Dies Oiassonisek erromatar arora itzultzeko aukera eskainiko du uztailaren 13tik 16ra

Dies Oiassonis hitzordu mitiko bihurtu da Irungo udan. Uztailaren erdialdean eta egun batzuetan zehar, hiriko kaleek erromatar galtzaden irudia hartzen dute, XXI. mendea oso urrun sentiaraziz. Horregatik, Juanjo Jiménez Oiasso museoko zuzendariak eta Aizpea Goenaga museoko koordinatzaileak Irunen erromatar portu baten berezko giroa arnasteko urte honetan antolatuko diren jarduerak aurreratu dituzte.

Jai izaeraz gain, Oiassoko biztanleen ohitura eta bizimoduari buruz ikasteko aukera aproposa ere bada Dies Oiassonis. Juanjo Jiménez Oiasso museoko zuzendaria pozik azaldu da jaialdiak orain arte izandako bilakaerarekin eta aurten 13. edizioa ospatzeko desiratzen daudela azaldu du: “Oso kontent gaude aurtengo programa oso aberatsa baita; ekimen berriak sartzeko aukera izan dugu, baina beti ere jaialdiaren egitura mantenduz”. Aizpea Goenagak birsortze historikoek museoarentzat duten garrantziaz hitz egin du: “museoan ikusgai dauden objektuak ezagutzeaz eta ikusteaz gain, horiei bizitza eman nahi diegu”.

Hain zuzen ere, Dies Oiassonis jaialdia erromatarrek nabigazio denboraldiaren hasiera ospatzeko antolatu ohi zuten festa birsortzeko ideiatik sortu da. “Erromatarrek ospakizun hau lehenago egin ohi bazuten ere, guk uztailean ospatzen dugu, Karmengo jaiekin lotuz”.  Goenagak azaldu duenez, jendea pixkanaka festa hau ospatzeko ohitura hartzen ari da. Oiasso Museoko zuzendariaren hitzetan: “Irunen Oiassoko portuaren aztarnak aurkitu zirenez, itsasoaren inguruko jai bat ospatzen dugu Isis jainkosaren omenez”.

Isis jainkosari eskaintza

Uztailaren 13tik 16ra egingo diren ekintzen artean, Navigium Isidis ekitaldia izan ohi da jaialdiko ekintza jendetsuenetako bat. Navigium Isidis Isis jainkosari eskainitako prozesio bat zen. Antzinako Erroman ospatzen zuten, nabigazio garaiari hasiera emateko. Isis da marinelen eta itsas bidaien babeslea, eta horrexegatik egiten zuten prozesio hau haren omenez. Aizpea Goenagak adierazi duenez, aurten Navigium Isidisak berrikuntza garrantzitsuak izango ditu, “andere handi” talde batek parte hartuko baitu bertan. “Andere Handi izena jasotzen zuen erromatar garaian emakume boteretsuek eta ospetsuek osatzen zuten taldeak”, azaldu du Goenagak. “Guk gure ikuspegitik askotan ahaztua dugu emakumeek nolako garrantzia zuten gizarte hartan”, gaineratu du museoko koordinatzaileak.

Era berean, aurten Navigiuma inoiz baino parte-hartzaileagoa izatea nahi dute. Horretarako, ekintzan parte hartzeko izena emateko aukera zabalik dago maiatza amaieratik. Interesdunek 943 63 93 53 telefonora deituta edo Oiasso Museora joanda eman dezakete izena. Gainera, aurten joskintza erromatarreko bi tailer antolatu dira museoan, erromatar jantziak sortzen laguntzeko.

Gustu guztientzako eskaintzak

XIII. Dies Oiassonisean gustu guztietarako ekintzak topatuko dituzte bisitariek. Juanjo Jiménez Oiasso museoko zuzendariak azaldu duenez, Dies Oiassonis museoko edukiak jendeari gerturatzeko aukera aparta da: “Kasu honetan ekitaldiak kalean antolatzen ditugu, eta horrek museoaren edukiak beste era batean zabaltzeko aukera ematen digu”. Dies Oiassonisen programak gainera aurreko edizioetako hitzordu mitikoetako batzuk izango ditu. Ohi bezala, Zirkuko afaria eta hiriko ostalaritzako establezimenduen artean egindako pintxo erromatarraren bidea izango dira, baina, horiez gain, gastronomia-eskaintzak ere nobedadeak izango ditu aurten. Juanjo Jiménezek aurreratu duenez, “Oiasso museoan erromatar gastronomiari buruzko zenbait hitzaldi izango ditugu”.

“Guk gure ikuspegitik askotan ahaztua dugu emakumeek nolako garrantzia zuten gizarte hartan”

Aizpea Goenaga, Oiasso Museoko koordinatzailea

Edizio honetako kultura eskaintzaren protagonista antzerkia izango da. Junkal plazatxoan izango da, ostiralean, larunbat gauean eta igande arratsaldean. Aizpea Goenagak adierazi duenez, “erromatar gizartearentzat garrantzi handia zuen ekimen soziala zen antzerkia”. Horrela, zineak irekiko du ekimen kulturalen programa ostegun arratsaldean. Ostiralean, berriz, Oiassoko Emakumeen bakarrizketak egingo dira berriro Junkal plazan. Larunbatean Meridako antzerkiarekin Medea antzezlana ikusi ahalko da. Kabia teatroak berriz, igandean erromatar garaian girotutako antzezlana eskainiko du. “Beraz, hemen sortutako eta kanpotik etorritako erromatar garaiko produkzioak izango ditugu”, erantsi du Oiasso museoko koordinatzaileak. Horrekin batera, Aizpea Goenagak azaldu du oso erakusketa interesgarria izango dutela Meridako antzerkiarekin Irungo Udalak sinatutako kolaborazio akordioari esker. San Juan plazan, bestalde,  berriz eskainiko da Zirku Erromatarraren ikuskizuna, larunbatean bi saio eta igande goizean saio bakarra emanez.

Dena prest 13. ediziorako

Oiasso Museoko arduradunek aurtengo Dies Oiassonis jaialdia ospatzeko dena prest izatea espero dute uztaila hasterako. Juanjo Jiménezek aipatu duenez, edizio bat amaitu bezain laster gertatutakoaren balorazioa egiten dute, “hurrengorako zer hobetu daitekeen pentsatzeko”. Hala ere, urtarrila edo otsailera arte ez dira hurrengo Dies Oiassonisaren prestaketekin hasten. Aizpea Goenagak gogoratu du iaz beroak arazo asko eragin zizkiela. “Aurtengo ediziorako hori berriro gertatu daitekeela kontuan hartuko dugu, eguraldia aldatzen ari dela argi dago eta”, gehitu du Oiasso museoko koordinatzaileak.

“Kasu honetan ekitaldiak kalean antolatzen ditugu, eta horrek museoaren edukiak beste era batean zabaltzeko aukera ematen digu”

Juanjo Jiménez, Oiasso Museoko zuzendaria

Antolatzaileen esperientziak argi eta garbi erakusten du dagoeneko 13 edizio igaro direla lehen Dies Oiassonis jaialdia antolatu zenetik. Zentzu horretan, Aizpea Goenagak jaialdia hazten jarraitzeko nahia adierazi du: “Atlantikoko kostalde guztian ez dago Dies Oiassonis bezalako jaialdirik eta horregatik bultzatu eta indartu nahi dugu gure jaialdi hau”. Era berean, aurten jaialdia arrakastatsua izan dadin, Juanjo Jiménezek espero du asteburu horretan jende asko hurbiltzea Irunera, bertako hiritarrez gain, Nafarroa eta Gipuzkoa osoko bisitariak erakartzeko nahia adieraziz. Erabat argi dagoena da, mendeak eta milurtekoak igaro arren, kultura erromatarrak interesa sortzen jarraitzen duela, batez ere Oiassoko portu zaharra izan zenaren egungo biztanleen artean.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude