Julen Aginagalde, eskubaloi jokalaria: “Bidasoan hasi eta bertan bukatzeko ilusioa neukan”

Julen Aginagaldek Bidasoan hasi zuen bere ibilbidea eskubaloi profesionalaren munduan 1999. urtean. 20 urte hauetan zehar Espainiako zein Europako eskubaloi talde ezagunetan ibili ostean, jokalari irundarra etxera itzuli da 2020/2021 denboraldia Bidasoako lehen taldearekin batera jokatzeko.

Nola sentitzen zara berriro etxean, Artalekun, jokalari gisa?
Ilusio handiarekin nator egia esan. Urteak eman ditut etxera itzultzeko gogoekin eta, azkenean, gauzak horrela suertatu dira. Taldekideekin primeran moldatzen naiz, talde oso polita dugu eta giroa oso ona da. Jokatzeko forma ere oso asimilatua daukat eta taldea batzeko ahalik eta gehien egiten saiatzen ari naiz.

“Gure esku dagoen gauza bakarra, egoera normala izango balitz bezala, dena topera prestatzea da”

Zerk bultzatu zintuen etxera itzultzeko erabakia hartzera?
Gauza asko, familia batez ere, baina baita ilusioa ere. Bidasoan hasi eta bertan bukatzeko ilusioa neukan, beraz, ikusiko dugu, baina, momentuz oso pozik nago.

Hogei urte hauetan eskubaloi jokalari profesional gisa asko aldatu zara?
Bai, segur aski bai. Jokatzen hasi nintzenetik urte asko pasatu dira eta, oraindik posizio berean jokatu arren, asko aldatu naizela uste dut. Bertan jokatzeko forman aldaketak egon dira ere, bai kirolari bezala zein pertsona bezala. Orain jokalari ezberdina izan arren, taldeari ahal dudan gehiena ematen ahaleginduko naiz.

“Polonian jada bukatu nuela jakinda, Bidasoan pentsatzen hasi nintzen”

Munduko zelai ezberdinetan ikusi zaitugu, baina, beti Irungo bandera gertu zenuela?
Bai, irudi berezia da, baina, esan beharra daukat beti beste norbaitek eramana izan dela, hau da, ez nuen nik neuk eramaten. Zortea izan dut eta horrelako momentu berezietan hurbileko jendearen babesa izan dut banderaren bitartez. Polita izan da beti Irun alboan edukitzea.

Aurreko denboraldia ezohikoa izan zen. Nola bizi izan zenuen zuk txapelketaren amaiera?
Bagenekien liga bukatuko ez zela eta Championsarekin gauza bera gertatuko zela uste nuen, nahiz eta erabakia gehiago luzatu. Irunera bueltatzen nintzela jakinda, txipa aldatzea tokatu zitzaidan. Ahal zen moduan nire kontu lanean hasi nintzen forma onean mantentzeko eta, Polonian jada bukatu nuela jakinda, Bidasoan pentsatzen hasi nintzen.

Asko nabaritu duzu jokatzeko moduaren aldaketa klub batetik bestera?
Bai, joko-mota guztiz desberdina da, baina, partidu asko ikusiak neuzkanez, lan hori aurreratua neukan. Gainera, kide jokalariek gauzak argiago dituztenez, haiek ikusita errazagoa egiten zait, beraz, ahal dudan guztia egiten ari naiz lehenbailehen egokitzeko.

Behin aurre-denboraldia hasita, nola ikusten duzu taldea denboraldi berrirako?
Aurre-denboraldiko azken partiduarekin abuztuko lana ondo borobildu dugula uste dut, hortaz, prest gaude. Badakigu norgehiagoka guztiz ezberdina dela, aurre-denboraldia eta denboraldia guztiz ezberdinak izan daitezkeelako. Jokalariak baloia martxan jartzeko irrikatzen gaude .

Denboraldi arraro bezain ezohikoa duzu aurretik, ezta?
Bai, ikusiko dugu, hasi aurretik arazoak sortzen ari direla ikusi baitugu. Oraindik ez dakigu ziur hurrengo partiduak jokatzeko aukerarik izango ote dugun gauzak airean daudelako. Gure esku dagoen gauza bakarra, egoera normala izango balitz bezala, dena topera prestatzea da.

Aldi berean Liga eta Europako konpromisoei aurre egin ahal izateko talde indartsua behar da?
Noski. Talde polita dugu eta gazteak lan gogorra egiten ari dira. Orokorrean talde polita dugu eta hori pistan erakutsi ahal izatea espero dut.

Noraino nabaritzen duzue jokalariek jarraitzaileak harmailetan izatea edo ez?
Batez ere Artalekun jokatzen dugunean nabaritzen dugu jarraitzaileen babesa, kanpoko zelaietan zailagoa baita indar hori antzematea. Hala ere, badakigu gure indar handienetako bat Artalekuko jarraitzaileak direla. Nahiz eta batzuetan urrun egon, gertu sentitzen ditugu eta beraiengatik gure alde onena ematen ahaleginduko gara.

Nola laburbilduko zenituzke taldeak denboraldi honetarako markatu dituen helburuak?
Oraintxe buruan dugun helburu nagusi denboraldiko lehen partiduetara indarrez beteta iristea da. Pistara ateratzen garen bakoitzean gure helburua edonor irabaztea izan behar da. Talde irabazlea dugula uste dut eta gauzak nola aterako diren ikusteko dago.

Urte luzez ikusiko dute zaletuek Julen Aginagalde Bidasoa klubeko jokalarien artean?
Ikusiko dugu, izan ere, oraindik ez dakigula denboraldi hau nolakoa izango ote den. Momentuz asko disfrutatzen ari naiz, egokitzapena erraza izaten ari da Bidasoan, Irunen zein lan-taldean gustura aurkitzen naizelako. Hortaz, pausuz pausu joan beharko gara, amaiera aurreikuspenik egin gabe.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Online webgunean ikusgai dago.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude