Irun Futsal Gabarrari areto futbol taldeak bere bigarren denboraldiari ekin dio aurten. Urtebete igaro da kluba zerotik hasi eta martxan jarri zutenetik, eta beraz, jokalari eta taldeko kopuruak gora egitearekin batera, helburuak ere aldatu egin dira. Denboraldi berrian, kirol errendimenduari begiratzeaz gainera, jokalarien prestakuntza egokia ondo landu nahi dute. Mikel Artetxe eta Ibai Lazkano taldekideak klubean ikusten dituzten erronkez mintzatu zaizkigu.
Kluba martxan jarri ostean, nolakoa izan da lehen denboraldia?
Mikel: Egia esan, zaila, oso zaila, batez ere, kirol arloan ahalegin handia eskatu duelako. Klubera batu ziren gazteetako askok ez zuten aurretik inoiz areto futbola probatu, hortaz, kirolarien joko mailan hainbesteko desberdintasuna egonda zaila izan da. Hala ere, hasieratik argi izan genuen hori ez zela lehen denboraldi horretan garrantzitsuena izango, beraz, beste alderdi batzuk garatzen jardun dugu. Adibidez, bi txapelketa antolatu genituen eta oso ondo joan ziren. Sozialki ere lan asko egiten saiatu gara, eta beraz, horrekin geratzen gara.
“Ligan ere ondo hasi gara, jokatutako lehen bost partiduetatik guztiak irabazi baititugu”
Ibai Lazkano, Irun Futsal Gabarrari klubeko jokalaria
Klubaren lehen urtea izanda, kirola ezagutarazteko lan asko egin behar izan duzue?
Mikel: Bai, horretarako, batez ere, sare sozialak erabili ditugu eta gure klubaren zutoin garrantzitsu bat bihurtu dira. Klubak hazten jarraitzeko sare sozialak ondo landuak izan behar dituela uste dugu. Alde horretan gogor lan egin dugu eta emaitzak ikusi ditugu, hazkundea nabaritu dugu eta. Horretaz gain, ekitaldiak, txapelketak eta zozketak antolatzea ere oso garrantzitsua da.
Gaur egun, zein da klubaren egoera?
Ibai: Gaur egun hiru talde ditugu. Kadeteen talde bat dugu, gazteen beste talde bat eta azkenik, hirugarren maila erregionalean lehiatzen den taldea. Gure taldean, erregionalean, 15 mutiko inguru gara; kadete eta gazteetan berriz, apur bat gutxiago.
Bigarren denboraldi honetarako bestelako helburuak izango dituzue, ezta?
Ibai: Erregional taldekoek aurten bigarren mailara igotzea lortu nahiko genuke. Izan ere, denboraldiaren lehen fasea ondo hasi dugu eta hori lortzeko aukerak ikusten ditugu.
Mikel: Harrobiaren kasuan helburua beste bat da, maila ere ezberdina delako. Asko ez dira inoiz futbolean jolastu, ez 11 jokalarikoan eta ez areto futbolean, eta beraz, oraindik jokatzen ikasi behar dute. Hortaz, harrobiak kirolaz disfrutatu behar du, oinarri on bat hartu eta pixkanaka ikasten joateko. Kirola alde batera utzita, sozialki aurten gure helburu handiena Irunen areto futbola ahalik eta gehien hedatzea izango da. Jendea Artalekura gu jokatzen ikustera etortzea nahi dugu.
Nolakoa izan da aurtengo denboraldi hasiera?
Ibai: Denboraldiaurrean oso ondo ibili ginen, denborarekin hartu genuelako eta lasai ibili ginen. Dena oso ondo zehaztua zegoen eta gauzak ondo atera ziren. Partiduetan beste maila batzuetako taldeen aurka lehiatu ginen eta besteen maila neurtzeko aukera eman zigun horrek. Ligan ere ondo hasi gara, jokatutako lehen bost partiduetatik guztiak irabazi baititugu. Hortaz, harro gaude taldeaz.
Kirola ezagutarazten jarraitzeko, zer ekintza antolatzea pentsatu duzue?
Mikel: iaz antolatutako bi txapelketak oso arrakastatsuak izan zirenez bide beretik jarraituko dugu. Lehena abenduan egin genuen, San Tomas egunean, 130 parte-hartzaile izan genituen eta dena ondo atera zen. Bigarrenean, denbora gehiago izan genuenez, bi kategoria antolatu genituen: seniorrak eta juniorrak. Guztira, 230 parte-hartzaile izan genituen. Bigarren txapelketa hori Uranzu pilotalekuan egin genuen eta gure babesle guztiek parte hartu zuten bertan, beren ekarpen handia eginez. Joan den urtean kanpus bat antolatu genuen eta aurten dugun kimuen taldea bertan sortu zen. Gainera, bizpahiru auzoetako festetan ere antolatu ditugu txapelketak, jendeak areto futbola ezagutzeko beste modu bat izan direnak.
Klubean jokalari berriak hartzeko prest zaudete?
Mikel: Gaur egun dauzkagun jokalari guztiek horrelako ekintzak antolatzeari esker ezagutu gaituzte. Izen-emateari dagokionez, gazteen eta erregional mailetan izena emateko aukera dago oraindik. Kimuetan, ez ordea.
Nola antolatzen dituzue zuen entrenamenduak?
Ibai: Gaur egun Beran entrenatzen dugu astelehen arratsaldeetan, hirian pistak lortzeko zailtasunak izan ditugulako. Entrenamenduak arratsaldeko 20:15ean hasi eta 22:00ak arte izaten dira. Berako kiroldegian entrenatzen dugu eta oso eskertuak gaude ematen diguten aukera honengatik. Asteazken eta ostiraletan, berriz, Artalekun entrenatzen dugu 21:15etik 22:30ak arte.
Beraz, pistak lortzeko zailtasunak zuen partidu eta entrenamenduak guztiz baldintzatzen ditu, ezta?
Mikel: Alde horretatik, lehen urtea arlo honetan oso zaila izan zen. Kalean entrenatzen hasi ginen, Mendeluko pista batean, baina euria egiten zuen gehienetan entrenamendurik gabe geratzen ginen, horrelako baldintzetan animoak lortzea ez baita beti erraza. Pixkanaka La Sallen tokia egin ziguten, baita Artalekun ere, astean bitan. Gaur egun Artalekun finkatzen saiatzen ari gara, baina oso zaila da, Irunen klub asko garelako dauden pista gutxietarako. Beraz, erregional mailako partiduak Artalekun jokatzen ari gara, ostiraletan 21:30ean. Horretaz gain, Uranzu pilotalekuan eta Toki Alai ikastetxean ere lortu dugu tokia. Baina, horrekin nahikoa ez zenez, Berara joan behar izan dugu eta bertan oso ondo hartu gaituzten arren, etxetik gertuago jokatu ahal izan nahi genuke.
“Ohiko futbolarekin alderatua oso ezberdina da, neurriez gain, ohiko futbola oso fisikoa da eta areto futbola berriz, teknikoagoa”
Mikel Artetxe, Irun Futsal Gabarrari klubeko jokalaria
Mutilen taldeez gain, nesken talderen bat sortzeko asmoa duzue?
Mikel: Asmoa badugu eta saiatu ginen arren, ez genuen lortu. Kimuen kategoriako nesken talde bat sortzen saiatu ginen eta ikastetxeetan neskak parte hartzera animatzen zirela zirudien, baina azkenean ez genuen lortu. Ohiko futbolarekin alderatua oso ezberdina da, neurriez gain, ohiko futbola oso fisikoa da eta areto futbola berriz, teknikoagoa. Beraz, oraingoz zaila ikusten dugu, baina etorkizunean berriro saiatuko gara.
Etorkizunean pentsatuz, kluba zein norabideetan haztea nahiko zenukete?
Ibai: Gure helburu nagusia kluba geroz eta gehiago haztea da, bai jokalari mailan bai talde mailan. Beraz, nahiko genuke geroz eta jende gehiago animatzea areto futbolaz gozatzera. Horretaz gain, gure jokalariak geroz eta hobeto prestatu nahiko genituzke eta aurrerago animatzen badira, baita neskak ere.
Mikel: Erreferente bat izatera iritsi nahiko genuke, Gipuzkoan zein Euskadi mailan talde sendo bat sortuz. Horrela, ahal den heinean, arian-arian kategoriaz igotzen joan nahi dugu. Lan handia dugu aurretik, ordea, baina pixkanaka hobetzen saiatuko gara.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.