CARLA PAVESI, Alarde Publikoko Danborradako kantinera: “Ilusio handiarekin hartu dut”

Alardean desfilatzen hasi zenean, Carla Pavesik ez zuen kantinera ateratzeko helbururik. Baina azken bi urteotan kantineraren laguntzaile izan da. Aspaldiko bi lagunen ondoan atera da, entseguetan eta San Pedro eta San Martzial egunetan. Esperientziak gogoa piztu dio, eta lehen aldiz aurkeztu du bere burua Danborradako kantinera izateko. Zozketan, bere izena atera da. Alardeko ikuspegi berezienetako bat ezagutuko du aurten Carla Pavesik.

SONY DSC

– Noiz hasi zinen Alardean desfilatzen, eta zergatik hartu zenuen erabakia?
Duela sei urte hasi nintzen. Nire koadrilako neska batek bi urte zeramatzan ateratzen. Nik jakin-mina nuen, baina ez nintzen urratsa ematera animatzen. Urte hartan Dunboa eskolan egiten dituzten tailerretara hurbildu nintzen, doinuak ikasteko. Gero entseguetan hasi nintzen, eta probatzea erabaki nuen. Ez naiz damutzen, primeran pasatzen dudalako. Kanpoan ere gustura nengoen. Betidanik ikusi izan ditut bi Alardeak. Baina festa barrutik bizitzeak ez dauka zer ikusirik.
– Nolako esperientziak izan ziren lehenengoak?
Hasieran beldur pixka batekin atera nintzen, jaiaren inguruan dagoen gatazka dela eta. Arratsaldean Kale Nagusian behera jaitsi aurretik, urduri nengoen, tentsioa nabaritzen delako inguruan. Gainerakoan, gustura ibili nintzen. Danborradako jendeak oso ondo hartu ninduen, eta integratzen lagundu zidan.
– Urte berezia izango da aurtengoa. Kantinera aterako zara.
Bai, ilusio handiarekin hartu dut, behintzat. Gustura atera izan naiz soldadu moduan, baina egia da kantineraren irudia garrantzitsua dela Alardean. Emozio handiko egunak izango dira. Zortea izan dut, lehen aldia zelako, eta beste lau hautagai zeudelako zozketan. Banuen itxaropena, baina banekien zaila izango zela. Beraz, lasaitasunez hartu nuen.
– Nolakoa izan zen aukeraketaren eguna?
Kontserbatorioan nengoen, klasea neukalako. Danbor Nagusiaren deia jaso nuen. Kabigorri tabernara hurbiltzeko eskatu zidan, besterik ez. Iritsi nintzenean, Danborradako kide batzuk aurkitu nituen, eta txantxetan hasi ziren, aurten txibilito asko zeudela, eta ezin izango nuela atera. Gero kantinera izan nahi nuen galdetu zidan Danbor Nagusiak. Segituan esan nuen baietz. Ama, izeba, lehengusuak, eta lagunak hurbildu ziren, eta momentu hunkigarria izan zen.
– Prestaketa batzuk eskatzen ditu kantinera ateratzeak. Hasi al zara?
Bai. Duela gutxi, hori bai, ikasketak amaitzen ari naizelako, eta aldi berean lanean nabilelako. Denbora askorik ez daukat, baina laguntza handia jaso dut. Kantineren Batzordekoak nirekin harremanetan jarri ziren, eta azkar lortu nituen San Martzial eguneko jantzia eta botak. Gainerako egunetarako, opari asko egin dizkidate; beraz, arazo handirik ez dut izan. Dena martxan dago, eta lasai nago.
– Jaso dituzun aholku guztien artean, zein aukeratuko zenuke?
Onena, disfrutatzea. Festa bat dela ez ahaztea, eta beti bezain ondo pasatzea. Ez San Martzial eguna bakarrik, hilabete osoa baizik, prestaketak hasi nituenetik. Hori da aholkurik onena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude