Marrubi Goxokiak denda Luis Mariano kaleko 14. zenbakian mokadu gozo zein gazi azkar baten bila dabiltzan horientzako galbidea da, bertan ia edozein gutizia erosi daiteke eta. Hala ere, bere jarduera saltokitik harago doa, merkataritza sustatzeko urtean zehar hainbat animazio egitasmo antolatzen dituelako, sare sozialetan sortutako edukiaz gain. Mikel Castrok Gabonetara begira prestatzen ari dena aurreratu digu.
Nola sortu zen Irunen Marrubi izeneko goxoki denda bat irekitzeko ideia?
Nahiz eta batzuek duela gutxitik ezagutzen gaituzten, Marrubik dagoeneko 13 urte dauzka eta oso azkar igaro dira. Marrubi familia enpresa bat da, nire anaia Jesusek sortu baitzuen. Hemendik gertu enpresa bat genuen eta pladurra muntatzen lan egiten genuen. Horrela konturatu ginen Luis Mariano inguruan horrelako dendatxo bat falta zela eta proiektuan sinetsita denda muntatu zuen. Urtebetera nire iloba Iraia jaio zen eta alabaren jaiotza dendarekin bateraezina egin zitzaion. Orduan, Jaimek, nire beste anaiak hartu zuen, jendearentzat ezagunagoa izango dena, dendan bospasei urte egin zituelako. Ni berriz, duela 11 urte hasi nintzen dendan lanean eta orain dela 6 urte dendan bakarrik geratu nintzenean, lokalez aldatzea eta sare sozialekin hastea erabaki nuen.
Denda berria zabaltzearekin batera, askotariko eskaintzaren aldeko apustua egitea erabaki zenuten, ezta?
Generoari dagokionez, beti gustatzen zaigu produktu berrienak izatea, beti zerbait berria baitago. Baina baita produktu klasikoak ere, adibidez, Rubik kuboak. Erraz esaten da, baina oraintxe bertan 120 Rubik kubo baino gehiago ditugu dendan. Baina azken eromena Sonny Angels-ak dira, dagoeneko askok izango dituztenak. Gainera, modako kromoak ditugu beti, igandeetan 12:00etan kromo elkartrukeak antolatzen baititugu dendaren parean.
“Beraz, produktu klasikoak dira hoberen saltzen direnak”
Zuen erosle gehienak gaztetxoak izango dira.
Hori mito bat da. Heldu asko txikiak ekartzearen aitzakiarekin etortzen dira eta gero beraiek dira gehien erosten dutenak. 16 urtetik gorako bezero asko eta asko ditugu, baita 80 edo 90 urte arteko bezeroak ere. Dena den, egia da erositako produktuak adinaren arabera aldatzen direla. Bertako bezero asko ditugu eta asko ia egunero datoz dendara edo sare sozialen bidez harreman etengabean gaude haiekin. Hala ere, kanpotik etortzen diren bezeroak ere baditugu eta lorpen handia da hori. Donostiatik, Zumarragatik, Oñatitik, Nafarroatik eta baita Logroño, Madril edo Frantzia bezalako leku urrunagoetatik ere etorri izan zaizkigu. Gainera, beste hiri batzuetatik idazten digute, Gasteizen edo Bilbon Marrubi denda bat irekitzea eskatuz.
Eta produktuei dagokienez, zein dira hobekien saltzen direnak?
Beti nobedadeak badauden arren, gutxik irauten dute denbora luzez. Beraz, produktu klasikoak dira hoberen saltzen direnak. Hau da, patata frijitu tipikoak, Jumpersak, Risketosak edo Gusanitoak. Hala ere, nik bezeroei pixkanaka produktu berriak erakusten dizkiet, adibidez, ahuntz gaztarekin eta tipula karamelizatuarekin egindako patatak. Gominolei dagokienez ere klasikoek oso ondo funtzionatzen dute, adibidez, marrubiek eta adreiluek, baina azkenean lehenago edo geroago dena saltzen da.
Dendaz gainera, gaur egun sare sozialetako edukia asko lantzen duzue.
Nire ustez, sare sozialek eragin handia dute, eta beraz, oso tresna garrantzitsua dira, eta doakoak gainera, askok gutxiesten dituzten arren. Edukia negozioa zuzentzen duen pertsonaren nortasunaren, negozio motaren eta helarazi nahi den mezuaren araberakoa izan behar dela uste dut. Lan handia eskatzen dute eta nekagarria izan daiteke, baina bezeroek aintzat hartzen duten ahalegina da. Nik adibidez askotan ideia eroak izaten ditut, eta gauzak horrela, ia edozer gauza egitera animatzen naiz.
“Azkenean, salmentei zeharka edo zuzenean eragiteaz gain, gehien betetzen gaituena gure bezeroen poza ikustea da”
Urtean zehar Marrubitik antolatutako ekitaldiak oso ezagun egin dira. Hori egindako lan gogorrari esker izango da, ezta?
Bai, kanpotik ikusten ez den lan handia dute atzetik. Horregatik, garrantzitsua da, nahiz eta eguraldiak ez lagundu, guk edo beste edozeinek antolatutako ekintzetan parte hartzea, haurrek zein antolatzaileek asko eskertuko baitute. Gure kasuan, jendearen erantzuna zoragarria izaten da eta asko eskertzen dugu. Azkenean, salmentei zeharka edo zuzenean eragiteaz gain, gehien betetzen gaituena gure bezeroen poza ikustea da. Duela gutxi, Halloween festa antolatu dugu, edo Behobia Donostian gure Marrubiman korrikalariak animatzen egon zen.
Gabonetara begira, ziur gaude ekitaldi bereziren bat prestatzen ariko zaretela.
Aurreratuko dizut, abenduaren 29an, igandean, aspalditik Micky eta Minirekin antolatzen dugun photocall berezia antolatuko dugula. Oraingoan, ordea, jarduera zabaltzen saiatuko gara, adin guztietako pertsonengana iritsi nahi baitugu. Beti bezala, Irune nire kidea ere bertan izango da, Grinchen konpainian. Horrela, urte amaierako kanpaiak antolatuko ditugu, baina gaueko 21:00etan egingo ditugu, publiko guztientzako ordutegi egokia izan dadin. Horretaz gain, jolas eta sorpresa bereziak prestatzen ari gara.
Marrubik maskota propioa du, denda gutxik esan dezaketen zerbait.
Bada, Bidasoa mailan, uste dut “Mi Dulce Guerrero” elkartea eta Bidasoa Irun direla horrelako zerbait duten bakarrak. Marrubiman pandemian zehar bezero batek egindako marrazki batetik sortu zen, dendako maskota izan zitekeenaren marrazki bat oparitu baitzigun. Denborarekin jendeari gustatzen zitzaiola ikusi eta marrazki horri bizia ematea erabaki genuen. Gure erokeria horietako bat izan zen, baina arrakasta erabatekoa izan da, etengabe eskatzen digutelako kalera ateratzea.
Etorkizunari begira, dendarekin loturiko ideia erorik baduzue buruan?
Ba konplikatua da. Jarduerei dagokienez, beti saiatzen gara urtetik urtera gauza berriak egiten. Jada datorren urteko Halloween festarako ideia bat dut buruan, hemen noski, Luis Marianon egiteko, baina ea baimena ematen didaten. Negozioa zabaltzeari dagokionez, beti dago hor aukera, baina hori azken unera arte ezin da baieztatu, baldin eta gertatzen bada.