile zein erosleentzako babes neurri guztiak errespetatuko dira.
Lehen fasearen hasierarekin HAZ, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoa (KIUB) eta Gizarte Ongizate arloa bezalako zerbitzuek aurrez aurreko hitzorduekin lan egiten hasi dira, horretarako aurretiazko hitzordua eskatzea behar delarik. Liburutegiko maileguak artxibora itzultzeko epea ekainaren 15era arte luzatu da.
Laguntzen zerrenda
Konfinamendua arintzen hasteko lehen fasean sartu arren, udal zerbitzuek laguntza bide ezberdinak zabal- tzen jarraitu dute. Adibidez, bitartekaritza-zerbitzuaren baliabideak egokitu dira atzerriko pertsonentzako laguntza zerbitzua eskaintzen jarraitzeko. Udalak, berriz, 1.700 maskara babesle banatu ditu orain arte hiriko merkatari eta ostalariak osasun krisialdiaren aurrean babesteko. Era berean, hiriko ostalari zein merkatariei neurri berrien inguruko informazioa emateko zenbait ikastaro telematiko antolatu dira hiriko saltokiak ireki aurretik.
Irun Aurrera Ekonomia eta Gizartea sustatzeko planak 500 euskara jaso zituen epea eta lehenengo astean 900 eskaera baino gehiago jaso ziren. Maiatzaren 7an, berriz, Irun Aurrera planeko lehen diru-laguntzak jaso zituzten 218 eskatzailek eta datozen asteetan zehar jasotako 1.100 diru-laguntza eskaerak banatzen jarraitzeko asmoa adierazi du Irungo udalak.
Bidasoa Bizirikek elkarteak “Ni etxetik prestatzen naiz” ikastaroak aurkeztu ditu langabezia egoeran dauden pertsonei lana aurkitzen laguntzeko erraztasunak eta formazioa eskaini ahal izateko.
Etenik gabeko kultura
Irungo Udal Musika Banda eta Udal Txistulari taldea eduki berria sortzeko burubelarri lanean ibili dira, aurten Larreaundi eta El Pinar auzoetako jaiak etxetik ospatzeko. Oiasso Erromatar Museoak, berriz, Museoen Nazioarteko Eguna etxetik ospatzeko ekintzak proposatu ditu sare-sozialen bitartez. Bestetik, Irungo udalak hiriko kulturgileak babesteko ekimena abiatu du, horretarako, hiritarrei ekintzez betetako agenda kultural bat eskainiz. Haurtxokoek etxetik atera gabe haurrekin egin daitezkeen ekintzak proposatzen jarraitzeko apustuari eutsi diote, erretratuak marrazten ikasteko tailer baten bitartez. Era berean , “Familia Ola”egitasmoak etxetik euskara era dibertigarrian ikasteko ekintzak proposa- tzen hasi da 2 eta 8 urte arteko haurrentzat, “Etxealditik Euskaraldira” egitasmoaren lekukoa hartuz.
Ekintza guzti hauen helburua konfinamendua arintzen hasi eta hiritarrak normaltasun berria berreskuratzeko bidean laguntzea da.