Maria Jesús Echepare, jostuna: “Nahitaez bete behar dut egutegia”

Gaztetan, Maria Jesús Echepare ez zen Alardeko kantinera atera. Hala ere, alabarik eduki ez duen arren, ehunka kantinera izan ditu etxean. Hogeita hamar urte egin ditu aurten Echepare jostunak Alardeko kantineren jantziak prestatzen. Seiehun baino gehiago izan ditu esku artean.

 

– NoSONY DSCiz hasi zinen josten? Zergatik?
Beti gustatu izan zait jostea. Panpinekin hasi nintzen txikitan, garai hartako beste neska asko bezala. Beranduago, tailer batera joaten hasi nintzen, arratsaldetan, ikastera. Hamahiru urte pasa nituen azkenean tailerrean. Gero ezkondu nintzen, eta semeak izan nituen.
– Nola hasi zinen kantineren jantziez arduratzen?
Udaletik deitu zidaten, 1985ean. Orduan, kutxa batean gordeta zituzten jantzi guztiak, eta zeudenak banatzen zituzten kantineren artean. Konponketak etxean egiten zituzten. Norbaiti bururatu zitzaion pertsona batek arduratu behar zuela jantziak konpontzeaz eta banatzeaz. Niri deitu zidaten, eta ilusioz gainezka joan nintzen.
– Zein izan da zure lana aurrerantzean?
Orain jantziak etxean gordetzen ditut. Garbitu, konpondu, eta erabiltzeko prest uzten ditut. Kontu handiz ibili beharra dago, jantzi politak dira, baina delikatuak ere bai. Batzuetan, nesken mutil-lagunek edo amonek jantziak oparitu nahi izaten dituzte. Kasu horietan, berriak egiten ditut. Hala ere, zaharrak ere txukuntzen ditut, aldea nabaritu ez dadin.
– Noiz hasi ohi zara jantziak prestatzen?
Maiatzaren hasieran. Lehen asteetan oso urduri jartzen naiz, esperientzia dudan arren, edozein ezusteko gerta daitekeelako. Antolakuntza handia behar da, kantinera bakoitzarekin geratzeko, eta probak egiteko. Kantinera asko dira, eta zaila izaten da hi-tzorduak finkatzea. Askok kanpoan ikasten dute. Denak etxetik pasa direnean, orduan hasten da benetako lana. Erlojuaren kontrakoa izaten da normalean. Aurten goizeko 4:30ean jaiki izan naiz lan egiteko. Egutegi bat daukat eta nahitaez bete behar dut.

– Asko aldatu da zure lana hogeita hamar urtean?
Ikaragarri. Gaur egun erraztasun guztiak ditut. Oihalak Irunen lor-tzen ditut eta tolesak Donostian egiten dizkidate. Garai batean Biarritzera eta Bilbora joan behar izaten nuen.
Kantineren komisioak behar den guztia gastatzen du. Kalitate oneneko materialekin lan egiten dut.
– Nolakoa izaten da San Martzial eguna zuretzat?
Oso urduri egoten naiz, ezin duelako ezerk hutsik egin. Dena den, kantinerek badakite non egongo naizen, eta josteko tresnekin egoten naiz, behar izanez gero konponketak egin ahal izateko.
– Ez al duzu erretiroa hartzeko asmorik?
Pentsa, neska bati bataioko soinekoa egin nion, eta gero kantinera-jantzia. Edo behin baino gehiagotan gertatu zaidana da amari eta alabari kantinera jan-tzia egitea. Horrelakoetan konturatzen naiz denbora asko daramadala. Dena den, kostako zait uztea. Pozik egiten dut lan, zoriontsu naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude