Bidasoa Irunek denboraldi berriari ekiteko ekipamendua prest dauka

Bidassoa Basque Brewery garagardotegian aurkeztu dira ofizialki 2023/2024 denboraldian lehenengo taldeak eta talde teknikoak erabiliko dituzten Geff markako jokorako ekipazioak eta gainerako arropak. Iñigo Sanz irundarrak diseinatuak dira.

Denboraldi berrirako bildumak ildo retro bati jarraitzen dio, 90eko hamarkadan CD Bidasoak erabilitako kirol-arropan oinarrituta. Lehenengo kamiseta horia da, kolore urdin eta zuria duten xehetasunekin; bigarrenean, berriz, kolore urdina nabarmentzen da berriro, xehetasun hori eta zuriak daramana. Bi jantziak konposizio-patroi berean oinarritzen dira. Horrela, kluba hainbeste irudikatzen duten kolore horiz eta urdinez janztearen harrotasuna azpimarratu nahi izan da. Kolore horiek bi ekipamenduetan agertzen dira, baita atezainarenean ere. Kolore horiek jantzi bakoitzean integratu dira joan den mendearen amaiera gogorarazten duten testuren eta elementu grafikoen bidez.

Jokalarienekin batera, atezainaren bi ekipazioak ere aurkeztu dira. Lehenengoak atezainen bi kolore tradizional berreskuratu ditu: beltza eta zuria. Bi zatitan banatuta, goikoak kolore zuria islatzen du eta behekoak, berriz, beltza. Bigarren kamiseta lila kolorekoa da eta mahuka zuriak ditu. Gainera, jokalariek entrenamenduko janzkerak eta hiriko BDS arropa aurkeztu dituzte, bidaietan eta lehen taldeko ekitaldietan erabiliko dutena. Horrela, joan den denboraldian ateratako ildoari jarraipena ematen zaio, jarraitzaileek beren egunerokoan arropa bidasotarra jantzi ahal izan dezaten. Jokorako, entrenamendurako eta BDS lineako arropa ofiziala salgai egongo da abuztuaren 12an Artalekun MT Melsungen alemaniarraren aurka jokatuko den lagunartekoan. Klubeko bazkideek deskontuak izango dituzte produktuak erostean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude