San Marcial Kirol Klubak indartsu ekin dio bere lehen denboraldiari

Ekaineko hilabetearen inguruan guraso eta esperientziadun entrenatzaile talde bat elkartu zen hirian kirol klub berria sortzeko asmoarekin. Taldearen izena argi izan gabe, 20 pertsonez osaturiko lan-taldea martxan jarri zen kirol proiektu berria aurrera eramateko asmoz. Jokalarien zaletasuna entrenatzaileen esperientziarekin elkartuz, futbolaren diziplina eta adiskidetasunaz gozatzeko aukera eskaini nahi zaie hiriko gazteei.

Eva Otazo klubeko lehendakariordeak “abentura” moduan gogoratzen ditu klubaren sorrerarako lanean emandako udarako hilabeteak. Lehendakaria ordeak azaldu duenez, oso lagungarria izan da futbolaren munduan esperientziadun jendea alboan edukitzea proiektua aurrera eramateko. Hala ere, lehen urratsak udarako hilabeteetan ematea konplikatua izan zen, oporren ondorioz, prozesua motelagoa izan zelako, baina, kluba garaiz iritsi da denboraldi berria jolasteko.

Kluba martxan egongo den lehen urtea izan arren, 196 jokalarik jantziko dute San Marcial Kirol Klubaren kamiseta laranja eta urdina denboraldi honetan. Guztira, federatuen mailan, klubak 6 talde dauzka, jokalarien adinaren arabera kategoria ezberdinetan banatzen direnak. Hortaz gain, etxeko txikiek San Marcial klubaren eskolaren barnean dute futbolera jolasten ikasteko lehen aukera. Eva Otazo klubeko lehendakariordeak azaldu duenez, “klubean edozeinentzako lekua dago: bai futbolera jolastu nahi dutenentzat, zein proiektuan laguntzeko asmoa dutenentzat”.

“Klubean edozeinentzako lekua dago: bai futbolera

jolastu nahi dutenentzat, zein proiektuan laguntzeko asmoa dutenentzat”

Eva Otazo, San Marcial Klubeko lehendakariordea

Klubarentzako lehen denboraldia izan arren, orain arte jokatutako partiduetan, orokorrean, emaitza onak lortu dituzte San Marcial klubeko taldeek. Denboraldia prestatzeko, jokalariek aurre-denboraldian korrika asko egin behar izan dutela azaldu du lehendakariordeak, entrenamenduetarako zelaiak banatu arte. Helburuei dagokionez, emaitzak alde batera utzita, gauzak ondo egin eta funtzionamendura egokitzeko urtea dela adierazi du Eva Otazok.“Lortu dezakegun garaipen handiena datorren urtean jokalariek gure klubean jarraitu nahi izatea da”, gaineratu du lehendakariordeak.

Iraganarekiko fideltasuna
Klub berria izan arren, egia da iraganean Irune San Marcial izeneko beste talde bat existitu zela. Egungo klubaren zuzendaritzak azaldu duenez, ez dute inolako zerikusirik iraganeko taldearekin. Izena erabakitzeko orduan, inskripzioa egiteko unean izena libre egotea, baina, era berean, hiriarekin lotura estua edukiko zuen izena izatea bilatzen zuten klubaren zuzendaritzako kideek.

“Lortu dezakegun garaipen handiena datorren urtean jokalariek gure klubean jarraitu nahi izatea da”

Eva Otazo, San Marcial Klubeko lehendakariordea

Iraganeko klubarekin zerikusi zuzenik ez duten arren, omenaldi moduan, kluberako ekipamendua sortzeko orduan antzinako klubak erabiltzen zituen kolore berdinak erabiltzea erabaki zen: laranja eta urdina. Koloreei dagokienez, “partiduei begira, koloreen bitartez hiriko gainontzeko klubetatik erraz bereiztea garrantzitsua da ere”, azaldu du Eva Otazo, klubeko lehendakariordeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude