Aintzane Galarzak forma ematen die ideiei oihal eta harien bidez

Orain dela bi hilabete Aintzane Galarzak bere tailer propioa ireki zuen Uranzu kaleko 21. zenbakian. Galarza Costura izenpean, Aintzanek era askotariko osagarriak sortzen ditu, beti bezeroen eskakizunetara egokituz. Gainera, arropa atontzeko konponketak ere egiten ditu. Galarzak 2022an josketa ikastaroak antolatzen hasteko asmoa duela aurreratu digu.

Noiz sartu zinen joskintzaren munduan?
Duela sei urte makillatzaile lanetan ari nintzen, makillaje eta karakterizazioko ikasketak egin bainituen. ETBko telesailen baterako makillatzaile lanetan aritu nintzen. Une horretan, modaren eta joskintzaren gaia deigarria egiten hasi zitzaidan, eta, azkenean, patroigintzako eta modako goi-mailako ziklo batean izena ematea erabaki nuen. Han ikasi ahal izan nuen guztia asko gustatu zitzaidan. Gradua amaitzean praktika batzuk egin nituen eta oihal denda batean hasi nintzen lanean. Horri esker, oihalen mundua sakonago ezagutu ahal izan nuen, barietate asko eta ehun mota ezberdinak baitaude. Nire inguruko jendearentzat konponketa txikiak egiten hasi nintzenez, nire tailer propioa irekitzeko ideia bururatu zitzaidan.

Erraza izan zen zure kabuz tailer bat irekitzeko erabakia hartzea?
Hasieran beldur pixka bat izan nuen, ez bainekien zenbat bezero izango nituen. Honetaz bizitzeko adina bezero ez edukitzeak kezkatzen ninduen. Zorte handia izan nuen nire familiak laguntza handia eman zidalako. Nire tailerra gurasoena da. Horri esker, oraingoz ez dut alokairurik ordaindu behar, eta hori laguntza handia da. Adibidez, nire amak ile-apaindegi bat dauka, eta, haren bidez, bere bezero asko niregana etortzen dira konponketak egin diezazkiedan; beraz, bezero kopuru txiki bat behintzat baneukan ziurtatuta.

Jostea modan dago berriro?
Bai, erabat. Esango nuke duela urte batzuk gizartean, oro har, galdu egin zela josten ikasteko ohitura, gure amonen belaunaldira arte gertatu ez zena. Orain, ordea, jende askori josten ikasteko gogoak piztu zaizkio eta gero eta interes gehiago nabaritzen dut nire lagunen artean.

Beraz, enkargu asko jasotzen dituzu konponketak egiteko?
Bai horixe. Beti gauza bera gertatzen da. Arropa dendetan erosten dugu, eta arropa ez denez berdin egokitzen gorputz mota guztietara, beti beharrezkoa da konponketaren bat edo beste. Adibidez, jantzien baxua hartzea, estutzea edo zabaltzea dira gehien eskatzen diren konponketak.

Nolakoak izan dira lehen bi hilabeteak denda ireki zenuenetik?
Denbora gutxi igaro da denda ireki nuenetik, baina, egia esan, oso pozik nago. Oso eskertuta nago auzoan harrera bikaina izan dudalako. Jendea galdetzera gelditzen da edo dendan ikusgai ditudan artikuluak begiratzen ditu kanpotik. Nirekin hitz egiten dutenean, eskaintzen ditudan zerbitzu guztiez galdetzen didate eta asko hurbildu dira konponketak eskatzeko.

Zure produktuen artean, zeintzuk dira gehien saltzen direnak?
Asko saltzen dira diru-zorroak edo nezeserrak. Koleteroek ere interes handia sortzen dute, oso erraza baita eskumuturrean jartzea eta beti eskura edukitzea ilea lotu nahi duzunerako.

Jendeak eskuz egindako gauzen atzean dagoen lana baloratzen du?
Batzuek bai eta besteek ez. Josten dakien jendeak badaki zenbat denbora behar den artikulu hauetako bakoitza sortzeko, beraz, ez dira kexatzen. Besteek, ordea, prezioa ikusterakoan garestiegia iruditzen zaie. Ulergarria da arropa, oso merke erostera ohituta gaudenez, konponketa erosketa baino garestiagoa denean jendea larritzea.

Aurtengo Gabonetan Zabaltza plazako azokan parte hartu duzu. Nolakoa izan da esperientzia?
Oso ona. Azokan parte hartzeko aukera eskaini zidatenean, ez nuen bitan pentsatu eta nire proiektua ezagutarazteko aukera bikaina iruditu zitzaidan. Era honetan, auzoko jendeaz gain, Irungo beste hiritarren aurrean nire burua aurkeztu eta zer egiten dudan erakusteko aukera eman dit.

Gainera, zure produktuetako asko opariak egiteko egokiak dira, ezta?
Bai, produktu berriak sortzen ari naiz etengabe. Gainera, artikulu pertsonalizatuak egiten ditut, beraz, jendeak eskaera bereziren bat daukanean, niregana hurbildu daiteke. Adibidez, jendeak beren tablet edo ordenagailu eramangarri propioetara egokitzen diren zorroak eskatzen ditu. Laburbilduz, era askotariko osagarriak sortzeko prest nago. Niretzat oso garrantzitsua da kotoi organikoak erabiltzea eta OEKO TEX ziurtagiria duten oihalak erabiltzea. Zentzu horretan, ahalik eta material gutxien gastatzen saiatzen naiz, baina kalitate handiko materiala izatea gustatzen zait.

Egun josketa tailer batentzat sare sozialetan presente egotea garrantzitsua da?
Bai. Nik zorte handia dut nire ahizpak diseinu grafikoko ikasketak egin dituelako eta sare sozialen kudeaketarekin asko laguntzen didalako. Oso garrantzitsua eta zaila da. Izan ere, egunero zerbait partekatu behar duzulako jendea zutaz oroitu dadin eta askotan ideak falta zaizkizu.

Non bilatzen dituzu zure proiektuetarako ideiak?
Instagram eta Pinterest sare-sozialak asko erabiltzen ditut. Bestetik, kaletik gustuko dudan zerbait ikusten dudanean, gauza bera sortzen saiatzen naiz. Produktuak hobetzeko eta jendearentzako erabilgarriago egiteko ideien bila nabil beti.

2022. urterako desioren bat?
2022ko otsailetik aurrera josketa ikastaro txikiak antolatzen hasi nahiko nuke. Nire lokalean ez dut espazio gehiegirik, baina uste dut aldi berean hiru edo lau pertsonari irakasteko aukera izan dezakedala. Jende askok ikastaroak eskatu dizkit jada eta maila desberdinetako ikastaroak eskaintzeko asmoa dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude