EndREDatuk Irungo elkarteak eta migratzaileak etorkizunerako gaitasun berriekin aberastu ditu

EndREDatu proiektuak gizarte eragileak korapilatu nahi ditu Irun eta migratzaileak elkartzea helburu duen proiektu batean. Gero eta gutxiago parte hartzen duen gizarte batean eta GizarteLAB gizarte berrikuntzako metodologia lagun, kultura eta belaunaldien arteko topaguneak sortu nahi ditu. Plaiaundi Institutuko Virginia de las Heras eta Lander Berges gizarteratzeko goi mailako graduko ikasleak dira eta hauxe izan da beraien gradu amaierako lana.

Izan ere, EndREDatu Plaiaundi Institutuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko lankidetza aukera batetik sortu zen. GizarteLAB gizarte berrikuntzarako programa bat da, funtsezko trantsizio erronkak kudeatzeko helburua duena. Hau da, “laborategi sozialak” sortuz, XXI. mendeko iraultza demografikoek eta teknologikoek eragindako aldaketa sozialei erantzun ahal izateko prestakuntza errazten dute.

Lander Bergesek azaldu duenez, “gure tailerrak pertsonak sor daitezkeen aldaketetara egokitzeko erraztasun handiagoa izan dezaten gaitzeko ideiatik sortzen dira”. Virginia de las Herasek erantsi duenez, kulturen eta belaunaldien arteko topaguneak sortzea egokia iruditu zitzaien gizartean parte hartzeko bide berriak sortzeko. “Uste dugulako parte-hartze soziala kohesio sozialaren eta gizarteratzearen ardatz egituratzailea dela”, hausnartu du Virginia de las Herasek. Beraz, proiektua aurrera eraman ahal izateko “aldagaiak” bateratzeko apustua egin zuten ikasleek.

“Oso hunkigarria izan da, parte-hartzaile bakoitza desberdina izan arren, oso talde jatorra sortu baita”

Virginia de las Heras, EndREDatu proiektuaren bultzatzailea

Era berean, proiektuaren beste zati garrantzitsu bat egitasmoa ingurunera egokitzeko lana izan da. Irunen kasuan, hiriaren errealitatera egokitzen zen zerbaiten bila abiatu ziren ikasleak eta etorkinen gaia lantzea bururatu zitzaien horrela. Lander Bergesen hitzetan, “ezin dugu ahaztu Irun % 15eko immigrazio-tasa duen hiria dela eta mugatik gertu bizitzeak bere eragina ere baduela”. Gaia definitzerakoan, ikasleek hiriak historikoki migrazioaren gaiarekin izandako harremana hartu dute kontuan. “Hausnarketa hori eginez konturatu ginen elkarteetan gazteak eta etorkinak gutxi inplikatzen direla”, adierazi du Lander Bergesek.

Jendea elkartuz harreman berrien sorrera lagundu nahi da, ikuspuntuak eta ideiak elkarbanatzeko aukera emango duelakoan. Virginia de las Herasek azaldu duenez, “jauzi berriak eman eta komunitate aldaketak sortu nahi ditugu proiektu honen bitartez”. Komunitateak horren beharra duela ondorioztatu du eta EndREDatuk gizartea baliabide berriez hornitzeko balio dezala nahi dute. Lander ikaskideak erantsi duenez, proiektuaren izenak egitasmoaren helburua ondo baino hobeto laburbiltzen du. “Asko gustatzen zitzaigun nahastea hitza, nolabait joko edo tonu bihurria duelako”. EndREDatuk proiektu dibertigarria izan nahi du, jendearentzat aberasgarria izateaz gain.

Ideiak praktikara eramanez

GizarteLAB metodologiari jarraituz, Landerrek eta Virginiak 4 tailer antolatu dituzte, maiatzean zehar Palmera Montero gunean egin direnak. Lehen tailerra egin ostean ikasleak pozik agertu dira. Virginia de las Herasen hitzetan, “oso hunkigarria izan da, parte-hartzaile bakoitza desberdina izan arren, oso talde jatorra sortu baita”. Horrela, tailerren bitartez proiektuaren helburuak gauzatzea posible izan da. Tailer bakoitzak bi orduko iraupena izan du eta hainbat lan jorratu dituzte: pertzepzioaz, autopertzepzioaz, esperientzien irakaskuntzaz eta erabakiak hartzeaz jardun dute. Gainera, etorkizuna amestera eta asmatzera jolastu dira. Azkenik, besteen lekuan jartzen ahalegindu dira, enpatia landuz, horrek auzoen dinamiketan aldaketak ekar ditzakeelakoan.

Ezin dugu ahaztu Irun % 15eko immigrazio tasa duen hiria dela eta mugatik gertu bizitzeak bere eragina ere baduela”

Lander Berges, EndREDatu proiektuaren bultzatzailea

Parte-hartzaileei dagokienez, hiru multzotako pertsonak erakarri nahi izan dituzte topaketa hauetara. Hala ere, Lander Bergesek azpimarratu duenez, “Irungo herritar guztiei eta parte hartu nahi izan duten irundar guztiei irekita egon da proiektua”. Batetik, “pipermin sozial” moduan definitu dituzten pertsonak gonbidatu dituzte, hau da, taldean lan egitea gustuko duten pertsona oso aktiboak. Bestetik, gazteen inplikazioa bilatu dute, elkarteetan gehiago inplikatzea zerk galarazten dien ulertu ahal izateko. Azkenik, migratzaileak ere animatu dituzte proiektura batzera, duela zenbait hamarkada elkarteen sorreran gehiago parte hartzen zutela ikusi ostean. Dena den, elkarteen barruan ofizialki izen hori duten entitateez gain, gauzak aldatzen saiatzeko lanean ari den edozein pertsona talde ere izan dute kontuan.

Epe luzerako lana

Ideia horren bidez, datorrenari aurrea hartu nahi izan diote. Izan ere, proiektuaren helburuetako bat parte-hartzaileak etorkizun hurbilean sortu daitezkeen erronketarako prestatzea izan da. “Etorkizuna hemen bertan dugu”, azpimarratu du Lander Bergesek. Horregatik, tailerretako parte-hartzaileei galdera hau planteatu diete: etorkizunerantz orain gauden bezala jarraitu nahi ote duten edo hori aldatzeko ekintzak abian jarri nahi ote dituzten. Zentzu horretan, Virginia de las Herasek aipatu duenez, jendeak erabakiak hartzen ikastea nahi dugu, gerta daitezkeen egoerei aurre egiten jakin dezaten. Lander ikaskideak erantsi duenez, “uste dugu aldaketak etorkizun dibergente eta desiragarri batean gertatzen direla”, gaineratu du Landerrek. Etorkizuna zalantzazkoa izan daitekeen arren, Virginiak islatu duenez ikasleek argi daukate zein den beraien nahi nagusia: “Proiektu honi esker istorio politak sortzea nahi dugu”.

Ikasketen emaitza

Lander Bergesek eta Virginia de las Herasek Gizarteratze graduan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dute EndREDatu proiektuaren barnean. Virginia de las Herasek azaldu duenez, “pertsonekin lan egitea zeinen ederra den ere ikusi ahal izan dugu”. Horrela, ikasleek parte-hartzaileei beren helburu pertsonalak gauzatzen lagundu diete, beraien ahotsak entzunez. Lander Bergesek adierazi duenez, “tailerrek gizarte eragile bihurtu eta inguruko pertsonen bizitza hobetzen laguntzeko aukera eman die”.

GizarteLABek iraupen luzeagoa izan ohi duten proiektuak bultzatu ohi ditu. Lander Bergesek azaldu duenez, “gure proiektua txikiagoa eta denboran laburragoa izan da, baina GizarteLAB baten fase guztiak garatu ditugu”. EndREDatu proiektuak ordea, etorkizunera begira aplikatu daitezkeen ideia ugari proposatzen ditu. Horrela, Virginia de las Heras eta Lander Bergesen nahia da beren proiektuaren bitartez lortzen dituzten ondorioak errealitatean aplikatu ahal izatea, gizarte aldaketa benetakoa izan dadin.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude