Txingudi errugbi klubaren denboraldiaurrea martxan da dagoeneko

Argazkia (Txingudi RC): Harpastum erakustaldia

Denboraldi berriari gogoz heltzeko hasi dira lanean Iñigo Camareron mutilak eta, pasa den denboraldiaurrearen antzera, klubeko jokalari gazteekin batera hasi dute prestaketa. Astean hirutan elkartuko dira, astelehen, astearte eta ostegunetan, 19:30etatik aurrera entrenamenduak burutzeko eta hurbildu nahi duen edonor gonbidatu nahi dute klubetik.

Bestalde, emakumezkoen taldearen denboraldiaurreak helburu bikoitza izango du. Alde batetik, pasa den urtean osatutako taldea sendotu eta indartu eta, bestetik, jokalari gehiago lortu Euskal ligan izena eman ahal izateko. Lehenengo topaketa datorren astelehenean, 19:00etatik aurrera, izango da Plaiaundin eta interesdun guztiei irekia izango da. Datorren hilabetea garrantzitsua izango da Txingudiko taldeen osatzerako, beraz.

2022/23 denboraldiaren itxiera

Bi aste baino ez dira pasa eskualdeko errugbi taldeak pasa den denboraldia itxi zuenetik. Uztailaren 15ean, larunbatean, euriak ez zuen zapuztu egundoko arrakasta izan zuen Hondarribia Beach Rugby txapelketaren 6. edizioa. Gipuzkoa, Bizkaia, Burgos, Iparralde eta Akitaniako leku ezberdinetatik iritsitako 250 bat jokalarik, 19 taldetan banatuta, bi zelaietan aritu ziren Hondarribiko hondartzan.

Beteranoen mailan, B-root teamek Toutxbitxos menderatu zituen finalean eta Agustin de Dios izan zen jolakaririk onena. Emakumezkoen txapelketan, ordea, Cheeta Girlsek Bardos Neskak 2 garaitu zuten eta Oihane Setién izendatu zuten jokalaririk onena. Azkenik, kategoria mistoan Euskal Barbarians eta Las Pipasen arteko finala lehenengoek eraman zuten eta jokalari onena Aimar Echeveste izan zen.

Lehiaketaz harago, aurtengoa erronka polita izan da Txingudi Rugby Taldearentzat, inoiz baino talde eta jokalari gehiagok eman baitute izena eta horrek bi zelai antolatzera behartu zituen. Zailtasunak zailtasun, klubetik oso positibotzat baloratu dute txapelketaren garapena.

Hurrengo egunean, denboraldiko ekintzekin amaitzeko, Dies Oiassoniseko Harpastum erakustaldian aritu ziren senior taldeetako jokalariak. Azkenean, neskek mutilek osatutako bi taldeak gailendu zituzten eta Oiasso hiri erromatarreko lehenengo Harpastum txapelketa eraman zuten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude