Bi ikastaro eskainiko dira: Adimen emozionala (maiatzaren 20tik ekainaren 17ra) eta sexu-ahalduntzea (ekainaren 2tik 11ra)
Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak bi ikastaro berri aurkeztu ditu. Alarma-egoeraren ondorioz, ordea, tailer horiek modu telematikoan egingo dira, parte-hartzaileek etxetik ateratzeko beharrik izan ez dezaten. Irungo Udaleko Berdintasun zerbitzuak zuzentzen duen Jabekuntza Eskolak jakinarazi zuenez, maiatzaren 8an zabaldu zen ikastaro berrietan izena emateko epea eta maiatzeko 17ra arte egin ahalko da Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak antolatutako tailerretarako izen-ematea.
Emakumeentzako Irungo Jabekuntza Eskolaren helburua hainbat adin eta interesetako emakumeak indartzea eta sustatzea da. Horretarako, zenbait ikastaroren bidez emakumeei beren eguneroko bizimoduan eragiten dieten baliabide eta erabakien inguruko ahalmena bultzatu eta handitu nahi da. Gogoetarako gunea izan dadila bultzatu nahi da, emakumeen prestakuntza eta topaketarako.
Rebeca Gonzalez Berdintasun ordezkariak nabarmendu duenez, “nahiz eta konfinamendu egoeran egon, zerbitzu hau teknologia berrien bidez eskaintzen jarraitu nahi dugu”. Berdintasun ordezkariak adierazi duenez, zerbitzu hau inoiz baino beharrezkoagoa izan daiteke orain, izan ere, ekimenaren helburua emakumeei eguneroko bizitzan sortzen diren eta gainditzen lagundu nahi diren ezbeharren aurrean erantzuteko baliabide baliagarriak ematea da.
“Nahiz eta konfinamendu egoeran egon, zerbitzu hau teknologia berrien bidez eskaintzen jarraitu nahi dugu”
Rebeca Gonzalez, Berdintasun ordezkaria
Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak aldizka eskaintzen dituen ikastaroetan, besteak beste honako eduki hauek lantzen dira: komunikazio- eta autoestimu-estiloak, komunikatzeko oztopoak nola saihestu, kritikak nola egin eta jaso, errudun sentitu gabe ezetz esaten ikasi, haserreak eta desadostasunak nola ulertu eta bideratu, emozioak eta estresaren kontrola, kultura, generoa eta autoestimua, etab. Zehazki, honako hauek dira lehenengo aldiz eta etxetik egin ahal izateko modu telematikoan eskainiko diren bi ikastaro berriak:
Lehenengo ikastaroa “adimen emozionala” izenekoa izango da. Bertan, ahalduntze emozionalerako gune bat sortuko da, nork bere burua ezagutzeko eta zaintzeko jardueren bidez. Era berean, komunikazio-trebetasunak ere landuko dira lehen ikastaro honen barnean. Ikastaroa Daitekek emango du maiatzaren 20tik ekainaren 17ra bitarteko asteazkenetan, arratsaldeko 17:30etik 19:30era. Parte-hartzaileek ikastaroa Jitsi Meet aplikazioaren bidez jarraituko dute.
Bigarren ikastaroa, berriz, sexu-ahalduntzearen inguruko ikastaroa izango da. Ikastaroan ezarritako tabuez hitz egiteaz gainera, emakumeen sexualitatea berraurkitu, emakumeen sexu-autonomia handitu eta ahalduntzea lantzeko helburua izango du. Hortaz gain, sexu-indarkeria prebenitzeko eta emakumeen artean ahizpatasuna sustatzeko tresnak landuko dira formazioan. Mundu Berriak izango da prestakuntza emango duena, ekainaren 2tik 11ra bitarteko astearte eta ostegunetan, arratsaldeko 17:30etik 19:30era. Kasu honetan Zoom aplikazioa erabiliko da parte-hartzaileek ikastaroa haien etxeetatik jarraitu ahal izateko.
Emakume interesatuek ikastaro batean edo bietan parte hartzeko aukera izango dute. Ikastaroetan parte hartzeko izen ematea Irungo udalaren webgunean egin ahalko da maiatzaren 8tik 17ra. Hala ere, ikastaroek plaza mugatuak dauzkate eta izenemate hurrenkeraren arabera esleituko dira.
Bi ikastaroetan parte hartu ahal izateko beharrezkoa da interneterako sarbidea eta konektatzeko behar diren baliabide fisikoak izatea (telefono mugikorra, tableta, etab.).