Julen Aginagalde Akizuk eskubaloi profesionala utzi zuen pasa den ekainaren hasieran. Bere azken partidua Artaleku kiroldegian jokatu zuen, 24 urtez eskubaloi profesionalean aritu ostean. Hainbat taldetan ibili ostean, etxeko taldera itzuli da erretiroa hartu aurretik. Jokatzeari utzi arren, Bidasoa Irun klubean kirol zuzendaria izango da aurrerantzean.
Nola bizi izan dituzu jokalari bezala azken hilabete hauek?
Denboraldiko egutegia argitaratu zenetik ikusi nuen azken partidua Artalekun jokatu behar zela eta asko poztu nintzen. Egia esan, iritsi behar zuen egun horretan gehiegi ez pentsatzen saiatu naiz. Momentua iritsi arte zentratuta egon nahi izan dut kirol arloan eta partiduak irabaztean. Hala ere, azken egun hori berezia izan zen bai.
Kirolari profesionalentzat zaila al da erretiroaren erabakia hartzea?
Kasu desberdinak daude. Nire kasuan, batez ere, adinaren kontuarekin lotua dago. Erabakia orain dela aspaldi hartu nuen, duela urte bat, beraz, lasaitasunez hartu dut. Egia da momentua iristen denean eta aldaketaren unea iristen denean bertigo apur bat ematen duela, baina oraingoz oso pozik nago bulego lanarekin.
Azken partida 2023ko ekainaren 3an jokatu zenuen. Nola bizitu zenuen?
Eguna lasai hartzen saiatu nintzen. Nire semeak jaunartzea zuen hurrengo egunean eta goizean entsegua izan zuenez horrek lasaiago ibiltzen lagundu zidan. Gero dena oso azkar pasa zen. Aurretik ez nuen gehiegi pentsatu nolakoa izango zen eta egun horretan jasotako omenaldi guztiengatik oso eskertuta nago. Polita izan zen momentu hori etxean familia guztiarekin bizitzea.
Jokalari profesionala izan zaren bitartean, zein izan da bizitako une bereziena?
Bakarra aukeratzea zaila zait eta hiru aipatzen ditut normalean. Lehena, Leonekin lehen Asobal Kopa irabazi nuenekoa, irabazi nuen lehen titulua izan zelako. Bigarrena, Kielcerekin Champions Leaguea irabazi genuenekoa, partida izugarria izan baitzen. Azkenik, Tokioko brontzezko domina irabazi genuen unea, selekzioarekin jokatutako azken partida izan zen eta gainera domina irabaztea lortu genuen.
Olinpiar Jokoek esan ohi den bezala zerbait berezia dutela esango zenuke?
Bai, zeharo. Mundiala edo Europako txapelketa irabaztea sekulakoa da, baina Olinpiar Jokoetako dominak gehiago baloratzen dira han egon ostean. Kanpotik ere ematen zaie garrantzia, baina han egonda konturatzen zara zeinen zaila den horrelako zerbait irabaztea. Gainera, kirol mota guztietako kirolariekin elkartzen zara bertan eta elkartasun hori oso polita da.
Eta, aitzitik, zein izan da zure kirol ibilbideko unerik okerrena edo gogorrena?
Hori argi daukat. Rioko Olinpiar Jokoetarako sailkatu ez ginen unea izan da unerik zailena. Taldearentzat oso gogorra izan zen, momentu oso onean geunden eta kanpoan geratzea ez zen erraza izan. Dena den, horrek beste indar bat eman zigun hurrengo bi Europako Txapelketak irabazteko eta oso garrantzitsua izan zen etorkizuneko lorpenetarako.
Kirolari profesionala izateak baditu noski bere trabak ere, ezta?
Bai, hori da. Champions League bat irabazteko asko galdu behar dira aurretik. Irabazi baino askoz gehiagotan galtzen dugu eta horrelako egoerei aurre egiten ikasi behar da. Bestetik, kirolari profesionala zarenean familiarekin denbora gehiago pasatzea da gehien faltan botatzen duzuna. Beste gauzek ez dute hainbesteko baliorik eta kirolak ematen dizunarekin konpentsatzen dira.
Zer eman dizu eskubaloiak zure bizitzan?
Bizitzeko modua izan da niretzat. Eskubaloian hainbeste urtez jokatu ostean, nire izateko era eskubaloiari lotuta dago erabat. Beraz, eskubaloiak dena eman didala esan daiteke.
“Ni bizitakoarekin geratzen naiz, hori argi daukat”
Kirol zuzendaritzan aritzea jokalari izatea baino zailagoa izango dela iruditzen zaizu?
Uste dut zuzendaritza lana zailagoa izango dela. Jokalari zarenean azkenean zure lana joko bat da eta erraza da. Erabakiak hartu behar direnean ordea, zaila da erabakitakoa denen gustukoa izatea. Orain arte bezala bi zereginak uztartzea zaila izan da, jokalariekin bi modura aritzea eskatu didalako eta hori ez dut oso ondo eraman, baina erronka hartu nuenean banekien hori gertatuko zela.
Orain arte klubean egin izan duzuen bezala, harrobiari garrantzi handia ematen jarraituko duzue, ezta?
Bai, nik uste zuzendaritza batzorde berria sartu zenetik argi ikusi dela kluba nola bideratu nahi duen. Etorri diren jokalari asko onak izan dira, beraz, zortea izan dugu, nahiz eta beti ez den horrela izango. Bidea hori izan behar dela argi daukat eta batzuetan arriskatu egin beharko da, baina nolako Bidasoa nahi dugun argi dugu.
Datorren denboraldia hasteko prest zaudete jada?
Beti merkatuari begira egon behar gara, baina nik uste daukagun plantillarekin taldea itxita dugula. Taldean dauzkagun jokalariengan konfiantza osoa dugu, nahiz eta gauzak nola ateratzen diren ikusi beharko den. Gazteengan dugun konfiantzarekin talde ona dugula esango nuke.
“Lanarekin eta iraunkortasunarekin gauzak iristen direla uste dut eta horiengatik borrokatu daitekeela”
Alemanian Final Fourrean egon zara kirol zuzendari moduan. Nola bizi izan duzu?
Bilera eta gauza asko antolatu ditu EHFak eta han egon gara taldeko gerentea eta biok. Bisitak gauzak beste alde batetik nola funtzionatzen duten ikusteko balio izan digute. Kontaktu asko egin ditugu, jende garrantzitsu askorekin hitz egin dugulako, finalez gozatzeaz gainera.
Duela gutxi urrezko eta brillantezko intsigniak eman dizkizute, ezta?
Bai, berezia izan da egunero ez baitira horrelako errekonozimendu asko jasotzen. Denbora asko pasa dut selekzioan jolasten gaztetatik eta polita da horrelako lekuetan aitorpena egitea.
Omenaldiek bizipenek baino pisu gehiago dutela esango zenuke?
Ni bizitakoarekin geratzen naiz, hori argi daukat. Bidean lortzen duzuna da garrantzitsuena eta oso harro nago bidean egin ditugun gauza askotaz, nahiz eta gehienetan ez irabazi.
Zer esango zenieke erreferentetzat zaituzten jokalari gazteei?
Lan egiteko eta beren buruari mugarik ez jartzeko. Ni neu ere, ametsak betetzen joan naizen heinean, pixkanaka muga hori igotzen joan naiz. Lanarekin eta iraunkortasunarekin gauzak iristen direla uste dut eta horiengatik borrokatu daitekeela.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.