Lur-Alai Squash Klubak squasharen praktika normalizatzeko bidean jarraitzen du

Lur-Alai klubak Squash kirolaren praktika sustatzen du Irunen. Urtean zehar txapelketa ugari antolatzen ditu klubak. Esaterako, 2022a Taldekako Squash Txapelketarekin agurtu zuten eta 2023a Urte Berriko Squash Txapelketarekin hasiko dute. Urteko lehen txapelketa urtarrilaren 7an jokatuko da Artaleku kiroldegian eta klubetik bereziki sustatu nahi dute gaztetxoen eta emakumezkoen parte-hartzea. Gorka Arretxe Lur-Alai klubeko arduraduna da eta klubean antolatzen dituzten jardueren berri eman digu.

Nola joan zen urte amaierako txapelketa?
Azkeneko txapelketa ezin hobeto atera zen. Datorren urtean klubak 10 urte beteko ditu eta balantzea eginez, esan dezakegu azkeneko txapelketan denbora luzean lortu ez genituen gauzak lortu ditugula. Hau da, taldekako txapelketa bat antolatzen dugu Gabonen bezperan, jendeak euren arteko harremanak izateko aukera izan dezan. Taldeak guk osatzen ditugu maila ezberdinetako jokalariak nahastuz, taldeak parekatzeko. Sortutako taldeak oso askotarikoak izan dira txapelketan haurrek eta gizon eta emakume helduek parte hartzea lortu dugulako. Squasha kirol inklusibo eta adin mugarik gabea izatea lortu dugu.

Erraza da jendea squashera erakartzea?
Squasha areto barneko kirola denez, zailagoa da kirol modalitate hau ikusaraztea. Kluba hasi aurreko hamarkadetan Squasharekin loturik ezer gutxi egin denez, jendeak ez daki zer den. Esaterako, Eskola Kiroleko haurrak bisitan etortzen direnean harrituta geratzen dira, beraientzako frontoi normal bat delako eta aurretik ikusi ez duten zerbait delako. Kirola ezagutarazteko horrelako programetan parte hartzen saiatzen gara, kartelak egiteaz eta txapelketa irekiak antolatzeaz gain. Pixkanaka jendea erantzuten hasi da eta orain gure helburu nagusia umeak eta emakumeak erakartzen jarraitzea da, klubean gutxi dira eta.

Azken hamar urteetan izan al du squashak bilakaeraren bat?
Egoera zeharo aldatu da. Squasha sustatzeko lan handia egin dugu eta gure helburua lortu dugu. Hasieran gure bazkide gehienak beraien gaztaroan squashean ibilitakoak ziren eta pixkanaka beraien senideak erakarri dituzte. Horrela, klubeko adin maila gaztetuz joan da. Esaterako, Eskola Kirola programaren bitartez orain hamabost bat haur ditugu eta goranzko joera hartzen ari gara.

Squasha gaztetxoenen artean sustatzea funtsezkoa da, ezta?
Erabat ados nago. Eskola Kirolaren bidez ere squasha eskoletara sartzen ari dela ikusten ari gara, gure kirolari txikiek praktikatzen duten kirolaz hitz egiten duten heinean. Haurrentzat zerbait berria denez harrotasunez erakusten dute, lagunei erraketak nolakoak diren eta nola jolasten den azalduz. Dena den, askotan ez da erraza squasha haurren agendan sartu ahal izatea, astean zehar ekintza asko baitituzte, baina behintzat erakargarria zaiela ikusi ahal izan dugu.

Txapelketak antolatzeaz gain, ekintzen hedapena egitea ere beharrezkoa izango da?
Egia da txapelketetan ez dugula ikusle askorik, izan ere, kiroldegian ez baita txapelketak ikusteko sarbidea errazten eta pisten arteko korridoreetan ez da jende gehiegi kabitzen. Hala ere, urtean zehar 6 eta 8 txapelketa antolatzen saiatzen gara, horien berri emateaz gain. Maila desberdinetako txapelketak izan ohi ditugu. Badira soilik kirolari federatuentzako txapelketak eta baita federatu gabeko kirolarien parte-hartzea onartzen dutenak ere. Orokorrean, antolatzen ditugun txapelketa gehienak herrikoiak dira. Ahal bezain beste txapelketa antolatzen saiatzen gara, jendea squasharen praktikara ohitzeko eta txapelketetan izen emateko beldurra galdu dezaten. Izan ere, jendeak askotan serioegi eta eskuraezinegi ikusten ditu lehiaketak, baina behin beldurra galduta, jendeak oso ondo pasatzen du eta asko disfrutatzen du partiduez.

Dagoeneko 2023. urteko lehen txapelketa izango dena prestatzen ari zarete?
Bai, urtean gutxi gorabehera txapelketa berdinak antolatzen ditugunez, nahiko erraza da horien prestaketa. Hasieran zailagoa zen, ez baikenekien gauzak nola egin behar ziren. Txapelketa bat antolatzen dugunean normalean inguruan dauzkagu squash talde eta jokalarien artean zabaltzen dugu deialdia. Jende berria erakartzen ere saiatzen gara, baina hori zailagoa izaten da. Txapelketa egitekoa den aste berean jakin ohi dugu parte-hartzaileen kopuru zehatza eta horren arabera antolatzen dugu partiduen koadroa.

Beraz, hurrengo txapelketa urtarrilaren 7koa izango da, noski.
Bai. Normalean partidu guztiak goizean zehar jokatzen ditugu eta lau pista irekita edukita partidu dezente jokatu daitezke. Esaterako, 30 jokalari izanda, bakoitzak 3 partidu jokatzea ziurtatzen saiatzen gara. Goizean kirola egin ostean, elkarrekin bazkaltzen dugu eta arratsaldea ere elkarrekin ematen dugu.

Nortzuk parte hartu ahalko dute txapelketa horretan?
Beti egiten dugun bezala adin guztietako gizon zein emakumeentzat irekita egongo da txapelketan parte hartzeko aukera. Hain zuzen ere, hori normalizatzea gustatuko litzaiguke, squasha kirol maskulinizatua baita. Kanpotik kirol zakarra edo bortitza dela iruditu dezake, baina ez da horrela. Taldea osatzerakoan, bai, adinak errespetatzen ditugu, umeek umeen kontra eta helduak helduen aurka jokatu dezaten eta mundu guztia eroso sentitu dadin. Bakoitzak nahi duen garrantzia ematen die txapelketei, nahiz eta guk, antolatzaile gisa, jendeak ondo pasatzea baino ez dugun lehenesten.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude