Gladius taldeak adin guztietako pertsonei esgrima praktikatzeko aukera eskaintzen die

Gladius taldeak Irungo Artalekuko kiroldegiko bazter batean esgrima praktikatzen du. Gladius klubean adin guztietako kirolarientzat lekua dago eta maila desberdinetan lehiatzeko aukera eskaintzen du. Alex Prior Gladius klubeko entrenatzaileak azaldu duenez, kluba duela lau urte sortu zen lau kiderekin eta egun 20 bazkide inguru dauzka.

Gutxik dakite Irunen esgrima talde bat dagoela, ezta?
Orain dela 4 urte hasi ginen esgrima taldearekin eta pixkanaka jendeak ezagutzen ari gaituela ustu dugu, kostata, baina, horretan ari gara.

Nola sortu zen Gladius taldea?
Taldea sortzeko beharra ikusi genuen, bertan ikastaroak antolatu ohi zirelako, baina, ikastaro horietarako sarbidea adinaren arabera mugatuta zegoen. Gure helburua esgrima zabaltzea eta adin guztietako jendeari esgrima ezagutu eta praktikatzeko aukera ematea zen. Kirol nahiko ezezaguna izanda adinaren aldetik ere murrizten bada, gero eta jende gutxiago animatuko da kirol honetan aritzera. Bestetik, taldea osatzeko jende nahikoa genuela ikusita taldea osatzeko pausua ematea erabaki genuen.

Zenbat kiderekin hasi zineten?
Lau pertsona hasi ginen, hau da, talde sortu ahal izateko ezinbestekoak eta orain taldea 16-20 pertsonez osaturik dago.

Pixkanaka geroz eta ezagunagoak zaretela ikusten ari zarete?
Bai, ez da erraza eta are gutxiago egun bizi dugun egoera honekin, baina, pixkanaka aurrera egitea lortzen ari gara.

Zeintzuk dira esgrimaren oinarriak?
Jendeak esgrima pelikula bateko ezena balitz bezala imajinatzen du. Esgriman helburu nagusia gure aurkaria ukitzea da eta hiru modalitate daude: ezpata, floretea eta sablea. Hemen Irunen sablearen modalitatea praktikatzen dugu batez ere. Modalitateen ezberdintasun nagusia uki daitekeen gorputz-atalean dago. Ezpatarekin gorputz osoa ukitu daiteke, floretearekin bularra eta sorbaldak eta sablearekin gerritik gora.

Askok galdetuko dizuete ea esgrima praktikatzeak mina ematen ote duen, ezta?
Bai, hori izan ohi da jendearen kezka nagusia eta ez, oso ondo babestuta gaude jakatxo, maskara eta eskularruekin. Babes-jantzi bereziak dira eta urte guzti hauetan ez dugu inolako arazorik izan.

Erraza da esgrima praktikatzeko materiala lortzea?
Ez, taldeak klubeko kideei esgriman aritzeko material guztia uzten die, nahiz eta jendeak denbora luzez kirol hau praktikatzen duenean haien material propioa erosi ohi duen. Lehen ez zen haien erraza esgrimako materiala saltzen zuten kirol-dendak topatzea, baina, egun Decathlon bezalako dendetan edo internet bidez erraz eskuratu daiteke.

Zein mailako txapelketetan lehiatzen dira taldeko kideak?
Orain arte, batez ere, Euskadi mailan eta azken bi urteetatik ona ere estatu mailan lehiatzen hasi gara, taldeko txikiak barne. Orain mundu mailako txapelketan lehiatzen hasiko gara.

Nolako eragina izan du pandemiak klubaren fun- tzionamenduan?
Klubeko kirolari guztiak federatuak daudenez, egia esan, ez dugu gehiegi nabaritu pandemiaren eragina. Hala ere, Nafarroa edo Hendaiakoak diren kide batzuk ditugu eta momentuko murriztapen neurrien ondorioz ezinezkoa zaie guregana etortzea. Apurka-apurka egoera normaltasunera itzultzea eta horrela mantentzea lortu nahiko genuke.

Kluba handitzen jarraitzeko leku egokiago bat beharko zenukete?
Bai, hemen ondo gaude, batez ere, jende askok beiratetik ikusten gaituelako. Esgrimako pistak falta zaizkigu, hau da, lurrean markatutako marren bitartez mugatuta daudenak.

Zu zeu Espainiako Selekzioan Esgrima Egokituko sekziorako sailkatu zara, ezta?
Bai, horixe da. Hemendik bi astera Espainiako Txapel- ketan parte hartuko dut eta, ondoren, Tokiora joateko sailkapen-probekin hasiko gara. Europako Txapelketa Hungarian egingo da eta bi Munduko Kopa, bata Brasilen eta, bestea, Polonian.

Esgrima Egokitua gurpil-aulkian praktikatzen duzue. Zailagoa da horrela?
Baietz esango nuke, zutik zaudenean aurrera edo atzera mugitzeko oinak erabiltzen dituzulako, baina, gurpildun aulkian zaudenean erreflexuak dira garrantzitsuena eta erreakzio-denboran dago gakoa.

Zeintzuk dira Txapelketa horietarako dauzkazun helburuak?
Espainiako Txapelketa irabaztea gustatuko litzaidake eta Munduko Txapelketak beste gauza bat dira, maila oso altua delako, baina, Europa mailan dominen bat lortu nahiko nuke. Orain arte 20 urte azpiko mailan 2013. urtean Munduko Txapelduna izatea lortu nuen, baina, Senior kategoriak jendeak maila gehiago duela nabari da.

Zer beharko luke Gladius klubak egonkortzeko?
Batez ere, jendea guregana hurbiltzea, esgrima probatzea. Nire ustez, behin probatuz ziurrenik gustuko izango dute eta gurekin geldituko dira. Behin hori lortuta, gainontzekoa bakarrik etorriko da.

Emakumeei dagokienez, zenbat dira klubean?
Gure 20 kideetatik 3 emakumeak dira eta klubera emakume gehiago hurbiltzea gustatuko litzaiguke. Dena den, orokorrean, pixkanaka esgriman emakume gehiago dabiltzala nabari da. Gu talde txikia garenez hori lortzea ere kostatzen ari zaigu, baina, etorkizunean emakume gehiago klubera batzea lortuko dugula uste dut.

 

Elkarrizketa osoaren bideo Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude